Ekonomia kolaboratiboa? Baita zera ere!
Jakin berri izan dugunez, pasa den astean UBER, “alokairuko ibilgailu gidaridunen” enpresa, Bilbon zerbitzua eskaintzen hasi da, eta Euskal Herri osora hedatzeko asmoa omen du. Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpenen arabera, beraiek ez zeuden Uberren heldueraren jakinaren gainean… Abestu dezagun, mesedez, Ruper Ordorikak kantatzen zuen hori; gogoratzen al duzue? “Ez da posible! Ezin liteke! Ondo nago eta hau bakarrik behar nuen…” Txantxak aparte utzita, oso kezkagarria deritzot berri honi.
“Ekonomia partekatua edo kolaboratiboa” edota “ekonomia digitala” izenez ezagutzen diren enpresak (Deliveroo, Glovo, Just eat, WeWork, Uber eats, Amazon Flex…) gero eta presentzia gehiago dute gure hiriburuetan eta ohiko bihurtzen ari dira gure bizitzako esparru guztietan: Kamioi bidezko garraioak, taxiak, garbiketa zerbitzuak, zerbitzu profesionalak, gai edo produktuen alokairua, supermerkatuetako erosketak…
Eta ez da harritzekoa enpresa mota hauek hain hazkunde azkarra izatea, oso erakargarriak diren osagaiez jantzita etorri zaizkigu-eta:
“Gai edota zerbitzu merkeagoak lortu ditzakegu”; “Zerbitzua ematen duenak ere dirua lor dezake”; “Enpresa hauek aldarrikatzen duten filosofia ere lagungarria izan da: lankidetza edo elkarlana eta herritarren ahulduntze eta protagonismoa”; eta, oso garrantzitsua, “erabiltzailea erdigunean jartzea”, erabiltzailearen abantaila edozeren aurrean jarriz, baita konpainiaren sarreren aurretik ere. Erabiltzailea pozik badago, eskaerak handitu egingo dira eta errentagarritasuna lehenago edo beranduago etorriko da.
Baina ekonomia kolaboratiboaren aterki faltsuaren azpian, beste errealitate bat ezkutatzen da: prekarietatearena eta langileen esplotazioa. “Plataforma” berri hauek enpresaren eta langileen arteko harreman eredu berria ezarri dute, baita gizartearekiko lotura ere. Beren burua jendartetik kanpo kokatzeko pribilegioa lortu dute, eta hala, inor gutxiri onartzen zaizkion jokabideak etxeko marka bihurtu dituzte: zergak ez ordaintzea, lan baldintza duinak ez bermatzea eta orohar, bere langileek egunerokoan egiten dutenarekiko ardurarik ez hartzea beren gain. Langileak autonomo gisa kontratatzen dituzte eta haiekiko harremana aplikazio baten bidez kudeatzen dute. Hau dela eta, langileen arteko lehia sustatzen dute.
Gasteizen bizi eta ZAPateneoko kidea den Paul izeneko estatubatuar baten iritziz dinamika honek ondorio arriskutsuak eragiten dituela agerikoa da AEBetan. Horregatik, hainbat hilabetez ibili da Glovorentzat lan egiten barrutik ezagutzeko, eta bizi izandakoa salatu du Argia aldizkarian idatzitako artikulu interesgarri batean. Irakurketa gomendagarria!
Bitartean… Ongi etorri ekonomia berrira! Enpresek nahi duten guztia egin dezaketen unibertso paralelora, non sekulako irabaziak lortzen dituzten, beste guztiok miserian murgilduz.
Mikel Lacalle (ZAPateneo)
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!