«Eta gu oraindik hemen» -Patxi Goenaga-
Lehenbizi, urte berri on denoi! Urtea hasi berria genuela, halako eztabaida moduko bat entzun nuen irratian: ea noiz arte jarrai genezakeen urte berri on opa izaten gure ingurukoei. Batzuek erregeenak arte egin zitekeela zioten, beste norbaitek, irakaslea edo baitzen, opor osteko lehen eskola egunean ere urte berri on esan zitekeela zioen. Beste batek, San Sebastian eguna arte luzatzen zuen epea. Bada, nik gaurko eguna baliatu nahi dut Halabedi-ko entzuleentzat 2018. urtea zoriontsua izan dadila eskatzeko. Egia esan, ez dakit nori eskatu behar zaion, baina norbaiti eskatzeko premia sentitzen dut. Zoriona zer den ere argitu beharko genuke. Zer eskatu horretarako? Zerbaiten eskasia nabaritzen badugu, bada horixe. Eta nik neuk eskas ditugun gai asko eta gero eta ugariagoak ikusten ditut gaur. Adibidez, urteko lehen hilabete hau benetan malkartsua begitantzen zait. Urtarrilak, hilbeltzetik oraindik ere asko du, hitz hau hiztegitik ezabatua badago ere. Aurten behintzat hala gertatu da. Komunikabideak desgraziaz eta zoritxarrez zipriztinduak ditugu. Hil beltza egiatan. Itsasoa ere haserre izan dugu hainbat egunetan. Hori berezkoa du gure itsaso tematiak, klima aldaketarik gabe ere. Urtea hasi berritan ere haserre ibili da. Eta txarrena, beltzena, olatuek eraman zituztela gazteiztar bi, urtearen hirugarren egunean. Loli eta Diego. Goian beude.
Beste zoritxar batzuk ere izan dira. Oraintsu aurkitu dute Jon Barcena gaztearen gorpua. Hainbat joan etorriren ostean, azkenean agertu da, Urrunagako urtegi inguruan. Ezbehar honek ere barrena inarrosi digu eta hainbat galdera eta ezin ulertu utzi dizkigu gogoan. Honek ere ez zuen horrela izan behar, baina hala gertatu da.
Arabatik pixka bat harago izan ditugu beste berri lazgarri batzuk ere. Hiru hilketa, gaztetxo kupidagabe batzuen eskutik. Jendea asaldatzeko moduko gertaerak, nolanahi ere. Non eta gure hiri nagusian. Holakoen aurrean hiritarrek kontuak eskatzen dituzte. Eta galdetzen dute: noren ardura da? Zuzenean egileak berak dira arduradunak, noski, baina adin txikikoak izanik, beste norbaitzuk ere izango dute erantzukizunen bat. Eguraldiari antz ematea gero eta hobekiago egiten dugu baina erasoei, haizeei, elurteei eta abarrei aldez aurretik erremedioa jartzea ezina da. Gizakion jokabideak bideratzea eskura daukagula uste izaten dugu eta erantzukizuna berehala deribatzen dugu agintarietara, hezkuntza sistemara eta hola. Ez da erraza. Bakoitza geure segurtasunari begira bizi bagara eta uste badugu besteen ardura dela hori dena, gaizki goaz. Beti izango dugu geure gainean edozein burugabe edo bihotzgaberen mehatxua, gaur ez bada bihar. Lasaitua hartuko dugu jakiten dugunean gaizkile batzuk zaintzapean jarri dituztela. Babestuago sentituko gara, dudarik gabe, baina gutariko bakoitzak babes hori eraikitzen laguntzen ez badugu, arazoak ez du soluziorik izango.
Entzuten badugu, ‘paradisuko paperak’ deitu afera azaleratu zenean, negozio gizon ospetsu baten ahotik, “etikak ez dizu bizitzeko ematen.” Hala zioen zein izen zuen gogoratu nahi ez dudan paradisu zale hark. Hori da problema. Etika sakrifikatzen badugu, jai daukagu. Zoritxarrez, jende asko dago etikaz ahazten dena, enpresari nahiz langile, politikari nahiz hiritar soil. Beldur naiz, hortaz, urte berria joango zaigula eta arazoek lehengoan iraungo dutela.
Itsaso zakarra izan dugu hizpide hasieran. Hala ere, ez da dena latza eta zorigaitza izan, ezbeharra eta tristura. Tristura gozatzeko moduko zerbait ikasi genuen badarik ere Mutrikuko istripu horren bueltan. Irratian entzun ahal izan genuenez, Gasteizko bikoiteari lagundu nahian ibili zirenen artean, bat saiatu zen soka bat botatzen baina zoritxarrez ez zuen ezer lortu. Itolarrian zebiltzanei laguntzearren uretara salto egitera ere ez zen ausartu. Nor ausartuko zen, bada? Bada bai. Norbait ausartu zen, bizitza arriskatzeraino gainera, baina ez zuen honek ere ezer lortu. Ezin. Baina nor zen bizitza arriskatu zuena, alferrik izan bazen ere? Etorkin bat, marokoar bat, nonbait. Itsas gizona eta igerian ongi zekiena eta gehiegi pentsatu gabe, uretara, Bizkaiko golkoko ur nahasietara. Gaizki esan dut lehen: bizitza arriskuan jartzea ez zen alferrik izan. Norbait bere lozorro goxotik ateratzeko balioko ahal zuen! Edo balioko zuen kanpotarrak lana kentzera datozelako uste primitiboa zuzentzeko ere. Hala pentsau nahi dut. Afrikar askok Mare Nostrum delakoa gurutzatzeko erabakia hartzen dute eta hala segituko dute, paperezko ontzietan, paradisuaren bila. Eta urtero bezala ‘Gure itsasoak’ irentsiko ditu. Bitartean, beste batzuek arineketan, Atlantiko zabala gurutzatuko dute, lasai asko, eta beren paperak ondo gordetzen eta ezkutatzen saiatuko dira. Eta gu hemen.
Patxi Goenaga
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!