Euskara eta Gasteiz
1969/70, Gasteizera etorri berriak, nondik eta Oñatitik. Gipuzkoar jatorriko hainbat enpresa ireki zituzten Gasteizen eta tartean Oñatiko bat. Familia osoa Gasteizera bertan lanean aritzeko eta ni neu ikastera.
Gehientsuenok euskaldunak ginen jaiotzez eta euskaraz bizi ginen. Buru euskalduna ilunpetik atera guran, gure etxeko euskal izatea mundura zabaldu nahian, eta kasu honetan Gasteizera, Arabara, gerora hainbeste maite izan dugun lurraldera.
Ez zen erraza izan, ez, hainbatetan ezkutuan ibili behar izaten ginen. Ikasgelan hitz batzuk euskaraz harbelan idatzi (euren esanahiarekin), ordu laurden edo erdiko klase modukoak antolatu, ikaskide batzuen nahia asetu. Inoiz harrapatu gintuzten eta bronka jaso ere bai (15-16 urtetaz ari naiz). Baina tira, aurrera! Euskaraz jakin ez, baina sentimenduz euskaldun peto petoak zirenak aurkitu nituen.
Ez naiz nire bizitza kontatu nahian ari, zer aurkitu genuen Gasteizen islatu nahian baizik.
Gu bizi ginen atartean beste familia euskaldun bat bazegoen, baina gehienak erdaldunak ziren, bertakoak zein etorkinak.
Trebiñukorik ere bazegoen tartean eta hara non entzun nion egun batean okindegian: …menuda peste de vascos que nos ha venido… Arabarrak ez omen ziren “vascos”. Zur ta lur, isilean ogia erosi eta etxera.
Harrez gero ondo moldatu izan ginen baina hainbat beldur eta konplexu gainditu behar izan genituen.
Arabar eta Gasteiztar asko zegoen euskaldun sentitzetik euskaldun izatera pasa nahi zutenak. Zelako altxorra! Beraiekin hasi ginen bidea egiten, ahal zen moduan, ezkutuan batzutan, gure eskubideak aldarrikatuz besteetan, baina bidea ekinez egina behar zela ahaztu gabe.
Hainbatentzat ipuin bat besterik ez du emango honek, baina konparaketa egitea beharrezkoa izaten da, ezer lortu ez dugunaren lelopean galdu ez gaitezen.
Bide luzea egin dugu, gorabeheratsua, baina egindakoa ez da alperrik izan. Eskolak euskaldundu (ez da lan makala izan), euskaltegiak sortu, euskal kultura zabaldu ahal izan den formato guztietan…
Honekin ez dut esan nahi “lortu dugu” eta kitto, ezta gutxiagorik ere, lortu dugunaren komatxo bat ere ezin dugu galdu, bidea ekinez egiten jarraitu behar dugu eta bereziki puntu garrantzitsu batean, hizkuntzan, euskara erabiltzen. Euskara jakin…belaunaldi berri gehienek badakite….baina erabili….hor koxka! Nola lortu jakitetik hiztun izatera pasatzea, euskara lehenestera. Zenbat eta hizkuntz gehiago jakin hobe, baina guretik abiatuta, euskaratik.
Bitarteko kanpotar ugari eta indartsuak ditugu inguruan, euskara eklipsatzen dutenak, gurea gutxiesten dutenak, gu oso txikiak garela sentiarazten digutenak.
Honi buelta nola eman, hor daukagu nere ustez aurrerantzerako erronka handia. Euskaraz bizitzea, euskaratik heltzea mundura.
Dei berezia erakunde publikoei, garrasi hau haintzat har dezaten.
Lourdes Uribarri
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!