Aske izan arte
Aurreko astean, Guardia zibilak lau militante independentista atxilotu zituen terrorismoa goraipatzea leporatuta. Operazio polizial baten ondorioa izan omen zen. Euskal gatazkaren parametroak aldatu diren arren, estatu zapaltzaileen estrategiak indarrean jarraitzen duenaren beste adibide garbi bat izan da. Baina, zer dela eta indargabetuko lituzkete estatuek Euskal Herria suntsitzeko bitartekoak?
Orain dela hamar bat urte, Ezker Abertzalearen barruan emandako estrategia aldaketaren ondorioz, ildo antierrepresiboan oinarrizko moldaketak egon ziren. Honen harira piztu zen eztabaida orokorraz gain, aipatutako ildoan plateamendu politiko ezberdinen arteko talka ere egon zen.
Estrategia berrian, ordura arte helburu historikoa izandako Amnistiak jada ez zuen lekurik. Aldaketa honen zergatia bi arrazoietan oinarritu zen batik bat. Alde batetik, estrategiaren oinarrietako bat zen indar metaketa bultzatzeko; eta, bestetik, estrategia berriaren ondorioz, estatuen errepresioa desagertuko zenaren ideia zabaldu zelako.
Aipatu berri dudan bezala, moldaketa hau borroka armatuaren desagerpenarekin errepresioa bukatuko zenaren sinesmenean sustraituta zegoen. Eta hau, nire ustez, estatu okupatzaileen estrategia suntsitzaileak eta edozein estatu kapitalistatan errepresioak betetzen duen funtzioa ez ulertzea da. Estatu espainolak ahalbidetzen duen proiektu unionista eta kapitalista arriskuan jarri duena ez da borroka armatua izan, honen inguruan garatutako indar independentista eta iraultzailea eta indar honek errealitatea baldintzatzeko zuen gaitasuna baizik. Egia da, errepresioa kuantitatiboki eta bortizkeriaren aldetik aldatu egin dela. Aurreko eguneko operazio polizialak oharkabean harrapatu gintuen, aldiz aurreko hamarkadetan, hurrengo sarekadaren beldur bizi ginen. Baina horrek ez du esan nahi Estatuen aparato errepresiboak jada ez duenik Euskal Herria jopuntuan, eta beste eguneko sarekada horren ohartarazpena izan zen. Estatuaren helburua mugimendua deuseztea izanik ere, mometu bakoitzean behar duena neurtzen du. Egun, Euskal Herrian ez da existitzen indar iraultzailerik errealitatea baldintzatzeko gai denik. Beraz, jendartean “onargarria” den indarkeria kuota, mugimenduaren berregituratzea oztopatzeko behar duen indarra eta bere proiektu politikoa kolokan jartzen duena agortzeko estrategia kokteleran jarrita, momentu eta egoera zehatz batean burutu beharreko errepresioaren forman ekoizten du.
Honez gain, Amnistiaren aldarria alboratzeak gatazka politikoaren oinarriak desitxuratzea ekarri du eta honen eraginez, gatazka betikotzearen arriskua. Errepresaliatuen askatasun politikoa eskatzetik, gatazkaren ondorioen kudeaketaz hitz egitera pasatu da, gatazka politikoa bukatuta balego bezala eta etorkizunean “ondorio” gehiago ekarriko ez balu bezala. Argi dago, errealitateak beste mota bateko argazkia uzten digula. Errepresioak ez du etenik izan. Hau argi ikusi genuen aurreko eguneko sarekadan. Baina ez hor bakarrik, errepresio judizialak eta abarrek ezker abertzale ofiziala nohizbehinka kolpatzen jarraitzen dute eta azken urteetan indar iraultzailearen txingarra den herri mugimendua hamaika eratan erreprimitu dute.
Euskal Herrian, nazio zein klase gatazka amaitu arte errespresioa pairatuko dugu. Estatuek akabatuko gaituzte edo guk gaindituko ditugu, baina tarte baketsurik ez da izango. Beraz, irabazteko asmoz marrazten dugun bidean, estrategia iraultzaile egoki baten beharra dugun heinean, berau lagunduko duen estrategia antierrepresiboa funtsezkoa zaigu. Indar metaketa ahalbidetuko duena, etapa ezberdinez osatua egongo dena baina hortzmugan, errepresaliatu gehiagorik sortuko ez duen egoera politikoa helburu izango duena. Hau da, garaipenera eramango gaituena.
Itxaso Viñe
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!