Eskaileretan
Igandea da, eta asteburua bizikletan ibiltzen pasa ostean, banoa gogoko dudan taberna batera zuzeneko musika entzutera, Negroni’s trio eta neure lagunak zain dauzkat.
Arratsalde beroa sargoritsu izatera ere iritsi da. Aldapan gora, Gasteiz zaharreko eremua zeharkatu, eta aldapan behera noala, eskailerak. Bero egiten du oraindik eta itzal bila nabil, baina gerizpeak garesti ordaintzen dira horrelako egunetan, eta bi morroi eserita daude eskaileretan, lasai, kartoi bana ipurdi azpian. Ez dira mugitu, patxada ederrean daude, kartoia ipurdi azpian eta sakeleko telefonoa eskutik belarrira. Biak ala biak irribartsu, berriketan, begiak dir-dir, aurpegikerak ñir-ñir.
Eta imajinatu ditut Marrakex, Nuadibu, Aljer, Dakar, Abiyan edo El Aaiun-eko familiarekin ari direla berbetan. Familiaz galdezka:
– Ama, ondo al dago? Eta, aita? Anai-arrebak? Amama?– Bata bestearen atzetik, zerrenda amaigabean, errenkadan, soilik beraiek dute abilezia horrekin, galdezka.
– Ni? Ondo, nahiko ondo. Lana topatu dut, aldizkakoa eta gaizki ordaindua, baina beno… hemen gehienek errespetuz hartu naute, gizalegez, amorru edo gorrotorik gabe. Gaur bero handia egiten du, gure herrialdean bezala, gogotsu banatzen ditu eguzkiak bere izpiak goitik behera eta ezker-eskuin.
Eta aldapan behera noala, pentsatu dut: aniztasunak aberasten gaitu, gustuko dut nik egiten ez dudana, jada guk egiten ez duguna, beste batzuk egitea; hau da, kalea lasai erabiltzea, stressik gabe eta kontsumorik gabe, besterik barik, modu naturalean erabiltzea, inondik etorri eta norabaitera heldu diren horiek erabiltzea.
Zer esango dizuet, neuk behintzat, maite ditut maite gure bazterrak kolore askotako jendeek betetzen eta erabiltzen dituztenean.
Azken orduko oharra: Puerto Rico-tik etorritako Negroni’s trio taldearen emanaldia ere itzela izan zen!
Iñaki Lazkano
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!