«Ama? Erosteko eguna» -Jaione Agirre-
Maiatzaren lehen igandea amaren eguna izendatuta dago. Badirudi behar-beharrezkoa dela egun horretan amarekin egotea, amari loreak edota perfumea erostea.
Hemen garrantzitsuak ez diren arrazoiengatik ezin izan nuen amarekin egon maiatzaren lehen igande horretan. Neure burua zuritu behar izan nuen horrorizatuta edo gutxienez harrituta begiratzen eta epaitzen ninduten ezagun askoren aurrean.
Moraleja hauxe da: berdin da zenbat ordu egiten dituzun zure amarekin urte osoan zehar, eguneko 24 orduetan beraren zain bazaude, amaren egunean ez baduzu berarekin bazkaltzen, ez badiozu lorarik edo perfumerik oparitzen, seme-alaba kaxkarra zara. Aldiz, urte osoan zehar berataz paso egin arren edota bere janariz betetako tarterak jasotzera bakarrik joan arren, amaren eguna izendatutako igande horretan lore edota perfume bat oparitzen badiozu: munduko seme-alabarik onena zara.
Alegia, hain barneratuak gaude merkatuan eta kapitalismo kontsumitzailean, eta gizarte itxurazalean, zer egiten duzun ez dela inporta, baizik eta axola den gauza bakarra da momenturik egokienean (alegia denda handiek erabakitzen dutenean) zerbait erostea eta itxura egitea.
Ze, ez gaitezen engaina, zorionekoak amenganako maitasun hau merkantilizatzeaz probesten diren enpresa eta denda txikiak, baina benetan hau asmatu dutenak enpresa handi eta inpertsonalak dira: ez gure amak ez gu ezer axola ez zaizkienak, ez bada edozein aitzaki ondo datorkiela beren salgaiak saldu, eta guk kostata irabazitako diruak eurenganatzeko, milioi ugariko handikien poltsikoetara eramateko.
Alaba «gaiztoa» izaki, paseo bat eman ondoren eguzki ederra hartuz, etxera itzuli nintzen maiatzaren lehen igande horretan eta TVE2ko dokumental bat jarri nuen, bazkalordurako bidea egiteko. Ez zen nik espero nuena, baina. «Conecta con el mercado» izena zeukan eta Kanadan negozioa duten espainiar enpresei buruzko erreportaia bat zen.
Erreportaia diot, horren itxura baitzeukan, baina bi adibide ipiniko dizkizuet, ikus dezazuen egina zela enpresa zehatz batzuei guztion zergen kontura publizitatea egiteko eta, gainera, horrelako autokonplazentzia espainola sortzeko: begira ze gauza handiak egiten ditugun eta ze arrakasta daukagun lehen munduko merkatu garrantzitsuan!!!!
Programa hartan aipatu zuten lehena, Palentziako oilaskoak saltzen dituen enpresa bat zen. Prekozinatutako indioilarrak (Kanadan oilaskoa baino maiteago dutena) saltzen zituen (ziotenez kalitate oso onekoak, ez naiz horri buruz hizketan hasiko edo beste iritzi tarte bat beharko nuke). Zertan zetzan enpresa honen arrakasta: oraingo errege-erregina espainiarren ezkontzaren bazkarian zerbitzatu zen oilasko kapoia produzitu izana, horri esker 70.000 kapoi Espainian saltzera iritsi izana eta Kanadara salto egin ahal izan duela 3 milioi euroko inbertsioa eginik. Azalpen gehiago behar duzue? Edo ni al naiz susmoak sortu zaion bakarra? Paranoikoa nago akaso…
Bigarren enpresa bat ere ikusi dut aurkezten: punta-puntako ingenieritza lan bat egiten ari dena: Montreal eta Ameriketako Estatu Batuak lotuko dituen zubia eraikitzen ari diren enpresen artean daude Andaluziako altzairu egitura egile enpresa bat (bide batez, zer gertatu da Euskal Herirko altzairugile enpresekin?) eta Madrilgo enpresa zubi proiektugile bat. Enpresa txikiak ustez, baina hara non, elkarrizketa egiten ari zitzaiela, azpititulu argietan ematen zuten informazio gehigarrian zetorren espainiar erraldoi Zulogile handiaren izena (eta hari propaganda belatua egin). Ez daukat izena esan beharrik, ezta? Esango dizuet, Gasteizko museo berriena eraiki zuela ere eta lehen egunetik eraikuntza arazoak izan zituela (itokinak, eta abar), nahiz eta milioi askoko obra izan hori ere eta ustez punta-puntakoa ere.
Igande eguzkitsu horretan salduta sentitu nintzen. Ama edota beste edozer erosteko egunean, salduta. Merkatu hutsa gara. Gero eta deshumanizatuagoa eta gero eta neoliberalagoa eta kapitalaren eskuetan erorita gaude. Eta hori, egunero «ospatzen» dugu, zoritxarrez.
Jaione Agirre
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!