«Femeninotasunak eta keriak» – Blanca Urgell –
Orotariko Euskal Hiztegia-n begiratu eta ikusiko duzue ez dagoela honbre-rik euskaraz, neuk behintzat Onbre! harridura-esapidea irakurri eta entzun badut ere (erabili ere erabili dut inoiz, mea culpa, jeje). Ostera, ez dago matxo ere, ezpada Bermion ‘handia’ esateko-edo. Aldiz, bada enbra, Bizkaian oso sartua hiztegi horretako datuengatik ez ezik, belarri hauek entzun dutenagatik ere (baina ez errepikarazi entzun nuena, desatsegina baitzen oso). Bada baita femenino ere, Etxeberri Sarakoak gramatika-adieran erabilia XVIII. mendearen hasieran. Arxu zuberotarrak emea erabili zuen horretarako; adibidez, frantsesezko eme izenak aipatzen ditu, eta ez izen femeninoak; halaber, Martin Harrietek urrixa erabili zuen horrela —ezagutzen hitz eder hau? ez da egunero entzuten eta!—. Halere, Etxeberri Sarakoa izan denez, gaztelania hutsarekin batera, euskara batuko gramatika terminologiaren oinarria, ba femeninoa guk ere.
Urrixa-ren etimologiarik ez dakit, baina eme ezin gertuago dago frantses idatzizko femme-tik, ezta?, eta aspaldi lotu izan da etorki bereko bearnesezko hemne-rekin. Etimologiak zailtasunak ditu, baina, nolanahi ere, politena da hitza Euskal Herri osokoa izatea, hots, polit hitzarekin batera okzitanierazko edo, nahiago bada, gaskoierazko mailegu orokor zaharrenen multzo urrikoa.
Eme hitzean bildutako Voltoireren “Hitzak dire emeak eta obrak harrak” esapide honek ez luke huts egin behar matxismo historikoaren antologia batean. Euskaraz garatu du hitz honek, eme-k, ‘leun, goxo’ adiera, “Minzo emeak bihotz gogorra bera diro” dioen Oihenarten atsotitzak erakusten diguna. Baina badu beste adiera bat, Txomin Agirrek bakarrik lekukotua, ‘beldurtia, koldarra’, gure hitzek norabide gaitzesgarria hartzea zeinen erraza den berriro ere gogoratzen diguna; hala bada, esaten du norbaitek norbait “Bildurti-emetzat eukala, gudara ezeioalako”.
Iraingarririk ez dute bildu Orotariko-koek oro har, baina ezta laudatzekorik ere emakume sarreran. Beno, Juan Antonio Irazustaren 1950eko perla hau kenduta: “Emakume jaio ez bazan gizon aundia izango zana”. Ai, ene!
Oro har, zer espero genezake, ia bakarrik ikuspegi maskulino, tradizional, atzerakoi eta sarritan erreakzionario batetik idatziak izanik euskal idatzitan gehienak? Beno, Orotarikoa-ren corpusa 1970ean edo amaitzen dela jakinik, ez da harrigarria lesbiana eta lesbianismo hitzak behin ere ez agertzea, adibidez. Eta, halaz ere, beti dago ezustekorik genero kontuetan: izan ere, Agirre Asteasuko apaizaren idatzietatik hauxe jaso du Orotarikoa-k: “Atsegiñ lotsagarriak artzea gizonak gizonakin, emakumeak emakumeakin”. Hara! Pasarte hori lortu beharko da, ezta?
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!