«Beldurra garaile» -Irantzu Lekue-
Gaur, orain arte eman behar izan dudan prentsaurreko tristeena eskaini dut, Avenida Gasteiz 81en egitear nintzen “Ongi etorria- Bienvenida” muralari uko egitea erabaki dudala iragartzeko.
Uko egitea erabaki dut murala bizilagunekin, fatxadaren jabe diren horiekin, adostua eta sinatua izan arren. Baimen guztiak behar bezala izan arren. Zerbitzu guztiak jada kontratatuak izan arren. Eta proiektuaren planifikazioan, lanketan eta parte hartze prozesuaren garapenean dozenaka ordu igaro ditudan arren.
Uko egitea erabaki dut polemika hau dagokion lekura itzul dadin; akordioak eskuratzea helburu izango duen negoziaketa mahai baten bueltara.
Gasteizko Etorbidean egin behar nuen muralari uko egitea erabaki dut zeharka eta zuzenean jasotzen ari naizen presioa dela eta. Ni, nire lan-taldea eta eraikineko bizilagunak jasotzen ari garen presio eta eraso pertsonalak direla eta. Ezer baino lehen, gertakarien errepaso labur bat egin nahi nuke.
2017Ko udan ARTgiako lan-taldeak Gasteizerako hiru proiektu muralistiko garatu zituen. Udalak antolatzen zuen lehen lehiaketa publikoa izan zen hau. Ordura arte egin ziren 16 muralak inolako lehiaketa publikorik gabe esleituak izan baitziren. Gertakari hau, bere horretan jada aurrera pauso handia izan zela uste dugu, eta horregatik udal gobernua zoriondu nahi dugu, aurretiko gobernuek hartu ez zuten erabaki bat hartzeagatik. Lehiaketa honetako epaimahaikide gisa ibilbide profesional luze eta zabala duten udaleko hainbat teknikari ezarri ziren. Eta eurak izan ziren aurkeztutako proiektu guztiak baloratu zituztenak.
Gure hiru proiektuek puntuazio altuena eskuratu zuten, lehiaketa irabazi zutelarik. Baldintzak ordea oso gogorrak ziren eta ekintzailetza zigortzen zuten. Izan ere:
• Mural bakarra egiteko ez zen inolako fakturaziorik eskatzen.
• Bi mural egiteko ordea, 74.380€ko fakturazioa eskatzen zen.
• Hiru muralak egin ahal izateko 111.570€ko fakturazio behar zen.
Gu, hasi berriak izaki, aurretiazko ekintzen faltan ginen, eta ondorioz bi murali uko egin behar izan genion. Hauek, automatikoki beste enpresa baten esku geratu ziren. Osatuena zena hautatu genuen, proiektu borobilena.
Lehen asmoa Jose Erbina kalean egitea zen. Ezin izan genuen proiektua bertan aurrera eraman ordea: ez zen bertako bizilagunen lehentasuna. Herritarren parte hartzean sinesten dugu eta bizilagunekin izan genituen bileretan argi ikusi genuen aurrez bestelako neurri batzuk aurrera eramatea nahiago zutela, Udalarekin adostu behar zituztenak.
Egoera honen aurrean, proiektuarekin bat zetorren beste horma baten bila hasi ginen. Gasteizko sarreretako batean zegoen horma bat izatea nahi genuen, ongi etorri kontzeptua lantzeko aproposena zelakoan. Gasteizera sartzean lehen inpresioan ideia hori lantzeko aukera ematen zuen horma bat. Honela, Gasteizko Etorbideko 81 zenbakidun eraikinaren hormarekin egin genuen topo. Murala horma honetan egin ahal izateko lanketari ekin genion beraz, parte hartze prozesua abiatuz. Honetan ginela egin du eztanda polemikak.
Hasieratik, benetan interesgarria den eztabaida publiko bat ireki zela uste izan dugu, baina egunak aurrera egin ahala, eztabaida bera desitxuratu eta toxikoa bilakatu da. Jada guztion dakizuen moduan, Arkitekto Eskolak Gasteizek emateke duen eztabaida publiko bat mahaiganeratu du. Nik neuk bat egin nuen arkitektoek aurkeztu zuten lehen testuan jasotako ideiekin. Izan ere, bertan Gasteizko Alde Zaharrean dauden mural kopurua eta hauek egiteko erabili diren eta erabiltzen diren irizpideak zalantzan jartzen ziren.
Ados gaude lehen testu horretan helarazitakoarekin. ARTgia sortu genuenetik ideia horixe bera defendatu dugu, hau da, Alde Zaharrean jada nahikoa mural egin direla eta Gasteiz bere Alde Zaharra baino askoz gehiago dela. Zentzu honetan, gure erabaki, hasiera hasieratik, Alde Zaharrean “makro” eskalako inolako interbentziorik ez egitearena izan da. Horrez gain, arkitektoek, Alde Zaharrean egin diren muralen irizpideak edota mural guztiak, aurrez inolako lehiaketa publikorik martxan jarri gabe, enpresa berak egin izana kritikatu dute. Guk ere bai. Horregatik, hain zuzen ere, pasa den irailean antolatu zen lehiaketara ez aurkeztea erabaki genuen, beste muralgile batzuk aurkezteko aukera izan zezaten. Honela, hiriak sormenean irabazteaz gain beste artista batzuek euren lanak garatu ahal izateko aukera izan zezaten.
Orain artean ordea arkitektoen posizioarekin bat egiten bagenuen ere, ez hala formekin, euren posizio aldaketak harritu eta nahasi egin gaitu. Pasa den astean arazoa Alde Zaharrean eta honek bizi duen gainkarga muralistikoan zegoen. Gaur, aldiz, arazoa auzoetan dago. Aldaketa honek artea eta parte hartze prozesuak ez dituztela gustuko aditzera ematen du. Eta gustuko ez izatea guztiz zilegi da. Gasteizko hiritarrei bertako hainbat eraikin ez gustatzea bezain zilegi. Baina norbere gustu eta interesak ezin dira inoiz inposizio bilakatu, ezta beste sortzaile batzuen lana oztopatzeko argudio.
Gogora ekarri nahi dugu muralgintza gure jatorrietan kokatzen dela eta mendez mende arkitektura kolorez jantzi duela. Paleolito garaitik labar-arte margoekin, antzinaroan eta erromantiko garaian. Errenazimendutik, barrokora, Rokokoan eta modernismoan zehar…. XX. Mendean Diego Rivera moduko muralistek mural margoaren presentzia itzuli zuten, Le Corbusier moduko arkitekto handiek oinarrizko koloreak erabili dituzte Mondrian estiloko euren proiektuetan eta Nestor Basterretxea moduko artistek fatxada grisak koloreztatzeko muralak diseinatu dituzte. Egun horietako asko ezin ditugu ikusi, hain zuzen ere, mantenu lanak ez egiteagatik, edota mural horiek zituzten eraikinak eraitsiak izan direlako euren lekuan “modara” beste eraikin batzuk eraikitzeko.
Triste nago bai, eta harrituta.
Harrituta, gure hirian hainbat presio taldek duten botereagatik. Beldurrak irabazi du oraingoan. Egia esanda, ez nuen sekula pentsatuko, talde sektorial batek horrenbesteko botera izan zezakeenik. Udala osatzen duen ordezkaritza politikoaren gainetik euren iritzia lege bilakatzen saiatzeko bezain besteko boterea.
Harrituta nauka, eta baita gogaituta ere, arkitektoek erakutsi duten formaltasun eskasak, guztiz aldakorra eta inolako kontrasterik gabe eraikia izaten ari batia darabilten diskurtsoa. Hala izan dela diogu, asteartean bertan arkitektoen ordezkarietako batekin izan genuen bileran, besteak beste, mural honekin hautsiko genukeen eraikinaren poesia bisuala, jada aurrez eraldatua izan dela ere ez zekitelako. Sorreraz poesia bisual zuria zuen eraikinaren erdialdea beltzez estalia baitago duela hilabeteetatik. Non ziren arkitektoak hori egin zutenean? Non ziren euren kezka eta kexak? Akaso sorgin ehiza hau prestatzen ari ote ziren? Egia ondorengoa da: hedabideetarako jo aurretik ez dutela inolako egiaztapenik egin. Seriotasun gutxi erakutsi dute ere obrak gelditzeko eskakizuna hedabideen bitartez eginez. Erabaki bitxia benetan, euren diskurtsoaren baitan Udalari muralgintza neurtzeko bide legeak ezartzeko eskatzen ari direnean, obrak gelditzeko bide judiziala abiatu beharrean hedabideetara jo izana.
Esan dudan moduan, atzera egitea erabaki dut. Bidea libre uzten diot Arkitektoen Eskolari “nolabaiteko” balioa -inori azaldu ez dioten balioa- duen eraikin honen poesia bisuala babestu asmoz abiatu duten gurutzadarekin jarraitu dezaten. Izan ere, gurutzada hau benetan erreala bada, Gasteiz irabazten irtengo da horma horretan zintzilik den kartelak herdoila eta oxidoa izateari utziko diola ulertzen baitugu. Ez bada hala ordea, bere horretan mantenduko da, beltzez estalia eta oxidatua.
Era positiboan amaitu nahi dut baina. Eztabaida lasai baterako gonbita luzatuz. Arkitektoen eskolak eskatzen dituen gisako irizpideak ezartzearen alde bainago, baina inolaz ez, lobbyen jarrera gogorarazi didan modu eta forma hauekin, inork bozkatu ez dituen eliteen gisara. Era berean jokatu zuten, duela aste batzuk Goya gasolindegiko eraikin historikoa, Florida parkean dagoena, eurentzako eskatu zutenean. Eraikin hau Emakume Etxea eraikitzeko izan zitekeen, ardoaren museoa izateko edota Mercedes Benzen museoa ezartzeko. Eskakizuna egin eta hedabideetako titularrak presio egiteko baliatzea guztiz lekuz kanpo dago.
Nere proposamena muralgintzarako erabili daitezken hormen mapa bat osatzearena da.
Eta horretarako administrazio publikoan den talde teknikoaren gaitasunean konfiantza osoa daukat. Eta jardun honen zuzenean eragiten dien sektoreen arteko zubiak eraikitzearen aldeko apustua egiten dut. Herrialdeko arkitektoekin eta sortzaileekin. Akordiorako marko baten sorreraren aldeko apustua. Halako gertakizun desatsegin eta nekagarriekin amaitzeko balioko duen marko baten aldekoa.
Amaitzeko, azken apunte bat egin nahi nuke, duen baliogatik. Izan ere, garrantzitsua deritzot muralgintzari esker azken urteetan emakume sortzaileek lortu duten bisibilazioa azpimarratzea, orain artean arte munduan ere bigarren mailako izaki izan garen heinean. Lan honen garrantzia beraz, gure aburuz, bikoitza da, hiriari sormenari eta arteari dagokion alorrean egiten dion ekarpenaz gain, emakumeen lanari balioa eta bisibilizazioa emateko ateak zabaldu baititu. Zentzu honetan, bereziki mingarria eta kaltegarria, hala nola, atzerakoia deritzogu arkitektoen eskolak muralgintzaren aurka azaldutako jarrera. Esan bezala, hasierako irakurketarekin bat egiten genuen arren, orain, jardueraren beraren aurkako mugimendu bat izatera iritsi baita. Zentzu honetan, Arkitekto Eskolako kideei honen inguruan hausnartzeko tartea hartzeko gonbita luzatzen diegu, Gasteizi muralgintzak egiten dion ekarpenaren inguruan eta baita muralgintzak emakume sortzaileei ireki dien aukeren inguruan ere.
Uko egiten diot beraz Gasteizko Etorbidean egiteke nintzen muralari, polemika guzti honekin zerbait lortu badute, gure ilusioa zapuztea izan baita. Eta gure lanean ilusioa behar beharrezko dugun gasolina da.
Beldurrak irabazi du. Presio taldeek sorrarazitakoa. Hori bai, eskertuko genuke nonork azalduko baliguke zertan hobetzen den Gasteiz, hiri gris, oxidatu eta kolorerik gabea bilakatzean. Eskerrik asko.
Bide batez, publikoki eskertu nahi diet hiri hau hobetzeko aktiboki lanean diharduten pertsona guzti horiei euren eguneroko lana eta irmotasuna. Bereziki, hiritarren parte hartze departamenduko kideei, alkateari berari eta egun gogor hauetan idatzi, deitu eta kezka helarazi diguzuen udal ordezkariei eta gainontzeko pertsonei. Eta nola ez, Gasteiz Etorbideko 81 zenbakiko eraikineko bizilagunei, eurak ere, gu moduan, polemika honek erdi erdian harrapatu baititu. Esker mila.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!