Dèjá vu
Pasa den ostiralean, espetxean bisitatzen nuen azken laguna askatu zuten. 12 urte gatibu eman ostean kalean dago, baina ez libre, Espainiak auzi judizialak irekiak dituelako oraindik bere kontra.
Egin nion azken bisita Zaballara izan zen, etxetik 30 minutu eskasetara. Egun hura, etxean nengoen eta ezin nuen sinistu handik ordubetera nire lagun preso bisitatuko nuenik. Heltzerakoan, euskara, ikurriña eta zipaioak, are arrotzagoa egin zitzaidan hori. Barruan euskaldun asko, espetxeetako egoera berria gai nagusi izanda.
Ostiralean, gaztelu baten modura menditxo baten tontorrean dagoen kartzela madarikatu honetarako bidea urduri eta alaitsu igo nuen. Banekien kalean ikusiko nuela laster eta horrek asko pozten ninduen. Ateratzerakoan, arraroa egiten zitzaidan lau hormetatik kanpo egotea azken hamarkadan giltzaperatuta ikusi izan dudan emakume txiki eta boteretsu hau.
San Inazio auzoan, bere Bilboko bizitoki eta militantzia eremuan, lagun asko zituen zain. Energia zabaltzen duen neska honek merezitako harrera jaso zuen, maitasunez beteriko besarkada kolektiboa. Bera ez da inoiz izan espero dena, eta benekotasun horri esker, egun politikoki oso aldenduta gauden pertsonak batzeko gaitasuna izan zuen. Bere koherentzia politikoak gidatu du bere ekiteko modua beti eta hori mirestekoa da.
Bere hitzak barruan utzi zituenentzat eta borrokan jarraitzeko deialdia.
Arratsalde-gau horretan, Itzik eta Saniko militante zahar eta berriek, gezurra izan arren, komunitate politikoa sentiarazi gintuzten berriro. Laguna kalean, irribarretsu, bere jendearekin ikustea bezain hunkigarria izan zen hori bizitzea.
Hala ere, nostalgiatik ezin dugu bizi, eta are gutxiago irabazteko borrokatu nahi badugu. Denbora aurrera doa eta ekintza bakoitzak etorkizunerako baldintzak zehazten ditu. Egungo errealitatera ekarri gaituen bidea ezin dugu atzera egin, baina bai iraganetik ikasi marrazten ari garen orain honetan akats berdinak ez errepikatzeko; eta nola ez, asmatutako gauzetatik irakaspenak ateratzeko.
Ofentsiban, baina batez ere erresistentzian garaiezinak egiten gintuen ezaugarrietako bat hori bera zen, komunitate politiko sendo baten parte izatearen indarra hain zuzen ere. Hau ez zen ideietan eratutako sentimendu bat, estrategia zehatz bat zuen ondo antolatutako mugimendu politikoaren inguruan osatzen zen giza-talde hura eta sentimendua errealitatean sustraituta zegoen. Beraz, berreskuratzeko ez dugu mistika sortu behar. Euskal Herrian dominazio sistema kapitalista islatzen duten estatu zapaltzaileei aurre egingo dion indar politikoa eraikitzeko oinarritik hasi behar gara. Auzoz auzo, herriz herri, esparruz esparru, proiektu politiko bateratua izango duen komunitatea lortu arte.
Eskerrik asko Sani, bizipen hauek zuen antolakuntza eta batasunik gabe ezinezkoak izango zirelako.
Eta esker aunitz, Itzi, herri honi emandako guztiagatik eta komunitate politiko horren bihotzaren parte izateko izan duzun indar eta kemenagatik.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!