Déjà vu
Aurreko astean eta EAEko aurrekontuak zirela medio beste deja vu horietako bat izan genuen. Desagerturik zegoen EAJren eledunak (edo eledun ohiak) mina eman nahi duten esaldi horietako bat bota zigun mahai gainera, el pacto de los cinco semanales. Esaldi ingenioso horietako bat, zuzendu egiten diozun besteari mina emango diola seguru zauden horietako bat. Politika merkea, zikina, ostikada koldarra, beharrezkoa ez zena, asko sufritzen ari denari eta bere arazo hori konpontze bidean duenean egiten zaion iseka. Estilo hori gainditzen ari ginela uste nuen.
Atzera begira. Demagun baietz, horrela izan dela, Ezker Abertzale Berriak bere indar instituzionalaren zati bat afera hori konpontzeari begira jarri duela. (Sinplifikazio hutsa, ezen eta presoen inguruan gertatzen ari dena ez baita bakarrik bi indar politikoren arteko trukaketa baten emaitza. Korapiloa askatzen hasia da horretarako abagune historiko bat agertu delako, eta abagune historikoak ez dira kasualitatez sortzen. Beste egun baterako utziko dugu hau). Baina, horrela izanik ere, zein da arazoa? EAJk aukera handiak izan ditu azken urteotan Ezker Abertzalea orain lortzen ari dena lortzeko. Eta ez da ahalegindu, ez behintzat modu sakonean. Euskal presoen eskubideen defentsan protagonismoa eta aitzindaritza eskaini zaizkio maiz, eta ez du nahi izan. Beraz? Gure amak esango lukeen moduan, zein tripa apurtu zaio? Espainiako aurrekontuei EHBk emaniko babesa, ez al die EAJk ere eman? Orduan, zergatik ez dira pozten? Zergatik ez diote “Ongi etorriok, bidean galduta zeundetenok, gure artaldera?” Nik neuk ere uste dut jarrera horretan ideologia hutsa ez baizik eta politika ere egon dela. Eta? Ez al da hori indar politikoek egiten dutena, EAJk batez ere? Ez al da hori Ezker Abertzaleari eskatzen zitzaiona? Are, ez al ditu Ezker Abertzaleak beti estrategiak eta taktikak konbinatu? Bada, pragmatismo horrexek eramaten du Ezker Abertzalea EAEko aurrekontuak ez babestera. Aurrekontuen edukia egokitzat jo ez, eta horiek babestearen truke beste eremuren batean aurrerapausorik ez bada sumatzen, zer espero dezake EAJk? Zergatik ez du EAJk izan PSOEk izan duen abilezia eta negoziatzeko borondatea? Bestela, zalantzarik ez dut nik, presoen afera konponbidean jarri ez eta laster leporatuko ligukete horiexek “gerrara eraman zenituzten eta gerra bukatutakan lubakietan botata utzi dituzue”. Ezagutzen ditugu. Ez da hori gertatzen ari, eta mina ematen die. Kasketa hutsa, Madrilen egin duguna ez baitugu Gasteizen egin. Eta kasketa bikoitza, eurek egin ahal izan zutena eta egin nahi izan ez zutena beste batek egin duelako. Presoen aferan giltza zutela uste izan zuten, agian bazuten!, ez zuten erabili eta, orain, bigarren planoan geratu dira. Estratega dorpeak.
Aurrera begira. Gauzak onbidean, laster izango ditu espetxe-eskumenak Gasteizko Jaurlaritzak -ez dakit hain laster gauza bera gertatuko ote den Iruñeako Gobernuarekin, baina jarraian EAJri buruz esango dudanak berdin du balio PSNrentzat-eta, orain arte ez bezala, bere menpe izango dira, zuzenean eta ardura osoz, 3 espetxeen zuzendaritza taldeak, tratamendu-batzordeak eta espetxe-politikaren eredu berriaren aukerak. Ez zenidaten entzungo niri EAJ izan zenik sakabanaketaren sortzailea edo horrelakorik. Giza eskubideen zapalketa horretan, baina, gutxienez ezikusiarena egin duela, aldiz, eztabaidaezina da. Laster izango du EAJk euskal presoen aferan bere borondatea erakusteko aukera, espetxe horietara dozenaka euskal preso iritsiko baitira eta EAJen esku geratuko baita hein handian pertsona horien etxeratzeko bidea erraztea edo oztopatzea. Irteerak, baimenak, hirugarren graduak, baldintzapeko askatasunak. Eredu bat badu. Generalitateko espetxe-zerbitzuek hartutako jarrera, procéseko presoekin daraman ildoa. Bai, gero Espainia etor daiteke, bere fiskaltza eta bere auzitegiekin. Baina hemendik etxeratze-prozesua errazten bada, bake santua, agian izango dugu beste akordio bat, el pacto de los cinco semanales.en aldaera gaurkotua. (Kontxo, eta agian horrekin lortuko du EAJk bere aurrekontuekin ere Ezker Abertzaleak bere inkoherentzia ideologikoa zamalkatu eta aurrekontu horiek babestea. Ausar bedi).
Txema Matanzas
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!