«Fetitxeak» -Oier Azkarraga-
Gaurkoan fetitxeen inguruan hitz egiteko asmoa dut Araba Hizpide honetan, fetitxeak gurean ere oso ohikoak direlako, eta guk Herri Mugimenduan jarduten garen horiek, hitz fetitxeak ditugulako, asko gainera.
Hasi gaitezen lehenengo hitz fetitxeagatik: Herria. Herria da gurean hitz gakoa, herri esan gabe ez dago gurean egiten dugun hori definitzerik, dena da herri. Herri bazkaria, herri programa, herri jakintza, herri eskola… dena herri herria definitzeko zailtasun erraldoiak dugun lurraldean.
Gazteria ere bada hitz potolo bat, euskal gazteria aurrera! Baina zer da ba euskal gazteria? Zein sujeto abstrakto hori? Zer da gazte izatea?
Garai batetan, Herri-rekin lotuta, Euskal eta langile hitzak kokatzen ziren, Euskal Herri Langilea, horiek ginen gu, hori gure subjetua, gure proiektuarekin identifikatzen ez ziren euskal langile eta herritar ugari kanpoan gelditzen baziren ere.
Gure hiztegi historikoa abandonatu dugu, aspaldi hasi genion bideari, eta egun ez dago gure txosten, panfleto, ponentzietan, halako hitzak topatzerik. Ez herri, ez langile, ez sozialismo, ez klase, ez iraultza.
Sortuko dira besteak zioen abestia eta horrela berriro ere topatu ditzazkegu hitz fetitxeak, orain dena da iraultza, dena da klase, dena da sozialismo eta dena da kapitalismo. Hitz potoloak darabilzkigu eta bitartean hitzen zentsua galdu dugu.
Sistemak gure borroka eta gure hiztegiak lapurtu dizkigu, asimilatu, bere egin. Revolution-ari da edari bat, arropa bat, programa bat. Euskal eta txapela jarri diote, jaten dugun belarrari eta edaten dugun esneari.
Kaleari pultsua galdurik, hiztegiari botatzen diogu errua eta beraz hitzekin tematzen gara, behin eta berriz zuzenketak egin, eta behin eta berriz ezabatuarazi. Batzuk beldurragatik edo ez dituzte erabiltzen, eta beste batzuk ausentziaren beldur, esaldiro txertatu behar direla uste dute.
Arazoa ordea ez dago hitzetan, ez da iraultzaileagoa iraultza hitza behin eta berriz erabiltzen duena eta ez da klaseagoa, klase hitza behin eta berriz, bere unibertsitateko erosotasunetik erabiltzen duen intelektuala.
Eta noski, ez da herritarragoa, bere poltronatik hitz egiten diguna edo alderdiko bulegotik, teorizatzen duena, aspaldi ahazturik herrian kartelak nola kokatzen diren, auzolanean nola jarduten den edo turnoa nola egiten den.
Bidea eginez ibiltzen den bezala, herria ekinez eraikitzen da, fetitxismoak alboratu gabe, maite ditugun hitzak ahaztu gabe, ordezkatzen gaituen hiztegia alboratu gabe, baina ekinez, txikitasunetik eta tinkotasunetik. Umiltasunetik, eta ez inori lekzioak emango dizkiogula sinistuta, lekzio handienak jasotzen ditugunak direlako, inoiz ponentzia bat irakurri gabe etxeko atea beti irekirik izan duen horrengatik, turnolariei salda bero bat eramaten dituztenengatik, montajean a tope, eta garbiketan fin ibiltzen direnengatik.
Eta guk bitartean, gure beroaren erosotasunean, teorizatzen gelditzen gera, irratian iritzia ematen, liburuak irakurtzen, hitzei hamaika buelta ematen eta herria salbatzen, herririk gabe, noski.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!