Ez, ezin dugu
“Ez, we can’t” deitzen da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak sortutako kanpaina berria udaletxeetako ordezkari politikoak euskaldunak izan daitezen eta euskararen erabilera bermatzeko konpromezua har dezaten. Oso efektista da eta Obamaren esaldi eta hitzaldi famatua hartu ditu oinarri eta sinadurak jaso ditu helburua bultzatzeko.
Ingelesarekin hitz joko polita egin dute eta umorez aurkeztu gai serio hau. Ez dizuet ukatuko, Sustaturen bidez ezagututako kanpaina oso gustukoa egin zait eta aldarriarekin guztiz ados nago. Gomendatzen dizuet artikulua bilatzea eta irakurtzea eta egin duten bideoa ikustea.
Ez ditut hain gustuko, aldiz, ingelesaren beste erabilera batzuk. Euskarazko izena nazioartean zabalduta eta onartuta zuten hainbat ekitaldiri ingeleseko izena jartzearena ezin dut ulertu.
Zinemaldia nazioartean ezaguna da. Horrela izan da urtetan. Zergatik bihurtu behar da San Sebastian Film Festival? Ezta Donostia Film Festival ere, SSFF izan behar zuen.
Leire Narbaizak eibar.org orrian emandako iritziarekin bat nator, ingeleseko hitz horien erabilerak, alde batetik, testua iluntzen du eta, bestetik, euskara “ostentzen” du (alegia, ezkutatzen eta atzera botatzen du).
Jada nazioartean ezaguna zen Euskal Herriko Itzulia, aurten, Basque Country Itzulia da. Yolanda Mosquera diseinatzaileak kartel zoragarria egin dio. Azaldu zuenez, Euskal Herriko mitologian oinarrituta egin zuen, eta Sugaar pertsonaia mitologikoaren irudiak txirrindulariek igaroten zuten ibilbide malkartsua irudikatzen zuen. Benetan irudi ederra, euskal tradizioetan oinarritua, ikerketaren bidez lortua eta diseinu moderno eta alaiarekin. Ezin hobetu. Zoritxarrez, egin duenean, Euskal Herriko Itzulia: Basque Country Itzulia deitu dute. Modernoa omen. Cool. Ze euskara diglosikoa den herri honetan, euskarazko izen ezaguna zuten jarduera apurrei, ingeleseko izena jartzeko erabakia hartu dute gure erakundeek. Bikain.
Ba, ez, we can’t. Ezin dugu horrelakorik egin. Ezin dugu gure egoera diglosikoan, gainera, ingelesarekin konpetitu. Ea igandean aukeratzen ditugunak horretaz konturatzen diren behingoz.
Jaione Agirre
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!