11/13 Makroaren mikroari erreparatuz
Makroa den oro, orokorrean datu eta hitz handiz lagunduta etorri ohi da: 601 espetxe urte, 47 auziperatu, 350.000€ gastu, 38 adingabe... Ikusiaz batera, dimentsioaren berri eman ahal digute datuok brotxakada handien tamaina oinarri hartuz. Sarri askotan ordea, mikroan erreparatuz gero, koadroa osatzen duten zertzelada txikiei begiratuta, larritasunaren sakonera ere iger dezakegu, askotariko ondorioak badituelako jada, eta gehiago izan ditzakeelako gainera.
2011an abiatu zuen Guardia Zibilak ‘ikerketa’ deitu zuen hau… kasualitateetan sinesten duenarentzat, ETA erakundeak bere jarduera armatua bertan behera eta behin betiko uzten duen urte berean. Urteetan gatazkaz modu batean edo bestean onuraren bat lortu izan dutelako, tentakulu arriskutsuen mamua bizirik mantentzeko etengabeko ariketa egin dute batzuk. Gure kontrako auzia horren adierazle garbi bat da, gu danok espetxe fronteko tentakulu horretan kokatuz erakunde armatuko kide izatearen akusaziopean .
Guk modu irekian eta publikoan garatzen genuen lan erabat zilegi eta beharrezkoa, ilun eta kriminal aurkeztu nahi izan dute. Erabat irrigarria eta surrealista litzateke kontua, ondorioak hain larriak ez balira. Askotariko pertsona, profesional, erakunde, kargu, sindikatu, elkarte sozial, komunikabide, kazetari, talde eta kolektiborekin elkarbanatu izan dugu lan esparrua eta hamaika bilera. Nire jarduna, beste askoren lanaren adibidetzat jarriz gero, honakoa izan zen senide eta Etxerateko kide gisa: talde politiko guztietako kideekin batzartua egon nintzen, maiz Gasteizko Legebiltzarrean bertako talde parlamentarioekin, hango Giza Eskubideen batzordean gonbidatu egon nintzen, Aldundietan, enbaxadoreren batekin batzarturik, Bizikidetza idazkaria eta Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendariarekin lan-bileretan tarteka, prentsaurrekoetan sarritan, EITBn zein bestelako komunikabideetan hainbatetan elkarrizketatua, osasun mentalaren eremuko hainbat profesionalekin zein unibertsitateko irakasleekin elkarlanean hainbatetan, euskal 5 zuzendari entzutetsuk zuzenduriko pelikulan parte hartu nuen, hitzaldi eta mahai-inguruetan hamaika aldiz hizlari egon nintzen…
Lehendakariak ere, Urkullu jaunak atxiloketa baino hilabete lehenago Lehendakaritzan jaso gintuen, Etxerat ofizialki jasotzen zuen lehenengo aldia zen. Gogoan dut orduan testuingurua kezkaz bizi genuela adierazi niola, jo-puntuan sentitzen ginela; bere babesa adierazi zigun bere hitzekin. Atxilotu eta nire familiak 15.000€tako bermea ordaindu eta gero behin behineko askatasunean geratu ostean, gutun bat helarazi nion, haserre nengoen. Beste batzuen artean, denok bakearen alde egin omen genezakeela esaten nion, berak gure lana ezagutzen zuela, baino batzuoi gau erdian Guardia zibilaren bisita etxean izatea eta Tres Cantos-en egonaldia suposatzen zigula. Benetako bake bat eraikitzeko guztion urrats ausartak behar zirela, eta guztion lehendakari zen heinean babesik sentitu ez genuela ere adierazi nion. Politika eremuan ez da bat ere ohikoa emozioak adieraztea, egoki ikusia ere ez dagoela esango nuke. Baino nik horien berri izatea nahi nuen.
Erabat publikoa, ezaguna eta jakina zen lan eremu honetaz gain, senideen elkartean lehengo aldiz esku-hartze psikosozial programa bat garatzen ari ginen, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eremuko diru-laguntzek ere bultzatu zutena. Zorionez, herri honetan laguntzeko prest dauden hainbat profesionalekin batera ahal izan genuenera arte garatzen aritu ginen, ilusio handiz gainera. Umeengan espetxe politikak duen eraginaren inguruko lanketaren hastapenak ere orduantxe hasi ziren. Paradoxikoa ere egiten zait tarteka esku-hartze psikosozial horren abiapuntuan pentsatzea. Programa horren osatzea, Madrilen ikasi nuen graduondoko baten lan praktikoa izan zen; graduondoan bikain bat jarri zidaten lan horregatik, erabat pertinentea iruditu zitzaien. Euskal Herrian garatzearen ondorioa ordea, oso bestelakoa izan zen. Hala ere, eta harrokeriarik gabe baina guztiz zintzoki adierazi nahi dut: oso harro nago egiten nuen eta genuen lanaz, lan profesionala eta elkartasunez beteriko lana. Indibidualismoaren apologia eta bakardadearen ondoriozko patologia etengabeko hazkundean den garaiotan, elkartasuna balorean jartzearen garrantziaz ohartarazi behar gara beste behin ere, osasuntsua ere badelako.
Urte haietan, gatazka konponbide terminoetara eraman behar zenaren nahi eta behar orokortua, uztartzen eta dinamizatzen jakin zen. Preso eta iheslarien gaiari irtenbide bat eman behar zitzaionaren ideia, milaka tantaz osatutako olatu erraldoi bihurtu, eta tsunami itxura hartzen hasia zegoen. Lehen aipatu ditudan askotariko lan-esparru eta harreman horiek ere horren garapena ziren. Elkarrizketarako zubiak eraikitzeko etengabeko borondatea agertzearen ondorio, garai hobe baterantz ibiltzearen alde apustu egiteak dakarren lanaren ondorio. Anakronismo itzela da auzi hau zalantzarik gabe, baino gogoan izateko modukoa ere, egun bestelako aukera batzuk egon ahal izateko ari ginela lanean, preso-iheslari eta haien familien egoera konponbidean jartzearen alde. Azken batean, gure seme-alabentzako, danontzako etorkizun hobe baten alde ari ginela lanean orduan ere.
Mikroari, bakoitzaren zertzeladei begiratuz gero, auziperatuak gauden 47 pertsonok kartzela oso gertutik ezagutzen dugula ohar gaitezke. Urte luzez hirugarren, bigarren eta askok lehenengo pertsonan ezagututako errealitate krudel, hotz eta gordina. Jakin badakigu presondegiak pertsonak suntsitzeko eraikiak direla, kilometroak familietan loturak desagerrarazteko jartzen direla, salbuespenezko epaitegiak injustizia bermatzeko eraikitzen direla, urteak itxaropena leherrarazteko ezartzen direla, neurri arbitrarioak duintasunaren kontra hartzen direla, porlanak bizitzarik hazten ez duela uzten… Horregatik hain zuzen ere ez dut ukatuko kezkaturik nagoela, beldurra ematen didala etor daitekeenak, neuri eta neureei etor dakigukeena. Ez dut ukatuko guztiz mingarria zaidala nire urtebeteko alaba motxiladun ume bat izan daitekeela pentsatzea, nire kausa-kideen beste 24 seme-alaba txiki bezala; eta tristura ematen didala gure ondorengoei jendarte sanoago bat ezin eskaintzeak.
Onartzen dut amorrua ere sentitzen dudala, 24 urte errepideetan barna eduki gaituztenean, senide izateak kartzelara eraman ahal nauela irudikatzean. Harritzen nau oraindik ere sistema judizial honek, eta bertan ematen diren epaiketa erabat bidegabe eta kafkianoak. Urduritasuna sortzen dit epaiketa bitartean nire lanarekin nola antolatu pentsatzeak; kezka profesionalki nola eragingo didan, ekonomia familiarra nola desorekatuko duen. Haserretzen nau dagoeneko pairatu dugun kriminalizazio mediatikoak, txintik ihardesteko aukerarik eman ez diguna, eta urte guzti hauetan gure bizitzekin aurrera egin izan badugu ere, buru gainean Damoklesen ezpata ohiko bihurtzeak.
Baina emozio eta sentipen gehiago ere pizten dizkit auzi honek, eta horiek ere aipatzea garrantzitsua da: gure herri eta auzoetan herri batzarretara bildu den jende andanaren babes eta goxotasuna, batzuetan hitzetan eta maiz keinu zein begirada bidez sentitutako gertutasuna, ekarpen ekonomiko bidez laguntzen dutenekiko esker-ona, dinamiketan parte hartzen dutenekiko konplizitatea, kanpainarako argazkiak egiten Arabako bidelagunekin egindako barreak, familia ondoan eta gertu sentitzearen poztasun eta harrotasuna, estatutik zein ozeanoaren beste aldetik iristen zaizkigun babes hitzen epela, lerro hauek irakurtzen duenaren jakin-mina.
ELKARTASUNA letra larriz beste behin idazten ari den herri batekiko harrotasuna azken batean, bidezkoa ez denaren aurrean berriz ere zutitzeko duintasun eta indarra berpizten duena, eta denontzako etorkizun baten alde behin eta berriz berridazten dena. Irailaren 14an elkartasunari elkartasunez erantzuteko aukera ezin hobea izango dugu beraz.
Artikulu hau Sortu-ren Buletinetik ekarri dugu gurera
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!