Adierazpenen Interpretatzaile Politiko Neuronala
Itzultze eta interpretatze arloan aplikazioak oso bizkor garatzen ari dira. Duela hamarkada batzuk, informatikaren hedapenari lotutako datu base handiak eta bilaketa-motorrei esker, itzultze automatikoa sortu zen. Aurrerapauso nabaria baina egokitzapen mugatuarekin, hitzetatik haratagoko elementu batzuk menpean ez izanda.
Berrikiago, inteligentzia artifizialaren eskutik, itzulpengintza neuronala heldu zen. Honek, neurona artifizialen sareen bidez, hitzen esanahi hutsaz gain, testuak jasotzen dituen egiturak eta esangura uler ditzake oso itzulpen fidagarria eginez. Itzultzaile neuronalek algoritmo konplexuak eta datu-base erraldoiak erabiltzen dituzte. Gero eta gehiago garatu algoritmoak eta gero eta gehiago osatu datu-baseak orduan eta itzulpen doiagoak lortzen dira, itzultzaile profesional baten azken begirada behar bada ere.
Interpretazioari dagokionez, gauzak zailagoak dira, ahozko komunikazioan beste elementu batzuk gehitzen baitira. Hala ere, ahotsetik ahotsera aldi berean itzultzen duten makinak badaude jada, oraindik hobetzeko alderdi asko egon arren. Haratago joanda, pentsamenduak hizkuntza bihurtzeko sistemak garatzen ari dira, garunean aktibatzen diren neuronen aktibitatea neurtze eta interpretatzearen bitartez. Gaixotasun neurodegeneratiboak pairatzen dituzten pertsonengan aplikazio oso interesgarriak izan daitezke, baina, guztiok dakigunez, teknologia aurreratu hauek segun eta zein eskutan dauden beste helburu gaiztoetarako erabil daitezke.
Eta, zertarako sarrera tekniko hau? Ba oso sinplea. Hurrengo iraultza teknologikoaren zain nagoelako: Adierazpenen Interpretatzaile Politiko Neuronala (AIPN). Zertan datzan interpretatzaile hau? Ba, iritzi publikoa deritzon horretara bideratzen diren adierazpenak, beste hizkuntz batera itzuli baino, atzean daukaten intentzio politikoa interpretatzean. Literalki zer esaten den (edo zer esaten ez den) baino zein helbururekin egiten diren. Eta, nola ez, gure bizitza guztiz zeharkatzen duen klase borrokaren parametroetan kokatuta; klase borrokaz hitz egitea zuzentasun politikotik zein modatik kanpo egon arren, klaseen arteko kontraesanek jendarteen Historiaren motorra izaten jarraitzen baitute. Leninek apartako esaldi batean laburbildu zuen premia hau: “politikaren arloan pertsonak beste pertsonen zein norbanakoaren engainuen biktima ergelak izan dira, eta izaten jarraituko dute esaldi, adierazpen eta promes moral, erlijioso, politiko eta sozialen atzean klase baten edo bestearen interesak ezberdintzen ikasten ez duten bitartean”. Jendartearen barruan garatzen eta talka egiten dituzten kontraesanen ulermenera hurbilduko gaitu AIPN-k, ulergaitza ematen duen errealitate sozialaren deskodeketaren bitartez, Matrix filmaren amaieran gertatzen zen antzera, ulertezina ematen zuen filmari azalpen adigarria emanez. Algoritmo konplexuak burutu beharko dira, bai (inork ez du esan harreman ekonomiko-sozialak sinpleak direnik), baina egon badaude datu-base erraldoiak algoritmoak elikatzeko: gizateriaren Historia zabala zein jendarte bakoitzarena.
Subjektu baten adierazpen publikoaren aurrean interpretatzailearen motorrak kontuan hartuko du zein klase sozial, zein sektore, zein eragile ordezkatzen duen, zein den beren garapen historikoa, zein beren helburu nagusia eta zehatzak, zein aurreko adierazpenak eta zein lehen agindutakoaren betekizun maila, zein kontraesan izan dituen, zein publikotara dauden zuzenduta adierazpenak, noiz eta zein testuingurutan eginda, zein ondorio izan eta zein erantzun sor dezakeen beste eragileen partetik… Erabilgarri dauden datu guztiak eta materialismo dialektikoaren parte den materialismo historikoaren arauak barneratuta, interpretatzailearen neuronen sarea gai izango da, hutserako oso probabilitate txikiarekin, adierazpenaren interpretazio politikoa emateko. AIPN-k ahalbidetuko du ezagutzea ongizatea, ekonomia-garapena, ekintzailetza, jasangarritasuna, demokrazia, bakea, indarkeria, terrorismoa, askatasuna, erantzukizun soziala edo herria bezalako terminoen atzean zeri egiten dion aipamena mintzatzaileak. Munduko herriok ezinbestekoa dugu ahalik eta lasterren AIPN, herri libre, elkarkide eta oparoz osatutako mundu bat eraikitze aldera. Berak lagunduko digu gertatutako hainbeste zentzugabekeria eta kontraesan berriro ez gertatzeko, esaterako Txileko biztanleriak konstituzio pinotxetista mantentzearen alde egitea, gehiengoentzat onuragarria izango zen proposamena errefusatuz, Brasilgo hautesleen erdiak (tartean milioika langile, emakume eta ez-zuri) Bolsonaroren alde berriz egitea, Errusiaren ustezko mehatxupean herritar askok aurrekontu militarrak nabari igotzea onartzea, edota munduko gobernu gehienak, Euskal Herria barne, burgesiaren menpe egotea langileria gehiengoa izanda…
Zein etorkizun itxaropentsu teknologia honen garapenari ezker…! Espero laster erabilgarria izatea… Amets egitea librea da eta, horretara teknologikoki hurbiltzea posiblea bada ere, halako balizko tresna ez litzateke egongo herrien esku. Iraultza teknologikoetatik ez da etorriko behar dugun aldaketa, beste adibide askotan ikusi denez. Are gehiago, kapitalismoan sortutako teknologia asko eliteek erabili dituzte beren boterea zurkaizteko, herriak eta natura ustiatzen jarraituz eta kontrola areagotuz. Iraultza teknologikoa baino iraultza soziala da herri langileontzako itxaropen bakarra, adierazpen pozoituen errealitate birtualaren azpitik garatu beharrekoa.
Inteligentzia artifiziala erabaki politikoetan aplikatzen saiatzen ari den honetan (Danimarkako Alderdi sintetikoaren buruzagi bezala chatbot bat erabiltzea kasu) eta AIPN-ren etorrera baztertuta, errealitatearen interpretazioa eskuz, ahoz, hezur-haragizko pertsona eta militanteen bidez egiten jarraitu behar izango dugu. Datu-baseak badaude eta etengabe elikatzen dira, baita ideiak, kontzeptuak eta borrokak lotzen dituen teoria ere. Historian zehar, behin eta berriro, gertakizun bakoitzean, arrakastaz edo porrotez, beren ñabardurekin errepikatu diren gertakizunek bidea definitzen lagundu behar digute. Bilatu, ikasi, partekatu eta landu behar dira, gure arreta galarazten digun hainbeste propaganda mediatikotik eta aisialdirako zaborretik burua ateratzen.
Formazio politikoa, analisia, ikuspegi kritikoa eta mesfidantza (mesfidantza handia eta etengabea!) baino ez dugu. Sare neuronal artifizialak baino askoz motelagoa izan arren, etorkizunaren jabe izan nahi duten herri eta langileriaren kemenaz eta boterearekiko mesfidantzaz osatuko da errealitatearen interpretazioa eta eraldaketa, makina batek gehitzen ez duena.
Iñaki Etaio
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!