Beste egun bat gehiago
Gaur abenduaren 3a dugu, Euskararen Nazioarteko Eguna hain zuzen ere. Gure amak beti esan izan du egutegian eguna markatuta izatea normalean seinale txarra izaten dela. San Frantzisko Xabierkoaren eguna delako Nafarrek jai dute gaurkoan eta Argia bezalako aldizkariko langileek haien balioekin bat egiten duten egutegia dute adostuta 2013tik eta haiek ere jai dute Espainiako konstituzioaren omenezko eguna, hilaren 6a jai egin beharrean. Azken hauek hartutako hautua txalogarria iruditzen zait eta inbidia ere ematen dit.
Gaurko egunean ekimen ugari izango ditugu Euskal Herrian zehar, goizean hasi eta iluntzerarte. Gasteizen ere, GEU Elkarteak antolatuta arratsaldeko 17:30ean Oihaneder Euskararen Etxetik Andra Mari Zuriaren plazaraino kalejira egongo da eta gero kandelen mosaikoa besteak beste. Gaur euskara zainduko dugu baina beste 364 egunetan zer? Euskara zaintzea, erabiltzea da eta euskal kultura kontsumitzea. Orain dela egun gutxi artikuluren batean irakurri nuen eta gaur ere, Berria egunkarian artikulu bat atera da gai honen inguruan. Euskaldunen erdiek baino gehiagok ez dute euskal kultura kontsumitzen. Halaxe dio titularrak. Elkar fundazioak eskatuta 2500 inkesta egin dituzte Euskal Herria osoan eta emaitza oso tristea izan da.
Euskal herritarren %28ak ulertu eta hitz egiten omen dugu euskaraz. Horietatik, ordea, oso gutxi gara euskal kultura kontsumitzen dugunak. Bost euskaldunetik batek bakarrik aipatu ditu euskal hedabideak eta %59ak erderazko kazetak irakurtzen ditu. Beraz, euskaldunen artean hiru aldiz handiagoa da erdarazko egunkarien kontsumoa. ETB1 gehiagok ikusten dugu, euskaldunon %42ak. Euskal telebistaren gaiak beste iritzi-tarte baterako adina komentatzeko kontu ekartzen dizkit burura. Durangoko azokaren bezperatan, liburuen irakurketari dagokionez, %23ak bakarrik dugu euskaraz irakurtzeko ohitura. Euskaldunen %54ak erderaz irakurtzen du eta ohiturarik edo erreztasunik ez dutelako dela diote. Euskaraz gehien irakurtzen dutenen adin tartea 16 urtetik 25koa da eta gehienek ikasketak direla eta egin ohi dute.
Musikaren kontsumoa da altuena. Zenbat eta gazteago, orduan eta musika gehiago entzuten dute eta bereziki irratian entzuten dute edo internetetik hartu ohi dute. Oro har, kontzertuetara joaten dira euskaldunak gehien.
Datu hauek pentsarazteaz gain, ohitura aldaketak ekarri beharko lituzke baina makina bat lagun Durangon diska bat eta gero irakurriko ez dituen bi liburu erosita joango da etxera eta lasai egingo du lo.
Alaitz Amundarain
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!