Des-hiria, des-natura
Gasteizko auzo berri batzuetatik paseoan ibili nintzen aurreko batean, lagun batekin. Aparte samar daude auzo hauek. Bueno, “samar” ez, aparte daude. Izan ere, eraiki gabeko tarte zabala dago Gasteizko “azken” eraikuntzatik auzo berriraino, ehunka metro. Esparru hori guztia erdi urbanizatuta dago, kaleak eta espaloiak, bai, eginda edo badaude, baina tartean orube zabalak badira, sasiz beteak, obra hondakinez jantziak, zuhaizka ziztrin batzuk han-hemenka. Ez da hiria, ez da natura, ez da dagoeneko duela gutxi arteko nekazaritza landa zabala. “Des-hiria” da, baina “des-natura” ere bai.
Ez da leku atsegina, eta bertan sasien artetik era berean ager dakizkizuke esparruan harrapatua geratutako suge despistatua, untxi nahasi bat, pneumatiko zaharra edo metal herdoildua. Eta egoera urteetan luza daiteke, “urbanizatutako” leku horietan etxebizitzak egin arte. Bitartean tarteko hori espazio ustela bihurtzen da, ez nekazaritza, ez naturgune, ez ezer. Guztiok ikusi ditugu honelakoak gure hiri eta herrien inguruetan.
Honetaz ari ginela, lagunak egoeraren giltza eman zidan: “bai, ez da polita, baina lursaila erosi duenarentzat -normalean eraikuntza enpresaria- urtez urteko errebalorizazioa dakar, esparru hori hiri barnean geratu delako; urrunago eraikitzeak tartean geratutakoaren balioa igotzen du”. Zer pentsa eman zidan: norbaitek dirua sartzen du honelako espekulazioetan, besteren batek (erabakitzeko botere politikoduna) baimena ematen du eraikitzeko batzuen interesen arabera, honek espazioaren okupazio gehiegizkoa ekartzen badu ere… Eta bitartean leku desitxuratu eta itsusi horiek nekazaritzaren, naturaren, bizitzaren kalterakoak dira, espekulaziorako gune antzuak bilakatuta. Kapitalismoaren metafora egokia iruditu zitzaidan guztia, batzuen negozioa, besteen konplizitatea, gehienon galera: “des-hiria”, “des-natura”… “des-planetaz” ere hitz egin beharko genuke?
Josean Bueno Saez de Albeniz
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!