Borrokan jarraitzeko beharra
“Poliziak hainbat aldiz kargatu dute, foam jaurtigaiak tiro eginez eta hirian zehar zabaldu dira barrikadak, korrikaldiak, polizia kargak, eta suak. Begi bat galdu du pertsona batek eta barrabila beste batek aireportuko istiluetan. 75 lagunetik gora artatu dituzte osasun zerbitzuek…”. Holako berri bat entzuten dugunean, urrutira joaten zaigu irudimena oharkabean. Ekialde Ertaineko edo Asiako herri batean gertatu dela pentsatzen dugu. Hong Kong-en, agian? Bada, ez. Kataluniaz ari gara. Hauxe da Espainiar Erresuma Demokratikoak adierazpen-askatasuna eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu nahi duen herri bati ematen ari zaion erantzuna. Euskal Herritarrok, tamalez, dezente dakigu horretaz ere…
Erreferendum bat antolatzeagatik ehun urteko espetxe zigorrak ezartzea katalandar agintariei zuzengabekeria galanta da. Baina, ez hori bakarrik. Arrisku izugarria da gizarte osorako, manifestatzeko eskubidea zalantzan jartzen duelako, bai eta desobedientzia ere. Horrela ulertu dute katalandar askok. Horregatik amorrua eta protesta! Horrela ulertu dugu Euskal Herrian eta beste leku askotan herritar askok; eta horregatik laguntza eta protesta… Kataluniako prozesaren aurkako epaiarekin ohartarazpen bat bidali nahi izan digute herritar guztioi: disidentziaren aurka, haien ordena mantentzeko, dauzkaten baliabide guztiak erabiltzeko prest daudela.
Kasu gehienetan errepresioa (indar armatuen bitartez); beste kasu batzuetan, mozorroa edota makillajea (sistema zalantzan jarriko ez duten ikono mediatikoak sortuz, protestak bideratzeko); hedabideak (“fake-news” edo berri faltsuak zabaltzeko); botere judiziala (zigor zentzagarriak jartzeko epaileak erabiliz)… komentatzen ari garen kasu honetan bezala, edota hain geureak diren beste kasu batzuetan: 11/13 sumarioko auzipetuen kasua edo Altsasuko gazteen aurkako epaia, bi besterik ez aipatzeagatik. Egunez egun egiten ari diren zuzengabekeria gero eta lotsagabe eta larriagoek ageri uzten dute noruntz eraman nahi gaituzten, eta borroka jarraitzeko beharra!
Askotan entzun dugu Sistema kapitalista oso gaixorik dagoela, fase terminalean, eta ados nago hausnarketa horrekin. Kapitalismoa egun ezagutzen dugun moduan bukatzear dagoela uste dut (edo uste nahi izan dut, hobe esanda). Hala ere, beste herrialdeei begirada bat ematen badiegu, mundua demokraziaz mozorrotutako totalitarismo indartsuago batera zuzentzen ari dela susmoa dut. Hala balitz, prest egon behar dugula erresistentzia antolatzeko eta autoorganizazio eta autogestioa geure eskuetan hartzeko. Eta horretarako, barkatu temati izatea, gizarte-mugimenduak topagune ederrak izan daitezkeelakoan nago. Bide batez, jakingo duzuenez, asteburu honetan, gaur hasita, ZAPateneoren 17. Urteurrena ospatuko dugu, zuen gustukoak izan daitezkeen ekitaldi batzuekin… eta, noski, gonbidatuta zaudete!!!
Mikel Lacalle (Zapateneo)
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!