«Basamortu debekatua» -Alaitz Andreu-
Igandea egun euritsua izan zen, euritsua eta hotza. Lagun batzuk gonbidatu nituen etxera, eta, Gintonik artean, Desertu Debekatuan aritu ginen jolasean. Jolasean, eta ez jokoan. Izan ere, elkarlaneko jolasa da; talde osoak galtzen du, ala bizirik ateratzen. Basamortua bera eta bertako ekaitzak dira etsaiak, eta egarria. Erabakiak guztion artean hartzea da kontua, eta, elkarri lagunduz, basamortutik ateratzea. Egarriak jota hiltzen bada bat, guztiok hiltzen gara.
Atzo eguerdian, bazkaltzekotan nengoela, etxeko tinbrea jo zuten. Etxean bakarrik egoten naizenean, ez zait atea irekitzea gustatzen; are gutxiago, behatxulotik begiratu eta gizonezkoak direla ikusten edo atzematen badut. Auskalo zergatik, etxepeko administratzaileak garelako beharbada, behatxulotik begiratu eta bi gizonezko ikusi nituen arren, atea ireki nuen. Iberdrolakoak zirela esan zidaten. Hitz egiten zuenak hontz-begiak zituen. Eta asko hitz egiten zuen. Deseroso nengoen, baina, atea itxi beharrean, entzuten jarraitu nuen. Hala ere, zerbait egiten saiatuko balira, nola erantzungo niekeen pentsatzen hasi nintzen, nola kolpatuko nituzkeen irudikatzen. Eta ez, ez da sentipen batere atsegina.
Albistegia nuen jarrita, eta oso ondo entzuten zen geunden tokitik. Bi neska etxera sartu zitzaien gizonezko lapur erasotzaile batez nola libratu ziren kontatu zuten; kontakizun odoltsua izan zen. Nahi gabe, barre txikia atera zitzaidan, eta, aurrean nituen bi gizon horiek nitaz pentsatuko zutenaz batere kezkatu gabe, lasaitu egin nintzen, eta indartu. Haietaz libratzeko mila ideia bururatu zitzaizkidan. Eta, Basamortu Debekatuan bezalaxe, nolabaiteko talde-sentipena eduki nuen. Beren burua babestu zuten bi neska haiek eta ni, hirukote galanta.
Atzokoa pelikula bateko eszena izango balitz, berez, ez luke Bechdelen testa gaindituko. Edozein adierazpen artistikotan, izan daiteke pelikula batean edo nobela batean, emakumeen eta gizonen errepresentazioa parekidea den jakiteko erabil daiteke Bechdelen testa. Hau da, kopuruez gain, emakumeek lan artistiko horretan duten irudikapena onargarria den ala ez ikusteko. Test horren arabera, lan horiek hiru ezaugarri eduki behar dituzte. Lehenengoa, gutxienez bi emakume agertu behar dira, eta paper nahiko garrantzitsua eduki behar dute traman. Bigarrena, elkarri hitz egin behar diote uneren batean. Hirugarrena, elkarrekin daudenean ez dute gizonezkoei buruz bakarrik hitz egin behar.
Zoritxarrez, pelikula, telesail, nobela, komiki eta abar gehienetan, ez da testa betetzen. Ikusten edo irakurtzen duzuen hurrengo lanean testa betetzen ote den probatzeko proposamena egiten dizuet; bai, baita zuen pelikula gustukoenean ere. Litekeena da ez gainditzea.
Atzoko iberdrola-momentura itzuliz, gertatutakoa pelikula bat balitz, berez, ez litzateke testa beteko; nire burutazioak agertuko balira, ordea, bai. Hiru emakumek eratutako taldea sortu zen, garrantzitsua traman, eta gizonezkoei buruz beharrean, autodefentsa feministaz aritu ginen.
Irribarre ere egin nuen.
Ezinbestekoa da adierazpen artistiko guztietan agertzea emakume edo gorputz ez-(hetero)normatibo eraldatzaileak, gogorrak, dibertigarriak eta azkarrak, batzuetan triste, besteetan pozik edo haserre. Badago esaten duenik beti ari garela horrelako kontu txotxoloak eskatzen, ea ez ote garen nekatzen. Aspertu egiten ditugula. Eta kontua da haien eredu hegemonikoa irudikatzen ez duen guztiak beldurtzen dituela.
Basamortu Debekatura jolastu nahi?
Alaitz Andreu Eizagirre
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!