Gabonak eta gero
Joan dira Eguberri egunak. Gehienontzat kurtso erdiko jai egun hauek berriz indartzeko unea izaten dira, opor atsegin batzuk. Baina, ondo dakizuen bezala, festa egunok Mendebaldetik mundu osora esportatu diren ospakizun erlijiosoak dituzte jatorrian. Hain zuzen, Jesusen jaiotzaren ospakizuna dira.
Jesusen abenturak haren jarraitzaileek idatzitako liburu batzuei esker ezagutzen ditugu: ebanjelioak. Ordea, Jesus bizi izan zen sasoiko historialari eta kronisten liburuetan, oso gutxi, ia ezer ez da esaten hari buruz. Aipamen garrantzitsuena Flavio Josefok egindakoa da.
Flavio Josefo oso pertsonaia interesgarria da. Juduen aristokraziaren baitan jaio zen. Erromatarrak bere herrialdean sartu zirenean aurre egin zien, baina galtzaile eta bizia galtzeko zorian izan ondoren, itxura denez, nahiago izan zuen erromatarren munduan toki on bat bilatu, erromatar aristokraten artean. Inperio berriaren hiriburura joan zen bizitzera, Erromara, eta bertatik idatzi zituen bere liburuak, oso liburu garrantzitsuak gaur egungo erromatar garaiko historialarientzat.
Bada, Juduen antigualekoak liburuko pasarte batean, garai hartako historia liburuetan ageri den Jesusen aipamen bakarrenetako bat irakur daiteke: «Santiago, Kristo deitua zen Jesusen anaia…». Ondo aipamen xumea, zeharkakoa, ikusten duzuen bezala. Izan ere, garai hartako agintarientzat, garai hartako gerra ikaragarrien artean, Kristo deitzen zuten Jesusen istorioak ez zuen oin-ohar baten lerro laurden baino gehiago merezi. Nahigabe bezala aipaturiko pasadizo txiki-txikia, gauza serioekin zeharkako lotura baino ez zuena.
Artean, ez ziren jabetzen pasadizo hura une batetatik aurrera erdigune bihurtuko zenik, ezta lurralde hark emango zuen zeresanaz ere. Erromatarrek ez zekiten konkistatzen ari ziren lurraldearen azala geroago ere lubakiz josiko zenik, etengabe, eta zulo bat beste baten gainean egingo zenik, etengabe. Oraintxe bertan, ni lerro hauek idazten ari naizen bitartean, bonba hiltzaileekin zuloa sakontzen ari dira, eta gorputzez estaltzen.
Garai hartan, Flavio Josefok, Santiagoren anaiaz akordatu zenean, ezin zuen imajinatu ere, hainbeste mende eta gero, Jesus horren jaiotza ospakizun izango zenik. Gainera, zer dela eta jaiotza bat ospatu? gure zibilizazioan askoz gehiago hitz egiten baita, izan ere, heriotzari buruz. Filosofo guztiek daukate heriotzari buruzko bere liburua. Pentsamendu asko eskaini dizkiote heriotzari. Aldiz, hau bai bitxia, kristau gehienentzat ez da bihurtu bere fundatzailearen heriotza festa-egunik garrantzitsuena, baizik eta bere jaiotza.
Are bitxiagoa da kontua erreparatuz gero ebanjelio kanonikoetan -hau da, Joan, Markos, Lukas eta Mateorenetan- , hain zuzen ere, Jesusen heriotzak askoz garrantzia handia daukala. Beste nonbait dago bilatu beharra iturria, kanonetik kanpo: Ebanjelio apokrifoetara jo behar da Jesusen jaiotzari buruzko kontakizun ederrenak topatzeko… Zer gertatu zen orduan? Ebanjelio guztiak, kanonikokoak zein ez, Mediterraneo inguruko lurraldeetan bizi ziren kristau taldeen artean zebiltzan kontakizunak ziren. Eta istorio eta jazoera haietan, Mariari zegozkionak izaten ziren arrakastatsuenak entzuleen artean. Jendeak Mariaren amari buruzkoak entzutea maite zuen, haren jaiotzari buruzkoak, bere haurdunaldiari buruz, eta bere semearen jaiotza egunaren ingurukoak. Ohituraren indarrez Gabon gaueko ospakizunak indarra hartu zuten, eta azkenean, ofizializatu.
Zeren, pentsatzen jarrita, ba al dago jaiotza bat baino ospatzeko alaiagorik ezer? Ba al dago modu hoberik mirari baten lekuko izateko? Dudarik gabe, oraintxe bertan, beti gertatu den bezala, aldaketa ekarriko duen norbait jaioko da nonbait. Eta gertaera xume eta kokagaitz hori istorio garrantzitsu bihurtuko da.
Agian, diodan honi gehiegizko xalotasuna dario. Baina, zer egingo diogu, hauxe da, ba, egun hauetan ateratzen zaidana: Bizitza guztiei, berri zein zahar, itxaropena opatzea, eta zuei 2024 urte hau aurrekoa bezain ona, hobea edota askoz hobea izan dadila opatzea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!