#AbsolucioEncausadesLGTBI
Ekainaren 28aren bueltan bi ekimen mota antolatu ohi dira: alde batetik, antolakunde politikoek deitzen dituztenak, eta, bestetik, kolektibo transbollomarika merkatu-hobi bezala ikusten dutenena. Argi dago bi aukera horien artean zein den bultzatzen dena eta zein ez, hau da: enpresen marketina bultzatzen da, alderdi politikoen eta poliziaren zuriketa bultzatzen duen eredua da ontzat hartzen den eredua, eredu kapitalista, hain zuzen.
Baina gaurkoan ez dut harrotasunaren egunean agertzen diren bi ereduen talkaren inguruan hitz egingo, askotan egin baitugu hori. 2019an Bartzelonako deialdiaren inguruan arituko naiz. Gogoratuko duzuenez, ez zituzten gonbidatu Ciudadanos eta PP alderdiak harrotasunaren manifara, alderdi biek VOX alderdiarekin sinatutako akordioak zirela-eta. Polemika handia sortu zen horren inguruan; Ciudadanos-ek ez zituen antolatzaileen eskaerak errespetatu, eta manifestazioetan agertu ziren, bai Bartzelonan, baita Madrilen ere. Bietan protestak egon ziren, eta manifestazioetatik alde egin behar izan zuten.
Bartzelonako kasuan, autobus eta guzti agertu ziren, autobus laranja bat, hain zuzen, garai bateko “Hazte oir” elkartearen autobusaren antzekoa, eta, klaro, autobusean margoketa batzuk egin zizkieten, ez zieten pasatzen utzi, eta, azkenik, etorritako bidetik alde egin behar izan zuten. Ekintza antifaxista hori dela-eta, Ciudadanos-ek salaketa jarri zuen epaitegian; eta horren ondorioz, orain dela gutxi 4 ekintzaile LGTB auziperatuak izan dira, eta urriaren 13an epaituak izango dira.
Urteetan zehar zenbait LGTB elkartek horrelako alderdien zuriketa bultzatu dute, haien presentzia erabat arbuiagarria izan den arren, betidanik. Seguraski elkarte horiek izan dira, orain, alderdi politikoek manifestazio horietan parte hartzeko zilegitasuna dutela ustearen errudunak. Edonola ere, iruditzen zait gertatutakoa, alegia: autobusa pasatzen ez uztea eta margoketa batzuk egitea, oso ekintza txalogarria dela.
Duela astebete Añanako Gesaltzan Arabako Aldundiak martxan jarritako ekimenean gertatu den bezala. Plaka bat jarri zuten Gesaltzako sarreran, ortzadarraren koloreak dituena, hor ere LGTB kolektiboarekiko tolerantzia eskatzen zuten. Badira transbollomarika kolektiboarentzako tolerantzia eta errespetua eskatzen dutenak, baita LGTB kolektiboen artean ere, eta ulertzen da dinamika horren barruan harrotasunaren egunean ahalik eta alderdi eta enpresa gehien gonbidatzea. Noski, ez da helburu bakarra, badira beste batzuk ere. Baina ez, gu, ordea, ez gara hona etorri onartuak izatera, ezta batzuen poltsikoak betetzera ere. Ezarrita dagoen eredua, araua, normaltasuna iraultzera etorri gara mugimenduko transbollomarikakook.
Urriaren 13an, lau ekintzaile LGTB epaituko dituzte, faxismoa gure espazioetatik kanporatzeagatik. Lau lagun eseriko dira akusatuen aulkian, bai, baina fondoan mugimendu oso bat epaituko dute, faxismoari aurre egin eta itxurakeria merkantilistari aurre egiten dion mugimendu oso bat. Gezurra badirudi ere, oraindik falta zaigu kaleak ezezik, jada gureak izan beharko liratekeen espazio batzuk ere konkistatzea.
Amets Martinez de Heredita (Lumagorri)
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!