Eskola publikoaren eraldaketa eta hobekuntza ez dira gauza bera
2023an EAEko Legebiltzarrean onartu zen Hezkuntza lege berriaren testuinguruan, eskola publikoaren eraldaketarako I. plan estrategikoa gauzatzeko prozesua martxan dago. Antza helburua eskola publikoa hurrengo 3 ikasturteetan zehar gidatuko duen dokumentu estrategikoa sortzea da.
Diagnostikoa egiteko erabiltzen ari diren inkestari erreparatuz, urruti dago hainbat hezkuntza eragilek Hezkuntza Legea erdiesteko prozesu parte-hartzaile hartan behin eta berriro eskola publikoaren alde egiteko eskatu zuten egitasmoaren norabidetik. Ez dirudi eskola publikoan ikasi, lan egin eta bere aldeko hautua egiten dugun familia eta irakasleon behar hurbilei erantzungo dienik, ez eta zentzu horretan hobekuntzarik ekarriko duenik ere.
Ikastetxeek boluntarioki inkesta mardul bat betetzeko aukera izan dute, baina egiari zor, egunerokotasuneko erritmo biziak eramanda espresuki hezkuntza sistemaren inguruko begirada zabal eta kritiko bat behar da antzua izan daitekeen lan bati eusteko gogoa izateko. Inkesta bat ikastetxeka, beraz, modu parte-hartzaileago batean edo ez betetzeko aukera izan dena.
Komunitatearen familien parte-hartzea bilatzen duten eztabaida taldeak ere martxan jarri omen dira, eskola publikoaren familien iritziaren lagin bat lortzeko edo. Baina egia esan, 8 ikastetxe izan dira soilik hautatuak EAE osorako, eta kasualitatez Araban gauzatu behar zen eztabaidarako foroa bertan behera utzi zuten aforo faltagatik, edo auskalo, agian izena eman genuen hiru amen profila begiratu ostean horrela erabakita. Saiakera gehiagorik ez da egon.
Irakaslea ere naizen aldetik, etsipena berriro ere diagnostikoa egiteko gaien arabera antolatutako galderek eta haien erantzun itxiek sorrarazi didate, eskolan gaudenon interesgune, zailtasun eta egunerokotik urruti, benetan bertakoon errealitatea ezagutu eta hobetzeko behar ditugun interesetatik aldenduta. Garbi dago Hezkuntza saila eta eskola nahiz gela zapaltzen dugunon arteko distantzia geroz eta handiagoa dela. Bi mundu paralelo.
Eusko Jaurlaritzaren kontzertazioen bidezko politika pribatizatzaileen ondorioz eta bultzatzen ari diren langileokiko errespeturik ez duen kudeaketa eredu burokratiko, lehiakor eta empresarialak eremu geroz eta konplexu eta zailagoak diren eskolak sortu ditu. Hezkuntza saila Eskola Publikoak, izatez hezkuntza zerbitzu publiko eta unibertsala den bakarrak, bere onena eman dezan bertan gaudenon egoeraz eta beharretaz zintzoki galdetu beharrean, fokoa beste leku batzuetan jartzen ari da digitalizazioan, antolakuntzan, lidergo kontuetan…
Inkestaren azken galderak zer eskola publikorekin amesten dugun galdetzen zuen, horra ba nirea:
Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren oinarrizko sarea izatea. Herritarren lehen aukera, hurbila eta jendartearekin konprometitua dagoelako, inor atzean uzten ez duelako. Inolako aldagairen arabera segregatzen ez duen hezkuntza sistema batean, aukera berdintasuna bermatzeko eskola publikoa lehenestea. Eta bertako ikasle eta familiak eskolako ezinbesteko partaideak izatea, eskola komunitate demokratiko baterako behar-beharrezkoak.
Bere arduradun eta patronala den Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak errespetuz tratatuko duen eskola, bertan lan egiten duten guztien lana enpresa munduko ekoizpen irizpideetatik at baloratuko duena eta bere lan baldintzak zaintzea hezkuntzaren benetako kalitaterako ezinbestekoa dela ulertuko duena. Beraz, eskolako irakasle, hezitzaile eta langileek orokorrean bere lana soseguz, ilusioz eta gogoz biziko dute. Bertako langileen aitortza ekonomikoa haur eta gazteak hezteak suposatzen duen lanaren tamainakoa izatea. Eta hezkuntza esparruak lan eremu gisa dituen osasun arriskuez jakitun izateaz gain, babesa emango duena. Horretarako, lan baldintza egokiz, baliabideez nahiz azpiegiturez ongi hornituta dagoen eskola.
Ainhoa Astigarraga
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!