DUINA ikerketa. Edo zergatik prekarioan bizi?
2016an, Biolurrek baratze ekologikoen bideragarritasuna aztertzeko lan-ildo bati ekin zion. Ildo horretatik heldu zaigu DUINA ikerketa. Honek, lehen fasean, emaitza brutalak izan zituen: aztertutako 10 baserrietatik 2 bakarrik (erratuta ez banago) baziren kapazak Lanbideen arteko Gutxieneko Soldata gainditzeko, astean 52 orduko lanaldia sartuta eta familia-laguntzarekin.
Orain bigarren faseko emaitzak aurkeztu dira, ezer berririk ez, baina paperean jarrita, datu bat bestearen ondoan, beldurgarria da.
Eskubide Sozialen Kartak soldata duina 16.800 €-tan iradokitzen badu, baserritar baten soldata erreala 14.900 €-koa da. Nekazal lana 1.800 ordutan osatu daitekeela ezarrita badago ere, errealitateak esaten digu hori batez beste % 10ean gainditzen dugula, eta kasu batzuetan % 53an.
Laburbilduta, soldata behar baino % 11 baxuago, eta lanaldia % 10 luzeago (gutxienez). Laguntza publikoak diru-sarreren % 5.42 baino ez dira. Zuzeneko salmentan aritzen garenok batez beste % 37 igo beharko genituzke gure prezioak, lan-baldintza duinak lortzeko. Azenarioa 4.80an, brokolia 5.44an, ilarra 11.43an…
A ze nolako aurpegia lotu zaizuen! Horrela lotzen zait niri merkatu egun gehienetan baina!! Berdin berdintsua, baina ispiluaren beste aldetik.
Ziur asko buru azkarren batek teorizatuko zuen, eta nik oraindik ez dut jakin, baina sortu dugun gizarte honetan badirudi baserritarroi dagokigula klase sozial berri bat osatzea, azpiprekarizatua, lunpenetik prekariotik baino gertuago dagoen klase soziala, hirugarren mailara jaistetik igotze postuetatik baino gertuago dagoena.
Gogoan dut gaztaroan dualizazio sozialari buruz irakurri nuela, Indiako adibidearen bidez azaltzen zutela, eta ez nuen guztiz ulertu. Hala eta guztiz ere, militante komunista jatorren moduan, buruz ikasi nuen, eta aukera izaten nuen guztietan aipatzen nuen azkarrago agertzeko edo.
Baina joder! Orain ulertzen hasia naiz, dualizazioak apurtu egin du esplotatzaileen eta esplotatuen arteko muga klasikoa, eta guztiok bihurtu gaitu burges txiki arimadun izaki. Orain hasia naiz ulertzen giltzurruna ondo estalita duen horrek, astean 35 edo 30 ordu lortu nahi dituen horrek, supermerkatuko eskaintzako esnea erosteko duintasun osoa galtzen duenean, edo letxuga baten prezioan 10 zentimo eztabaidatzen didanean, nire klase etsaia bihurtu dela. Antolakunde politiko berdinean militatuko badugu biok ere.
Eta orain ulertu dut, aipatutako prezioetara joko dut berriro, lehen sektoreko lan-baldintzak esplotaziozkoak direla, eta esplotazioa jateak, entzuteak jodidu egiten bazaitu ere, esplotatzailea bihurtu zaituela.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!