Euskaltzale erdaltzaleak
Euskaltzale erdaltzaleak euskara badaki. Arazorik gabe komunika daiteke euskaraz.
Euskaltzale erdaltzalea euskaldun erdaltzale hutsetik haratago dago. Bai, euskararekiko jarrera positiboa dauka.
Euskaltzale erdaltzalea haserretzen da epaile batek euskararen kontrako epaia ebazten duenean, eta begi onez ikusten du Administrazio publikoan euskararen ezagutza maila nahikoa eskatzea. Berak ere eskubidea du Administrazioan arreta euskaraz jasotzeko.
Euskaltzale erdaltzaleak ez du zalantzarik bere seme-alabek euskara ikasi behar dutela eta, kasu batzuetan, zentro zehatz bat aukeratzen du euskara maila nahikoa lor dezaten.
Euskaltzale erdaltzaleak bere seme-alabekin euskara sarri erabiltzen du, bereziki txikiak direnean.
Euskaltzale erdaltzaleak euskal musika entzuten du eta euskal kulturan murgiltzen da maiz.
Euskaltzale erdaltzaleak Euskal Herrian euskaraz abestia askotan abestu du, eta Euskal Herrian Euskaraz-en pegatina jarrita izan du, izan karpeta batean izan bere kamisetan txosnetako giroan.
Euskaltzale erdaltzaleak ia beti agurtzen du “egunon” edo “kaixo”-rekin, eta apenas erabiltzen du “gracias”, “Eskerrik asko” baizik.
Euskaltzale erdaltzalea euskararen aldeko ekimenetara joan ohi da. Agian Herri Urratsera ez (oso urrun geratzen delako), baina hurbileko euskararen aldeko ekimenetan eguna gustura pasatzen du.
Euskaltzale erdaltzaleak euskara maite duela esaten du, eta harro dago euskara jakiteaz.
Baina euskaltzale erdaltzaleak erdara aukeratzen du nagusiki bere harreman pertsonaletarako. Euskaldunen artean erdaraz mugitzeko ez du arazorik, bere ekimenez elkarrizketari erdaraz hasiera emanez edo beste kide euskaldun bat erdaraz aritzen delako. Batzuetan elkarrizketa euskaraz hasten da, baina ez dauka nahiko indarrik (?), kemenik (?) euskaraz amaitzeko.
Euskaltzale erdaltzaleak lehen hitza erabiltzen ohi du ezagutzen dituen euskaltzale militanteekin, baina administrazioan, dendan, bankuan edo tabernaren beste aldean dagoena ez badu ezagutzen, erdaraz da lehen hitza. Are gehiago, hizketakideak euskal itxura fisikoa ez badu. Beste herrialdeetako fisionomiak edo azalaren koloreak erdarara eramaten du automatikoki. Antzeko jarrera dauka hizketakideak gorbata badarama edo zaharra bada. “Ziur euskara ez dakiela” pentsatzen du. Hori bai, euskalduna den zonalde batera badoa eta hizketakidea, zaharra izan arren, euskaldun itxura badu (are gehiago txapela badarama) euskaraz egingo dio. Zonalde ez oso euskaldunekoa izan arren, berak ere euskaraz dakiela erakutsi behar du.
Euskaltzale erdaltzaleak, ume txikiei euskaraz hitz egiten badie ere, bere bikotearekin eta bere seme-alaben lagunen guraso euskaldunekin erdaraz hitz egiten du. Euskara eta gaztelania tartekatzen du segun eta haurrei edo helduei zuzentzen den, guztiek euskaraz jakin arren.
Euskaltzale erdaltzaleak bere lagun euskaldunekin erdaraz egiten du. Haietako batzuekin ikasi zuen, D ereduan, baina haien artean erdaraz hitz egiteko ohitura tinko mantentzen dute. Eta beste lagunek, euskaltegian euskara ikasi zutenek, ez dute nahiko indarrik (?), kemenik (?) elkarrizketak euskaraz izaten saiatzeko. Guztiek pena handia dela aitortzen dute, baina hain zaila da ohitura aldatzea….
Euskarak etsai asko eta oso boteretsuak dauzka. Baina lege menperatzaile, hizkuntza-eskubideak bermatzen ez duen Administrazio, euskararen aurkako epaile eta makina bat hiritar euskarafoboengandik haratago, euskara maite omen duenak ardura dauka gure hizkuntza bizirauteko saiakeran.
Euskararekiko jarrera positibo eta euskararen aldeko hitz politez gain, egunerokoan, korronteak bultzatuta eta fede txarrik gabe, euskara gutxienetara eramaten duten euskaltzale gutxiago behar dugu, eta euskararen militante gehiago. Indarra, kemena, tentsioa eta kolektiboaren ideia barne dauzkan militantzia. Egon, badaude euskararen militante asko, baina askoz gehiago behar dira, “geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak” ez izateko.
Bakarrik militantzia zabal batek salba dezake euskara. Horretarako, euskaltzale erdaltzaleak beren erdara-konfor-zonatik atera behar dira.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!