Ahanzturaren gainetik, Juani uhinetan libre!
Akaso baten batek pentsatuko du obsesibo samarra naizela, errepikakorra irrati tarte honetara ekartzen ditudan iritzi zutabeetako gaietan, baina nik nahiago dut pentsatu ez naizela lagunekin erraz ahazten diren horietakoa; horregatik, aurrekoan bezala, oraingoan ere prentsa orokorrean isilarazitako afera ilun bat izango dut hizpide, Juani Rishmawiren auzia.
Juana Ruiz Sanchez, Juani Rishmawi ezizenez ezagunagoa Palestinarekiko elkartasun zirkuluetan, giza eskubideen aldeko ekintzailea da. 35 urtetik gora daramatza Palestinan bizitzen eta Health Work Committees erakunde sanitarioan lanean, eta akaso zuetako askok Hala Bediko albistegietan duela urte askotatik egindako kronikengatik ezagutuko duzue. Martxoaren 8an Israelgo erregimeneko armadako soldaduek haren erakundeak Ramallahn duen egoitzean sartu eta birrindu egin zuten. Handik egun gutxitara Rishmawik berak eman zigun segadaren berri Hala Bediko Uhintifada irratsaioko mikrofonootan. Eta ordu batzuk geroago, apirilaren 13an, okupazio armadak haren Belengo etxebizitzatik eraman zuen atxilo, ilegalki, leporatzen zizkioten balizko delituak jakinarazi gabe.
Geroztik bi hilabete eman ditu kartzelatik kartzelara, Israelgo espetxe militarren ziegetan isolatuta. Sei ordutik gorako itaunketak ere jasan behar izan ditu, haren erakunde humanitarioa Palestinako Askapenerako Herri Frontearekin lotuko zuen aitorpen bat ateraraziko bazioten.
Pasa den ekainaren 2an zen egitekoa haren kontrako epaiketa, baina abokatuari aurreko egunera arte ez zioten utzi defendatua aurrez aurre ikusten. Gaby Laskik; Palestinarrak defendatzen eskarmentu handia duen legelari israeldarrak eta, besteak beste, Ahed Tamimi ekintzaile nerabe ospetsua artatu zuenak; salatu zuen 24 ordutan nekez presta zezakeela bezeroaren defentsa eta atzerapena eskatu zuen. Epaileak, berriz, datorren uztailaren 7ra arte atzeratu du agerraldia.
Rishamawi erabakiorra izan daitekeen epaiketaren zain zegoen bitartean, ekainaren 9an, armada sionistako uniformatuek berriro ere erasotu zuten Health Work Committees erakundearen egoitza nagusia, orduko hartan behin betiko, lokalak birrintzeaz gain betirako itxiarazi zituztelako.
Gure kolaboratzailearen kontrako jazarpena edozein palestinarrek edozein egunetan pairatzen duenaren beste adibide bat izan liteke, zerrenda amaigabe bateko beste bat; baina oraingo honetan berezia da, eta ez bakarrik erasotua gure irratikide bat delako, baizik eta haren atxiloketa Palestinarekiko nazioarteko elkartasun mugimerentzako abisu zuzena delako. Datorren uztailaren 7ko epaiketa inflexio puntu bat izango da, gure lagunaren etorkizun pertsonalerako, lehenik, urte askotako kartzela zigorra ezarri diezaioketelako, baina baita Palestinarako laguntza humanitarioaren arloan diharduten erakunden jardunerako. Eta horixe da, hain zuzen, Israelgo erregimenak lortu nahi duena ezhoiko atxiloketa honen bidez, nazioarteko elkartasuna desaktibatzea.
Orain, eta uztailaren 7ko epaiketara begira, orain arte hutsaren hurrengoa ere egin ez duten Espainiako erakundeen erantzunkizuna da Rishmawi aske uzteko eginbide diplomatikoak egitea. Baina guk ere ardura handia daukagu. Hala Bedirena, ahanztura nagusitu ez dadin, eta gaurtik uztailaren zazpira bitartean Juaniren afera presente egon dadin. Eta elkartasun mugimenduarena, erregimen sionistaren mehatxuei hortzak erakustearena. Nahikoa da. Ez dizuegu beldurrik. Juani Hala Bediko uhinetan berriro libre nahi dugu!!!
Koldo Alzola
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!