Euskara arriskuan? -Patxi Goenaga-
Gaurkoan, ‘gaurkoan ere’ esan beharko nuke, euskararen inguruan ibiliko da nire jarduna. Euskararen geroaz eta orainaz.
Euskararen munduak galdu berri du zutabe garrantzitsu bat. Euskarak eta beste zenbait hizkuntza txikik –ez da hizkuntza txikirik, denak handiak dira, baina ulertzen didazue- sustatzaile handi bat galdu du. Alan King zuen izena eta Euskal Herrian bizi izan da azken berrogei urte honetan. 65 urterekin joan zaigu. Britainiarra izatez baina euskaldun jakintsu bipila. Euskal gramatika biziki landu zuen baina baita Ameriketako beste hainbat hizkuntza minorizatuak ere. Zarauzko Hitza aldizkarian duela hilabete batzuk elkarrizketa interesgarri bat egin zioten. Izenburuan honako hau ezarri zioten: Euskara ez dago salbu. Hainbeste hizkuntza eta hainbeste hizkuntzaren egoera ere ongi ezagutzen zuelarik, abisu ematen zigun euskaldunoi: euskara ez dago salbu. Inoiz entzun dut mundu honetan elebakar izateko aukera duten bakarrak ingeles hiztunak direla. Euskaldunok ongi dakigu, hizkuntza guztiak berdinak izanik ere, ezin joan gaitezkeela oso urruti geure hizkuntzatxo bakarrarekin. Hori jakinik, gure Alan beste hizkuntza horietara hurbildu ez ezik, murgildu ere egin zen. Euskararen uretan eta zainetan hondoraino murgildu ere, britainiarra izanagatik. Bihoaz, hortaz, nire gaurko lehen hitz hauek hari eskainiak. Ez dugu erraz ahaztuko.
Euskararen mundura hurbildu zaigun beste bat Pedro Sanchez Espainiako gobernu burua izan da. Martxoaren seian Euskaltzaindian izan genuen. Hau da Espainiako Gobernuko presidente batek Euskaltzaindia bisitatzen duen lehenbiziko aldia. Adierazpenik ez baina ohorezko liburuan idatzia utzi zuen «Euskararen errege akademiari, bere zuzendaritzari eta langileei, eta, haien bidez, euskal herriari, historia luzea eta are etorkizun oparoagoa duen euskarari esker, euskal eta espainiar gizarteak aberasten jarrai dezaten. Harrotasunez eta ohorez, besarkada bat, Pedro Sanchez».
Euskaltzainburuaren ustez Sanchezen bisita «erakargarria eta garrantzitsua» izan zen. Baina ez bakarrik Euskaltzaindiarentzat, euskararentzat eta euskal kulturarentzat ere bai.
Egunkarietan jasoa izan zen kontua. Eta bizi garen hauteskunde aurreko garai honetan izan dira honelako titutalarrak ere: “Sánchez mima a los nacionalistas vascos: el euskera enriquece a la sociedad española”
Bistan da bisitak irakurketa bat baino gehiago izan ditzakeela. Bisita hori egitea aholkatu ziotenek ondo aholkatu zutela iruditzen zait. Interes kontua dela?, eta zergatik ez? Interesik ez dagoen lekuan ez dago interesik, ez du merezi.
Hortaz, oraingoan txalo protagonistei. Batez ere, hauteskundeek piztu duten giro zoro honetan, euskarari, euskaldunei alegia, (eta katalanei eta gainerakoei ere) oinak geratu behar zaizkiela aldarrikatzen dutenek ikas bezate, ikasteko gai badira.. Zenbat barrabaskeria entzun beharko ditugun oraindik ditxosozko hauteskundeak gauzatu orduko. Konstituzioaren alde omen, baina egiazki… espainola ez den beste hizkuntzen kontra. Entzun diogu eskuineko zenbait buruzagiri adibidez, gaztelania orokorra eta denok jakin beharrekoa denez, erregulatu egin behar dela. Espainian hizkuntza koofizialak aberastasuna omen dira, baina nazionalismoak hizkuntzok bere proiektu independentistarako, langa identitario modura baliatzen omen ditu. Gaztelania erregulatu behar da ala gainerako hizkuntzak erregulatu nahi dira?
Ez zaie nahikoa iruditzen gaztelania ezagutzea betebeharra eta erabiltzea eskubidea dela esatea. Hizkuntza koofizialak ezagutzea eta hitz egitea, berriz, eskubidea. (El castellano es la lengua española oficial del Estado.Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla. (Espainiako Konstituzioaren 3. Artikulua); 1. El euskera, lengua propia del Pueblo Vasco, tendrá, como el castellano, carácter de lengua oficial en Euskadi, y todos sus habitantes tienen el derecho a conocer y usar ambas lenguas. (Euskadiko Autonomia Estatutua 6.Artikulua)
Desoreka begien bistan. Euskara ez dago salbu.
Hala ere, gauzak patxadaz kontsideratu behar dira. Adibidez, inoiz galdetzen didatenean, “aizu, euskarak zenbat iraungo du?’ “geuk nahi dugun hainbat” erantzuten dut. Ni bizi naizen artean, euskaldun bat izango da munduan matraka ematen. Baditut bi seme-alaba ere. Hauek lau hiloba eman dizkigute. Denak euskaldunak. Atera kontuak.
Eskoletan euskaraz ikasteari trabak jartzea ez da bide ona. Eta eskolara joan gabe eta ezer ikasi gabe masterrak eskuratzen dituena alferrik ariko zaigu lezioak ematen. Eta mesedez, ez etorri, supremazismo eta holako hitz potoloekin erasoka. Bakoitzari berea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!