Buruzagi goren maitea
Buruzagi goren maitea, gaur telebistan ikusi zaitut, zure bihotzeko min guztiarekin azaldu dizkiguzu deabruak bidalitako izurrite suntsitzaile hau geldiarazteko ezarri behar izan dituzun azken neurri murriztaileak.
Gainera, oso ondo azaldu diguzu hiru puntutan neurri horiek zergatik hartu diren; lehenengo biak ez nituen ulertu egia esan, mar, mar, mar eta ez dakit zer; baina hirugarrena, hori bai, hori oso argi geratu zait, txertoa hartu nahi ez duten biztanleen ehuneko hamarrena da erru guztia.
Osasun publikoaren kolapsoa; ostalarien lanerako gaitasuna murriztea eta polizia-lana egin behar izatea, ostera be maskara aire librean jantzita eraman behar izatea, COVID pasaportearen betebeharra gizartean talka sortzea… mar, mar, mar eta txertorik hartu ez duen jendea.
Buruzagi goren maitea, zure lidergo-gaitasun handiaren aurrean harritzen jarraitu besterik ezin dut egin. Beti dago arauak onartzen ez dituen esker txarreko baten bat. Zure dimisioa eskatu duten ostalariak kasu edo subentzionatutako hedabideek ematen digutenarekin konformatzen ez diren negazionistak kasu, ez al dakite ez hauek ez besteak buruzagi batek ez duela dimititzeko eskubiderik, gurea gainditzen duen ahalmen batek aukeratua izan dela lidergorako? Ez al dakite ez hauek ez besteak zientzia erlijio mugetara eraman genuela horretarako, egi absolutua bakarra ezagutzeko eta egi horren bidea gure ahalmenari eskapatzen zaiola?
Tertuliakide politiko gisa diharduen txalo-gile profesional koadrila horretan kritika saiakera eskapatu zen baina; entzun nion bati neurriak berandu zetozela esaten. Dirudienez, haren arabera, lehen ere mugatu behar zenituen herritarren eskubide zibilak. Beno, egia da, ez da larria, baina agintzen dizut nire betebehar patriotikoei erantsiko diedala gaurdanik pertsona honen adierazpenak hurbiletik jarraitzea, bide zuzenetik desbideratu ez dadin. Badakit, buruzagi goren maitea, jende ona badela, bestela ez lirateke han egongo. Baina badakit ere zure bihotz onak batzuetan gainditzen zaituela, eta erne egon behar dugu, etsaia guri zelatan dago.
Ondo asmatu duzu oposizio politikoa merezi duen tokira eramaten. Ez dute txintik esan, neurri kosmetikoena uste dut entzun niola bati, ondo da hori, alderdien legetik hona eskubide urraketa handiena burutu eta neurri kosmetikoena izan da kritikarik gogorrena. Borobila. Baliteke horren ostean buruzagiaren itzalean zein goxo bizi den ikasi eta erantzun hori aplikatzea Tapia legeari baita. Are borobilagoa.
Zalantza bat besterik ez zait gelditu, neurri horiek guztiek porrot egiten dutenean, baliteke hau guztia kristal apurtuen beste gau batekin amaitzea; ez gaizki hartu, ez da horrek arduratzen nauenik, baina horren ostean nork hartuko du ez txertatukoen tokia?
Barka iezadazu, buruzagi maitea, nire fedea ahuldu egin da une batez, ziur nago pentsatuta daukazula eta bere garaian jakingo dugula.
Agur, buruzagi maitea, espero dut hitz hauek jakingo dutela itsasoa zeharkatzen eta merezitako atseden egun batzuez gozatzen duzun lekura iristen. Indartsua izan behar duzu, gure etorkizuna zure esku dago, hemen dena baitira arazoak, mar, mar, mar … eta txertatu gabeak…
Iñaki Urkixo
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!