Bakeaz
Nerabetasunean gutako askok Betagarriren kantekin dantzatzen genuen, belaunak alde batera eta bestera mugituz SKA estiloa imitatu nahian. Kanta horietako bat, “bidea gara” izenekoa zen eta bere estribiloak hauxe zioen: “Denok gara herri honen bidea, borroka da bakearen jabea, denok gara borrokaren bidean, bakea da borrokaren xedea”. Gogoratzen dut bakeaz hitzegitea pixkat deserosoa suertatzen zitzaigula garai horietan, nolabaiteko kontraesan moduan bizi baikenuen borrokaz eta bakeaz hitzegitea aldi berean. Hala ere, horrek ez zigun kanta entzuteko gogorik kentzen.
Estribiloaren edukia analizatuz, bertan dauden kontzeptu bakoitzak ulerkera oso ezberdinak dituela ikus daiteke. Herria, borroka, bakea… Bakea. Agian askatasuna terminoarekin batera, historian zehar oso posizio eta interes ezberdinetatik behin eta berriro erabili den hitza. Norgehiagoka bizian dagoen terminoa da bakea. Eta bai, kantak zioen bezalaxe, bakea da borrokaren xedea. Bakea eskuratzeko borrokatzen dugu, inolako zapalkuntzarik gabeko egoera eskuratzeko alegia.
Kasualitatetik urrun, bakearen gorazarre sutsua egiten dihardutenak dira justuki biolentziaren erabilera sistematikoa bultzatzen dutenak, haien posizio soziala mantendu edota hobetzeko asmoz. Haiek omen dira bakezaleak, bake kontzeptu faltsua gizarte kapa gehienetan txertatzea lortu dutenak. Beste behin ere, bakeari dagokionez bi adiera nagusi identifika ditzakegu: zapaltzaileek erabilitako bake faltsua, eguneroko biolentzia sistematikoa izkutatzen duena, eta bestetik, zapalduon bakea, egiazkoa, zapalkuntza eta biolentziarik gabekoa alegia.
Horrexegatik ezin da gaur egun bakeaz bere zentzu abstraktuan hitzegin. Ez Euskal Herrian, ez inon. Bakearen egiazko kontzeptuarekin pedagogia egin ezean, hitz hori behin eta berriro erabiltzeak zapaltzaileen bake faltsuaren ideia indartuko du. Eta ondorioz, egiazko baketik urrunago egongo gara. Epe motzeko helburu bat eskuratzeko asmoz aldarrikatzen dute batzuk bakea behin eta berriro: estatuen disidentziaren kontrako errepresioaren etetearekin lotzen dute bakearen ideia. Honek arrisku ugari ditu nire iritziz, eta sistema beraren izaera biolentoa ukatzen da, existitzen diren gainontzeko biolentzia guztiak erlatibizatuz, mailakatuz edota izkutatuz.
Bakea amaierako helburutzat dugunok, gaur egungo sistema sozialaren izaera biolentoa esplizitatu behar dugu etengabe, eta egiazko bake egoera bat sistema sozial hau irauliz soilik existitu daitekeela gogorarazi.
Amaitzeko Malcolm X-ren esaldi bat: “Ezin duzu bakea askatasunetik banatu, inor ezin delako bakean egon bere askatasuna izan ezean”
Jonbe Agirre
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!