Gasteiz Green Capitalen X. urteurrena: hiriaren hegoaldeko auzoetan ez dugu ezer ospatzeko
Adurtzakoak Auzo Elkartea, Ikasberri, Olarizuko Gazte Asanblada eta Iturritxu3ez plataforma
2022 urtean hamar urte beteko dira Gasteiz European Green Capital izendatu zutenetik. Hori ospatzeko, Gasteizko Udalak hainbat ekitaldi antolatuko ditu; izan ere, Gorka Urtaran alkatearen esanetan, «titulu horrek, aitortza adierazteaz gain, bultzada handia eman die Gasteizko jasangarritasun-politikei eta, hedaduraz, lurraldekoei zein Euskadikoei».
Baina jasangarritasun-politika horiek ez dira iritsi hiriburuaren hegoaldeko auzoetara, eta inguru honetan gauzatu diren proiektuek ez dituzte lehendik geneuzkan arazoak kopondu; are gehiago, larriagotu egin dituzte:
Oraindik ez dugu konponbiderik Iturritxu eta Zumabide kaleetako gehiegizko trafikorako: egunean 20.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira bertatik, baita trafiko astuna ere, hiru ikastetxeren eta Eraztun Berdearen ondo-ondotik, eta horrek dakarren ingurumen kutsadura eta kutsadura akustikoa salatzen urteak daramatzaten bizilagunen etxeetatik oso gertu.
Gainera, arazoa arintzeko edo konpontzeko neurriak hartu beharrean, inguruetan azpiegiturak eta elementuak gehitzen jarraitzen du gobernu-taldeak, eta, ondorioz, gero eta ibilgailu gehiago pilatzen ari dira kale horietan. Hala gertatu da duela gutxi, BEI martxan jartzean, eta hala gertatuko litzateke, tranbiaren garajeak inguru honetan jarriko balituzte azkenean. Horrez gain, zonaldea masiboki urbanizatzea ahalbidetzen ez ezik, errazten ere ari da udala, enpresa pribatuen onurarako eta hegoaldeko auzoetan bizi garen pertsonen osasunaren eta segurtasunaren kaltetan.
Hori guztia gutxi balitz bezala, inguru horretan bertan, Jauregilanda kalean, gasolindegi bat jarriko dute ikastetxe batetik eta haurtzaindegi batetik 50 metro eskasetara, batez ere haurrek erabiltzen dituzten kirol-instalazio batzuetatik oso gertu, Iturritxu kaleko trafiko masiboa jasaten duten bizilagunen etxeetatik hurbil, eta flora eta fauna espezie ugari bizi diren Eraztun Berdearen ondo-ondoan. Gasolindegi hori, gainera, zonalde honetako bosgarrena izango da, eta, beraz, ez da inondik inora beharrezkoa.
Egoera horren aurrean, Urtaran alkateak auzoarekiko enpatia adierazi zuen hainbat komunikabidetan, eta, esan zuen, halaber, ezin zuela ezer egin, baimen-eskaerak lizentzia emateko baldintza guztiak betetzen baititu.
Horri dagokionez, esan beharra dago gobernu-taldearen aurreikuspen faltagatik ez balitz ez genukeela arazo hau izango; izan ere, nahiz eta jakin industria-lurzati bat zegoela eta pertsonen segurtasunerako eta osasunerako kaltegarriak diren jarduerak kokatzea zegoela, ez zuen aurreikusi lursail horren erabilera aldatzea HAPOren etorkizuneko aldaketan. Are gehiago, hegoaldearekiko enpatia duela eta politika jasangarriak gauzatzen dituela dioen gobernu-talde horrek baztertu egin ditu hiriko eremu honetan edo beste batzuetan antzeko egoerak errepika ez daitezen beharrezko neurriak hartzeko oposizioko bi alderdik aurkeztutako proposamenak.
Horregatik guztiagatik, Gasteiz Green Capital izendatu zutenetik hamar urte igaro direnean, hegoaldeko auzoek ez dugu ezer ospatzeko, eta berriz ere aldarrikatu nahi dugu hiri honek eta auzo hauek benetako politika jasangarriak behar dituztela, ikuspegi globala eta epe luzekoa duten neurriak, pertsonen osasuna eta segurtasuna interes ekonomiko hutsen aurretik jartzen dutenak, eta premiazkoa dela gaur egun dauden arazoak konpontzeko eta etorkizunean sor litezkeenak prebenitzeko neurriak hartzea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!