NODO-aren azken sekuentziak
Irratiko saio hauek buruko min bat baino gehiago ematen didate. Aitortzen dizuet. Zer gai aukeratu? Zer esan? Zer inporta zaio jendeari? Ba al dut eskubiderik jendeari nire kezkak eta iritziak ezagutzera emateko? Ez al litzateke hobe dena bertan behera utzi eta musika polit bat hautatzea?… Gainera, badut irudipena hilabeteko tartea izanda ere, gero eta arinago betetzen dela epea eta nahi baino arinago ekin behar izatendudala ordenagailua astintzen.
Eta gaia aukeratzen hasita, aspalditik buruko min pixka bat ematen ari zaigun gai bat jorratzea erabaki dut. Jorratzea, bai. Gaur maiz erabiltzen dugun hitza: gaiak jorratzen ditugu, beste batzuek bideak ere jorratzen dituzte. Ez dakit nola eta zertarako jorratzen den bide bat. Jakingo duzue jorratu baratzeetan eta ortuetan egiten dela: ‘belar txarretatik gure landareak libratzea’ edo esan nahi du. Gero, metafora gisa edo erabiltzen hasi bide gara eta ‘landu’ edo esan nahi du. Artoa edo beste landareren bat jorratzea arrunta da, edo zen. Bideak jorratzen ez ditut ikusi, garbitzen bai. Gaur, nolanahi ere, jorran aritu nahi dut. Kostako zaigu, jorratu beharreko eremua gogor xamarra izango delakoan bainago. Gainera, ez dut uste belar txarrak gure baratzean asko aurkituko ditugunik, azalean behintzat, marmol dotorez eta odolez estalia baitago belar gaiztoa. Ez dakit haitzurrik beharko den, ez eta baliagarri izango dugun ere, urte asko baitaramatza han, baltsamatua, gure generalisimoak. Haitzurra ez bada ere, garabi handiren bat beharko da. Erne ibil bitez langileak ere, historiaren pisuak azpian harrapa ez gaitzan.
Gure belartzarra, beharbada ez zen han inoiz lurperatu behar. Ez zegokion: hura ez zen ‘erori’ bat, botatzeko ere ez ginen gai izan. Baltsamatua gorde zuten. Bestalde, urte gehiegi darama han ezkutuan, gordeta…
Azkenean, badirudi atseden hartu ahal izango dugula. Hala dirudi. Amets gaiztoa bukatuko da. Espero dezagun.
Baina ez pentsa: irakurri berri dut Francotarrek gutun bat bidaliko diotela Espainiako gobernuari eskari batekin, alegia diktadorea hobitik ateratzerakoan eta atzera berrilobiratzean ohore militarrak errenditzeko eta meza bat eskaintzeko eskatuz. Gutunean, nonbait, gogorarazten diote gobernuari diktadorearen gorpuzkinak duintasunez tratatuak izango zirela hitz eman zutela. Ez omen dute inongo pribilegiorik eskatzen, legea zehatz-mehatz betetzea baizik, gobernuburu ohi bati dagozkion ohore Militarren Araudiaren arabera: Himno nacional delakoa, osorik, eta fusil deskarga bat. Azken honetaz ez da esaten deskarga hori nolakoa izango den. Baina… lehenbizikoz lurperatu zutenean ez al zizkioten hain mereziak zituen ohore horiek egin? Baietz esango nuke. Hortaz…
Familiak bere aitona zena behar bezala ohoratu nahi izatea logikoa da. Hala ere, kontuan izanik, batez ere nolako ondareaz jabetu diren, (por la gracia de Dios) eskotean ere parte hartzea eskatuko nieke. Irteera ohoragarria nahi badute, tokatzen zaie. Diot nik. Alferrikako eskaria, segurutik. Badute ondarea, benetako jabea nor den ez dakit.
Eta eskotea jartzeaz ari garenez, ez zait oso ohoretsua gertatzen ari denik hilobi malapartatu horren zaintzailea den beneditarren priorea. Oker ez banago, eliza hori ondare publikoa da, Estatua da jabea eta horrenbestez Eskubide kanonikoak zer esan handirik ez luke izan behar. Eskandalagarria eta patetikoa iruditzen zait gure fraidetxoaren jarrera. Ez nuke haren larruan egon nahi.
Bueno, hurrengo arte, ekaitza dator eta.
Patxi Goenaga
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!