Esaten dute
Esaten dute ahokoak kaltegarriak direla. Esaten dute irekitako cava botilan goilaratxo bat jartzean gasak ez duela ihes egiten. Esaten dute esnea txarra dela eta animalia helduek ez dutela hartzen. Esaten dute jan ostean ez dela bainua hartu behar, digestioa eteten omen delako. Esaten dute mikrouhinek elikagaietan erreakzio arraroak sortzen dituztela, uhinek minbizia sortu ahal izateaz gain. Esaten dute glutena txarra dela, baita laktosa ere. Esaten dute baraualdiak egin behar direla gorputza garbitzeko. Esaten dute marrubiaren, ananaren ala alkatxofaren dieta oso ona dela, eta elikagai batzuk superelikagaiak direla. Esaten dute kiwiak propietate asko dauzkala… (zein propietateak diren aipatu gabe). Esaten dute asunak ukitzean arnasa hartzen ez baduzu, ez zaizula legena ateratzen. Esaten dute usain-kengarriek minbizia sortzen dutela. Esaten dute maionesa daukaten platerak ez direla berotu behar.
Esaten dute. Esaten dute. Esaten dute. Zenbaitetan entzun. Zenbaitetan esan. Zenbaitetan errepikatu. Zenbaitetan zabaldu.
Esaten dute baino, nortzuk esaten dute? Gehienetan, ez dakigu nortzuk diren hori adierazten dutenak. Beste batzuetan, irratian edo telebistan entzun dutela edo interneten irakurri dutela esaten digute (auskalo non eta auskalo zer). Maiz, misterioz eta sinesmenez inguratuta. Ez nago ziur eta ezin dut azaldu zergatik, baina esaten dute. Entzun dut. Kontatu didate. Esaten dute, baina “esaten dute” esatean, nik ere esaten dut. Zuzenean ala zeharka.
Atzo komunistek adarrak eta buztana zituztela esaten zuten, eta askok sinesten zuten, eta zabaltzen zuten. Eta ziur, esaldia hastean, askotan “Esaten dute” erabiltzen zutela.
Kondaira gehiegi sortu dira Historian zehar, eta kondairak sortzen jarraitzen da XXI. mendean ere. 5G teknologiaren garaietan, non izakiak (gizakiak barne) klona daitezkeen, non gailu inteligenteak gure kale eta zeruetan zehar bidaiatzen hasi diren edota non gizakia Martera heltzeko gutxi falta den, “esaten dute” famatuaren menpe jarraitzen dugu, “ezagutzaren gizartea” deritzon honetan.
Oso deigarria egiten da gainera bere burua ezkertiartzat eta kritikotzat duten askorengandik halakoak entzutea. Kasu batzuetan esoterismoraino helduz, exotismoaren bidaia-kidea. Beste gai batzuen inguruko mezuekin eta analisiekin hain kritiko eta analitiko, eta mota honetako informazioekin hain akritiko eta inozo, gutxieneko kontrasterik gabe sinistuz eta zabalduz. Oinarrizko alfabetatze zientifikoaren beharra premia bat da gure jendartean. Pairatzen ari garen pandemia honek ere agerian utzi du, agintari askoren interes, ustelkeri eta gaitasunik ezatik haratago.
Alfabetatze zientifikoa behar dugu. Inguratzen gaituena hobeto ezagutzeko, oraindik zabaltzen ditugun hainbeste mito gainditzeko, azalpenik gabeko amen-omenen aurrean gutxieneko mesfidantza erakusteko, ezezagunaren atzean dagoen azalpenera hurbiltzen saiatzeko, eta gure eguneroko eginkizun eta erabakietan modu arrazoidunagoan aritzeko.
Gure askatasun pertsonal eta kolektiboa ez da bakarrik zientziatik etorriko, argi dago. Jendarte kapitalistan, gainera, zientzia burgesiak baldintzatuta eta monopolizatuta dago hein handi batean; zientziaren erabilera, garapena eta jakintza-sorkuntza kapitala pilatzen jarraitzeko bideratuta. Epe motzean etekinak lortzeko lasterketan, tranpak ere ez dira faltan, ikerketa zientifikoen emaitzen faltsutzea barne. Hala ere guztiz ere, oinarrizko kritika zientifikoa ezinbesteko bidaia-kidea dugu jendarte libreagoa eraikitzeko, hain manipulagarriak ez diren pertsonez osatua. Sinesmenak, ordea, lasta baino ez dira. Esaten dutena esaten dutela.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!