«Biktimen oroitzapena» -Josean Bueno-
Azken hilabeteetan Gasteizen hainbat ekitaldi xumek gerra zibilean eta ondorengo frankismopean sortutako biktimak ekarri dute gogora. Santa Isabel hilerriaren ondoan egin zen lehena, bertan fusilatutakoak oroituz. Hiriaren beste lekuetan ere egin dira honelako ekintzak: Karmen komentuaren ondoan eta Sagrado Corazón ikastetxearen ondoan, bi eraikuntza hauek espetxe izan baitziren errepresio frankistan. Monumentua ere jarri da Posta eta Agirre Lehendakariaren kaleen artean, Korreos plazatxotik gertu. Gasteizen ere, beste lekuetan bezala, erregimen frankistak mendeku latza hartu zuen beren etsai politikoen aurka, euskal nazionalisten aurka, errepublikarren aurka, ezkerreko jendearen aurka. Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkate izandakoaren gorpua duela gutxi berreskuratu zen, beste gorpuekin batera, Azazetako mendatean errepide ondotik.
2017 urtean Oroitzapen Historikorako Plana onartu zen Gasteizko Udalean, eta horren segida dira ekitaldi hauek. EH Bilduk, EAJk, PSEk, Podemosek eta Irabazik adostu zuten plan hau. Memoriaguneak ezarri dira faxismoaren biktimak oroitarazteko eta omenaldia egiteko. Ondo iruditzen zait, nola ez!
Baina hau guztia ikustean zera datorkit burura: kontxo, bazen garaia! Franco 1975 urtean, duela berrogeita bi urte baino gehiago hil zen; ohean, lasai, hori bai, baina duela hamarkada batzuk. Orain arte zergatik ez da egin honelako ekitaldirik? Hainbat lekutan oraindik dabiltza, gaur egun, 2018an kaleen izen frankisten inguruko eztabaidan. Bada luzea frankismoren itzala! Baina, itzul gaitezen galderara: zergatik oroitzen dira orain biktima horiek?
Nik uste dut arrazoia aurkitzeko beste biktimei begiratu behar zaiela. Hain zuzen ere azken urteetan protagonismo politiko eta mediatiko zabala izan duten “terrorismoaren biktimei”. Biktima horiek konpentsazioak, omenaldiak eta errekonozimendua izan dute; ez dut nik esango hori guztia ez dela egin behar. Baina horien errekonozimenduaren argitara oso argi, eta lotsagarri, geratzen da frankismoaren biktimei hamarkadetan egin zaien ezikusia. Biktima batzuen errekonozimendu publikoa beste biktima batzuen errekonozimendu publikoaren itzaletik datorrela esango nuke nik.
Eta horrek zer pentsatu ematen du. Nork markatzen duen agenda? Nork sortzen duen “errelatoa” eta nola? Noraino den zintzoa biktimekiko elkartasuna eta noraino den interes politikoaren araberako propaganda joera? Injustizia eta biolentzia baten biktima guztiak berdinak dira?
Frankismoaren biktimei eginiko monumentu xumea begiratzen dut Korreos ondoan; bazter batean dago, plaka bat lurrean eta bi-hiru metroko altuerako burdinak. Ederra da, gustatzen zait. Baina justu atzean ikusten dut Banco de España eraikuntzaren itzal zabala, hainbat altueratako eraikuntza dotore-dotorea. Bertan urtean daramatzate milioiak inbertitzen terrorismoaren biktimen oroitzeko zentroa sortzeko. Izkina horretatiko argazkiak mila iritzi zutabek baino gehiago balio du: bi memoria, bi monumentu.
Josean Bueno Saez de Albeniz
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!