«Gasteizko Kafe Antzokia: asmoak gauzatzeko unea da» -Lazarraga Kultur Elkartea-
Urtarril honetan beteko dira 9 urte Gasteizko Udalean euskara ardatz izango zuen azpiegitura kultural bat sortzea aho batez erabaki zela. Alde Zaharrean kokatuko zela agindu zuten, eta geroztik hainbat pauso eman diren arren, Gasteizko euskaldun eta euskaltzaleok oraindik ez dugu Kafe Antzokiko ateak zeharkatzerik izan. Ezagun da Oihaneder Euskararen Etxea martxan dela Montehermoso jauregian, baina egitasmo osoa oraindik garatzeke dago; euskal kulturaren erakuslehio eta euskaltzaleen topagune izango den kulturgune integrala osatzeke dago, alegia.
2016ko uztailean egungo Udal Gobernuak Gasteizko Kafe Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxea (GKA-OEE) proiektua Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian gauzatzea proposatu zuen, eta Lazarraga Kultur Elkarteak (LKE) begi onez ikusi zuen, nahiz eta Auzolana frontoiaren auzia argitu beharreko kontua zen.
Proposamen horrek urtea egin zuenean LKE-k egitasmo honek beharko lukeen izaera juridikoa, kudeaketa eta diru iturriak aztertzeko lan-taldea osatzea proposatu zuen Euskara Elkargunean. Horrela onartu zuten gainontzeko talde euskaltzaleek eta Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, eta 2017ko urrian ekin zitzaion zeregin horri LKE-k aurkeztutako lan-dokumentu bat oinarri zuela.
Honako hauek izan dira orain arte lan-talde honen helburuak:
1. Obrak hasi aurretik Udalak erabakita izatea proiektu osoaren nondik norakoak, hau da, GKA-OEE egitasmoak beharrezkoa duen izaera juridikoa, kudeaketa eredua eta diru-iturriak zehaztuta izatea.
2. Gasteizko Udalbatza osatzen duten talde guztien ekarpenak jasotzea eta proiektuarekiko engaiamendua lortzea, hau da, orain arte erakutsitako erabateko aldekotasuna mantentzea.
Izan ditugun sei bileretan hiru arlori buruzko proposamen zehatzak egin dira. Izaera juridikoari dagokionez: fundazio bat osatzea; espazioen gaineko azterketaz: zenbat, nolakoak eta zertarako erabili nahi diren hausnartu da; eta diru-iturriak direla-eta: oinarrizko aurrekontu bat aztertu eta diru-iturri ekarpen ezberdinen banaketa proposatu da.
Ondorioak
Udal talde ezberdinak osatzen dituzten ordezkariek iruzkinak egin dituzte dokumentuaren gainean, eta sei bileretan zehar iritzi ezberdinak entzun dira. LKEk lau ondorio nagusi atera ditu bilera horietatik:
· Udal talde guztiek jarraitzen dute GKA-OEE proiektua babesten
· GKA-OEE noiz eta nola egingo den hurrengo hilabeteetan zehaztu behar da
· Egitasmoaren izaera juridikoa eta finantziazioa lotu behar dira obraren kronogramak aurrera egitearekin batera
· LKEk aurkeztutako lan-dokumentuan proposatutakoak, aldaketak aldaketa, lanean hasteko oinarri nahikoa dira.
Proposamenak
Gauzak horrela, eta adostutako helburuak lortze aldera, LKE-k proposamen zehatz hauek egin dizkie udaleko ordezkari politikoei:
· Lantaldeari 2018an jarraipena ematea. Horretarako GKA-OEE egitasmoaren jarraipen batzordea litzatekeena osatzea. Hilean behin bilduko litzateke, eta obren kronogramak aurrera egin ahala batzorde horrek horrela betetzen dela ziurtatu beharko luke; horrekin batera izaera juridikoa eta diru-iturriak nolakoak izan behar duten zehaztuko litzateke
· Fundazio bat osatzeko beharrezkoak diren pausoak zeintzuk diren aztertzea: Fundazio publikoa? Fundazio pribatua? Aukera guztiak baloratzea
· Fundazioan parte hartu dezaketen erakundeak eta eragile pribatuak identifikatzea eta beraiekin harremanetan jartzea
· Egitasmoaren bigarren fasea irudikatzen hastea, eta GKAren fasea aurrera joan ahala, Euskararen Etxea Eskoriatza-Eskibel jauregian kokatzeko proposamena zehazten joatea.
Konpromisoak hartzeko unea
Egitasmo garrantzitsu hau sustatzen ari den LKE-k uste du urte hau erabakiorra izan behar dela egitasmoarentzat. 2018a izan behar da Gasteizko hiritarrek nolako Kafe Antzokia izango duten jakin beharreko urtea. Denbora aurrera doa, baita legegintzaldia ere, eta alkateak zein Udal Gobernuak beren hitza betetzeko unea iritsi da.
2017ko uztailean egin zen Euskara Elkargunean Gorka Urtaran alkatea konprometitu zen lantalde honen lana amaitu ondoren proposamen zehatz bat egitera. GKAren lanek behar dituzten indusketak hastearekin batera, mahaigainean egon beharko litzateke proposamen hori, eta 2018ko udako oporren aurretik proiektu sendo eta zehatz bat aurkeztu behar zaio Gasteizko hiritarrei, hau da, Gasteizko Kafe Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxea bere baitan hartuko duen egitasmoaren hezurdura osatua nolakoa izango den erakutsi behar zaie.
Hiru urte daramatza Oihaneder Euskararen Etxeak martxan, eta publikoaren nahiz eragile euskaltzaleen erantzunak egitasmoaren beharra azpimarratu du; Gasteizen euskara ardatz izango duen proiektu kulturala erabat beharrezkoa da bertako euskaldun eta euskaltzaleek beren hizkuntza funtzio guztiak betetzera zabal dezaten, komunitatea trinkotu eta erabilera hauspotu dadin.
Euskararen aldia da, eta har dezala arnas!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!