Espainiar legealdiak eman dezakeenaz
Erreforma frankistaren konstituzioa ezarri zenetik, espainiar gorteak konposiziorik bereziena izatera heldu dira 2020. urte honetan: inoiz baino alderdi gehiago kongresuan, bloke kapitalista ezberdinei erantzuten dien eskuinaren banaketa politikoa eta PSOE eta Podemos alderdien koalizio gobernua. Legealdia gatazkatsua bihurtu dezakeen faktore nagusia, kataluniar afera.
Espainiar estatuaren ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera suposatu dezakeen legealdia dugu honako hau: Frankismoaren amaieratik, bigarren erreformaren atarian egon gintezke. Honek, baina, ez du esan nahi ziklo berriak aukera hobeak ekarriko dituenik. Estatuaren hegemoniaren egonkortzea ekar dezake erreforma jokaldi handi batek. Berriro ere, erreforma ala hausturaren bidegurutzean aurkituko dira hainbat indar.
Euskal Gatazka deiturikoa, estatuaren hegemoniaren kontrako indar handiena izan da hainbat hamarkadetan. Honen agorpena eta gero, Kataluniar independentismoa bihurtu da Espainiar Estatuaren proiektua kolokan jarri duen indar nagusia. EAEko autonomia estatutuak Euskal Gatazka apaltzeko helburua izan zuen bezala, legealdi honetan espainiar gobernua eta ERCren arteko negoziaketek antzeko prozesu bat ekar dezakete.
Honek independentismoaren gutxitzea ekarriko luke eta Kataluniar Gatazkaren amaiera, zenbait urtez gutxienez. Euskal eta Kataluniar arazoak konponduta, kontraesan nazional handirik gabe, Espainiar proiektuak bidea zabal zabalik izango luke denboraldi luzez. Ikusteke datozen urteetan klase kontraesanak har lezakeen forma eta gaitasuna.
Argi dago PNV estatu alderdi bat den heinean, jokaldi honetan bete betean sartuta egongo dela. Berari (eta bere negozioei), Estatuaren egonkortzea interesatzen zaio inoiz baino gehiago. Lurralde normalizazioarekin batera, gainera, hainbat neurri progresista agertzeko aukera dago (batez ere Podemosen eskutik) eta honek are sotilago bihurtuko luke Espainiar Estatuaren hegemoniaren sakontzea.
Kataluniari dagokionez, ERCren paper autonomista argi ikusita, JxCaten bideorria argitu beharko da. CUPen papera zein izango den nahiko argi dago. Bere eragiteko gaitasuna hausturaren erreferentea bilakatzeko gaitasunaren araberakoa izango da. Euskal Herrian, aldiz, ikusi beharko da ea EH Bilduren papera egonkortze eta normalizazio prozesu honetan parte hartzea izango den, edota hausturaren hautua hartuko duen CUP bidelagun hartuta. Orain arte behintzat, ERCrekin egindako akordio estrategikoa dela eta, lehenengo aukerak pisu handiagoa duela nahiko argi dago, aldaketarako borondate handirik gabe gainera.
Bidegurutzez betetako legealdi honetan, indar ezberdinen bideorriak argitzeko aukera egongo da, horrek zabaltzen duen jokaleku berriarekin.
Jonbe Agirre
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!