«Egunonik ez: good morning» -Patxi Goenaga-
Egunonik ez: good morning
Pertsona bat nolatan senti daiteke harro ez dakien zerbaitez, edo hobeto esan, zerbait ez jakiteaz? Jakiteak ez omen du lekurik hartzen. Hala dio gaztelaniazko esaera zaharrak: el saber no ocupa lugar. Batzuek, hala ere, beren ezjakintasuna ezkutuan gorde beharrean, harrotzeko motibotzat hartzen dute eta airera zabaltzen. Hizkuntza bat jakitea, edozein delarik ere, harrotzeko motiboa da, aberastasun bat baita, edo nahiago baduzu, entzule, dohain bat da. Munduko hizkuntzak aberastasuna dira. Denak jakitea ezina da, nahi genuke, baina ezina da. Hala ere, zenbat eta gehiago jakin, aberatsago.
Zertara dator gaurko jardun hau ere gure iritzi tarte honetan? Labur-labur: adiskide nafar batek eman dit hizpidea. Erriberakoa da bera, euskalduna, nagusitan euskaldundua, kostata eta ahalegin handiaren ondorioz euskaldundua, beraz. Bada, adiskide honek watsapp bidez bidali zidan bideo harrigarri bat, non oraindik ere hor zehar gizaki inozoak badirela erakusten baitzaigu. Batzuetan gorrotatu egiten dut tresna hau, abusatu egiten delako, baina ongi dator beste batzuetan.
Bideo honetan Nafarroa hegoaldeko alkate nabarrista bat agertzen da ekitaldi protokolario batean. Honela hasten du bere hitzaldia: “Señora presidenta de la comunidad foral de Navarra, Doña Uxue Barkos, resto del equipo, directivos y demás asistentes a este acto. Bueno, yo no sé euskera, así es que, good morning, buenos días a todos”. Grazia gutxiko eta inozokeria handiko ateraldia, nahiz eta irriparrez ari den hizlaria. Barkos andrearen erantzuna, irriparra ezpainetan eta garraztasunik gabe: “Buenos días, egun on, y si me permites, Alcalde, no hace falta saber euskera para decir egun on, es incluso mas fácil de pronunciar para muchos de nosotros que good morning… Pero dicho esto, yo os animo porque son nuestras dos lenguas y ese pequeño gesto a todos nos reune, nos reconcilia, nos encuentra y es hermoso”.
Joan den ikasturte amaieran gertatu zen hau, Marcillako institutu baten 50. urtehurrenaren ospakizunean.
Nota jarri behar balitz, alkateari, zero biribila emango nioke. Barkos andreari bikain, erantzun egokia eman baitzion nafar guztien ordezkari gisa herriko alkateari (ez herriaren alkateari, pentsatu nahi dut). Hala ere, uste dut, arazo honek ez duela gaurkotasunik galdu zoritxarrez, maiatzeko kontua izanik ere. Azken batean, hizkuntza bat mezprezatzeko libre da edozein, inozoa izateko eskubidea ere badugun bezala, beharbada. Baina gure inozokeriak ez digu eskubiderik ematen herritarrak iraintzeko eta mezprezatzeko.
Jorge Nagore kazetariak Diario de Noticias-en 2017ko irailaren 13an ongi idatzi zuen bezala. (oraingoan neuk euskaratuko dut testua): ”gaiak ez dauka benetako garrantzirik, baina begien bistakoa den gertakizun triste bat erakusten du: nafar askok eta are larriagoa dena, Nafarroako politikari asko, alderdi jakinetakoak, benetako erantzukizunak dituztenak, euskaraz ez jakiteaz aparte, harro azaltzen dira gabezia horretaz, solapan daramate erakusgai. Eta areago oraindik: iruditzen zaie publikoki nabarmentzekoa den zerbait dela.
Gazte nintzela (berrogeita hamabost bat urte baino gehiago) kalkulatzen dut, neu ere Nafarroan nenbilen, batxiler ikasketak egiten. Euskal girorik ez zen, jakina. Kontrakoa, izatekotan. Baina baziren irakasle euskaltzaleak ere. Haietako batek, Daniel Baztarrika azkoitiarrak aukera eman zigun, eskola orduetatik kanpo, halako talde koxkor bat sortzeko, dozenerdi ikaslerekin edo, euskaraz alfabetatzeko. Han egin nituen nik neure lehenengo saioak. Aukera izan genuen gure lehenbiziko izkribuak Iruñean ateratzen zen aldizkaritxo batean argitaratzeko. Gu ikasle euskaldunak uste dut zuela izena. Eta han aurkitu nuen, orrialdeetan barreiaturik, halako iragarki moduko bat inoiz ahaztuko ez dudana. Gogoratzen naizenez, honako honen antzeko mezua jasotzen zuen: “Hay vascos tan tontos que creen que el que sabe dos lenguas es más tonto que el que sólo sabe una”. Euskaraz ere agertzen zen, seguru asko, baina ez dut gogoan. Erdarazkoa geratu zitzaidan gogoan itsatsirik.
Euskaldun inozo haiek gutxi ez, eta horra non are inozoagoak direnak: hizkuntza bat jakin ez, eta hala ere, harro. Ezjakinaz harro. Inozo galantak!
Eta beste detailetxo bat oraindik. Hasieran aipatu dudan nire adiskide nafarrak kontatzen zidanez, entzuleen artean omen zegoen Miren Aranoa parlamentaria ere, eta ekitaldiaren amaieran hiru minutuz jardun zuela aipatu alkatearekin ingelesez, baina honek aitortu zuela ez ziola ezer ulertu.
Beti esaten dudana: hizkuntza zenbat eta hobeto jakin, zeuretzat mesede eta hizkuntzari kalterik ez, alderantziz baizik. Eta zenbat eta hizkuntza gehiago eta hobeki menderatu, hainbat eta ahalbide gehiago eskuetan. Arazoak konpontzeko bidea hitza bada, saia gaitezen arazo konponketarako lanabes hori (edo horiek) prestatzen, aberasten eta indartzen. Hitzak edo hizkuntzak falta bazaizkizu, nekez ariko zara arazo konpontzaile lanetan.
Beraz, nik ere good morning, eta thank you. Euskarari bizia eman deizaiogun. Euskarari bizi luzea opa diogu eta, horrenbestez, bidea ere luzea dugu aurrean.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!