Greba
Saia gaitezen joan den osteguneko grebari buruz zerbait esaten, batez ere pare bat hile barru berriro halako batean egongo garelako (beno, beno). Nik Gasteizen bizi izan nuen eguna. Gauza deigarriak. Hasteko, gazteen presentzia. Agian ni zaharragoa naizelako, baina aurreko beste ekimen/manifestazio/elkarretaratze gehienetan baino jende gazte gehiago ikusi dut. Batetik, galdutzat ematen genuen 30 eta 40 urteen arteko belaunaldiko jende ezezagun asko. Baina baita gazte-gazteak ere. Goizeko ekimenetan nabarmenagoa izan zen hau. Eguerdiko manifan batez bestekoa igo zen. Baina, orokorrean, gazte gehiago. Ederto. Beste bat: goizeko manifestazioan, jendetza. Hau ez da gauza berria, ez horren berria. Inork aipatuko zidan greba feministen karira jende gehiago zegoela horrelakoetan. Bale, baina oso ezberdina da. Eta goizeko sasi-pikete sasi-zutabeetan ere, jende ugari. Eta aniztasuna, bai, deitzaileak ugariak izaki horrelakoa behar zen troparen izaera, denetarikoa, beste eremu batzuetan aurkaturik gaudenok elkarrekin eta, horren ondorioz, sentsazio berezia, pitin bat arraroa. Kapritxo pertsonala: deian bazegoen, bai, baina ekosozialismoa eta desazkundearen diskurtsoa, diskretoegia. Agian desazkundeaz serioski mintzatzeko goizegi da.
Eta borrokamoldeen inguruan zerbait esan beharko dut, noski. Ea ba. Pikete feminista, ai ama, ni ahoa bete hortz. Berriztagarria. Bestelakoa, baina ez, hortaz, ulertuko genuekeen biguna, ezta txiripaz ere. Desparpajoa, eta gauzak egiteko estilo propioa. Hala, bada, denbora lekuko. Gero, egun osoan zehar, poliziekin talkak edota merkataritza batzuen aurkako ekintzak. Behialako kale borrokaren moduko zerbait. Catalunyakoaren harira esan nuen, belaunaldi bakoitzak bere entrenamendua eta erritmoa eskuratu behar du, hala bedi. Nahikoa egurra jasotzen baitugu egunero. Baina estilo bakoitzak bere garaiari dio erantzun behar, eta, nire talaia honetatik, zergatik horren haserre? Esan nahi baita, apurtu daitezke gauzak, arazorik gabe, biolentziarik inguruko eztabaida nahikoa barregarria baita, baina, .. eraginkortasun politikoari begira, ezin al dira horrelakoak pedagogikoagak eta alaiagoak izan? Polizia gorri horiekiko haserrea ere, … ez al dago jende hori barregarri uzteko bestelako modurik, 80etan genuen rictus horren gabe? Legez kanpoko jarduerak, etorkizunean, gertuago egongo dira desobedientziatik biolentzia politiko klasikotik baino, ez? Bada, hor, neskak aitzindari.
Bestela, hurrengorako … zergatik greba orokorra, jakinik ekoizpena –orokorrean- ez dela askorik -batere- aldatzen eta jendartearen egunerokoa ez dugula apenas trabatzen, eta ez borroka-egun estilo berria? Pitin bat katalandarrek erakusti (irakatsi) diguten moduan: guretzat kostu txikiagoaz (ez dakit: zenbat dira eraldakateren aldeko izan eta egun bateko soldatari uko ez egiteagatik bazterrean geratzen direnak? Boikota eginen al diogu ostegunean itxi ez duten tabernari? Kia) eta eraginkortasun berdinaz. Larunbatean deituz gero, eta arratsaldeko paseorik gabe, bikain.
Ez dakit nik batzuek iragartzen duten ziklo mobilizatzaile historiko berri baten atarian gauden, baina masa (ez bloke) sozial antihegemoniko berriztatzaile moduko batek muturra erakusten du. Ea denon artean zer egiten dugun horrekin.
Txema Matanzas
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!