Araba Bizirik!
Arabako lurraldea suntsitu, desitxuratu eta pribatizatuko luketen hamaika proiektu martxan daude momentu honetan. Zentral eolikoak eta fotoboltaikoak nonahi, gaurko trenbidearen paraleloan AHTrako linea berri bat, tomateak ekoizteko dozenaka hektarea estaliko lituzketen negutegi erraldoiak, Zaia ibaian dike bat, aireportu ondoan, 100 hektareako poligono berri bat egiteko, Zanbrana aldean, autopista pare-parean autobia berri bat, Aiaraldean, pinuak kendu eta eukaliptoak ipini… Ez badugu ezer egiten, urte gutxien buruan, kapitalismo asegabeak Araba osoa irentsiko du.
200 metroko haize-errotez osaturiko zentral eolikoak eraiki nahi dituzte gure mendietan; 13 poligono eoliko berri Iturrietan, Arkamun, Labrazan, Abitigarran, Tuion, Kantoblankon, Badaian, Jarindon, Arangion, bi Gasteizko Mendietan, bata Azazeta ta Izartza artean eta bestea Bustogaina aldean eta beste bi Gorobel-Salbada mendilerroan.
Honekin lotuta, atzo beste proiektu baten berri izan genuen. Arabako Lautada zeharkatuko lukeen 400 KVko goi tentsioko linea bat ipini nahi dutela jakin genuen. Zaragozan 12 zentral eoliko berri eraiki nahi dituzte eta elektrizitatea Gasteizera eta Gatikara bideratu nahi dute goi tentsioko linea batekin, guztira 300 kilometro izango lituzke linea horrek.
Zaragozan, Ejea de los Caballeros inguruan, 12 zentral eoliko diseinatu dituzte eta horiek, Nafarroa osoa eta Arabako Lautada zeharkatuz Gasteizekin lotu nahi dute goi tentsioko linea batekin. Altsasun, beste linea bat aterako litzateke, Gipuzkoa eta Bizkaia zeharkatuz Gatikara iristeko. Zergatik Gatikara? Gatika eta Bordele artean, itsas-azpiko goi tentsioko linea bat eraiki nahi dutelako. Hau da multinazionalen trantsizio energetikoa, hau da gobernuek proposatzen diguten trantsizio ekologikoa!!!
Megaparke fotovoltaikoekin gauza bera gertatzen ari da, hamaika proiektu daude landa eremuetako milaka hektarea plaka fotoboltaikoekin betetzeko. Enpresetako komertzialak Arabako herriak bisitatzen ari dira hektarea bakoitzeko 1.500 euro ekainiz. Gobernuek, aldaketa klimatikoaren aitzakiarekin, gure mendiak eta landa eremuak suntsitu eta multinazionalen esku utzi nahi dituzte. Nekazaritzarako erabiltzen diren milaka hektarea okupatuta, nondik aterako ditugu elikagaiak? Nola lortuko dugu elikadura burujabetza?
Proiektu guzti hauek Iberdrola bezalako enpresak milaka milioekin elikatzeko erabili nahi dituzten moduan, AHTa, ACS, Sacyr eta Acciona bezalako eraikuntza-enpresei diru publikoa bideratzeko erabiltzen dute. Gaur egungo trenbidea hobetu ordez, paraleloan beste linea berri bat eraiki nahi dute. Hau da, autobia baten ondoan, autopista bat.
Tomateak urte osoan izateko, Tuesta herrian makro-negutegi batzuk eraikitzen ari dira. Urtean zehar, bataz besteko tenperatura 11 gradu duen herri batean, negutegiaren barruan 27 gradutan mantendu nahi dute urtarriletik abendura arte. Gero zero kilometro tomateak direla esango digute.
Horregatik, makroproiektu hauen kontra borrokan ari garenok, gure lurraldearen, ingurumenaren eta bizitzaren defentsan indarrak batzeko beharra ikusi dugu eta horretarako ARABA BIZIRIK plataforma sortu dugu.
Hitzaldi ziklo batekin hasi du plataformak bere ibilbidea. Hala, zergatik gauden makroproiektu hauen kontra eta ze alternatiba proposatzen dugun argiago izanda helduko gara urriaren 23an Gasteizen egingo dugun manifestaziora.
Jakitun gara ordea, beste eredu baten aldeko borroka hau ezin dugula bakarrik egin, elkarlanean eginbeharreko bidea dela, hortaz, zeregin komun horretara batzeko dei egiten dizuegu. Urriaren 23ko manifestazioa, orain dela 9 urte, fracking-aren aurkako manifestazioa bezain garrantzitsua da.
ARABA BIZIRIK, LURRA DEFENDATUKO DUGU!!!
Iñigo Leza
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!