LGTB kolektiboaren asimilazio operatiboa
Urte askoan Transbollomaribi kolektiboa ezkutatuta bizi izan da. Gure desio eta nortasunak bizitzako eremu guztietatik kanpo genituen, eta, gutariko batek askatasunez jokatzen bazuen, zigortu egiten zuen sistemak. Horrela, hamaika errealitate bizi izan ditugu, eta hamaika eraso jasan. Eta, gainera, askotan, gure desioak eta sentipenak isilarazi ditugu bizirik jarraitu ahal izateko.
Eta, derrepentean, egoera horretaz nazkatuta, Transbollomaribi batzuk, batez ere trans-ak, kalera irteten hasi ziren, takoiak jantzita, eta pelukak, eta soinekoak…Halaxe ahaldundu eta sistemaren aurka oldartu ziren, eta halaxe hasi ziren heteroaraua apurtzen. Orduantxe hasi ziren ere haien aurkako atxiloketak, espetxealdiak, torturak, terapiak,…. Izan ere, heteroarauaren poliziek gogor jardun zuten heteroarauaren bazterretan zeuden pertsona horien guztien kontra.
Hori gutxi balitz, “izurrite-arrosa” agertu zen segituan: HIESA. Jende andana gaixotu zen, eta milaka eta milaka lagunek bizitza galdu zuten, instituzioen utzikeriarekin.
Gu menderatzerik lortu ez zutenez, gu asimilatzeko moduak pentsatzen hasi ziren. Hori dela eta, Madrilgo auzo jakin bat gentrifikatzari ekin zioten, eta modu horretan lehen ikusiezina zen kolektibo transbollomaribi merkatu-hobi bilakatu zen. Gainera, LGTB elkarte batzuen laguntza izan zuten, Estatuko hiriburuan operazio hori aurrera eramateko.
Lehenik, deserosoak suertatzen zitzaizkien taldeak, auzo-elkarteak edo asimilazio-fasean ez zeuden transbollomaribi-pertsonak ekainaren 28ko antolakuntzatik aterarazteari ekin zioten. Segituan hasi ziren enpresari-elkarteekin aliantzak ehuntzen, eta enpresarien lehenengo elkarteak sortu zituzten (hori guztia, betiere, PSOEren laguntza eta babes osoarekin). Eta horren guztiaren ondoren, gay-turismoa sustatzen hasi ziren.
Gaur egun, oso antzeko egoeran gaude Euskal Herrian. Egia da gure herrian Transbollomaribi kolektiboa ez dela ikusgaia izan bizitza politikoan, baina ikusgaia ez izateak ez du esan nahi desagertuta egon denik, inola ere. Eta pil-pilean dauden makroebentoen antolaketak direla-eta, hemen ere badugu gure borrokan merkatu-hobia lortzeko aukera ikusi duenik.
Hasiera batean, transbollomaribi kolektiboa asimilazio fase batean sartzen saiatu ziren, Bizkaiko E28 koordinadoran. Estrategia hori, ordea, gaizki atera zitzaien; izan ere, asimilazioa lortu beharrean, asimilazioaren kontrako mugimendua piztea lortu zuten.
Porrota ikusita, beren elkarteak sortzen hasi ziren asimilazionistak, Bizkaiko PNVren laguntzarekin, bereziki, baina ahaztu barik PSE alderdiaren babesa eta konplizitatea ere bazutela (esperientzia handia dute-eta horrelako operatiboetan).
Behin elkarteak sortuta, Prideak, jaialdiak, jardunaldiak prestatzeari ekin zioten, beren kontu-korrontea geroz eta diru gehiagoz hornituz. Eta, halaber, gentrifikazioa bultzatu zuten, Euskal Herriko “Chueca” moduko bat Bilbon sortu nahian, eta gay hotelak eraikitzen hasi ziren, Bilbon eta Donostian.
Gasteizen, antza denez, momentuz ez dute merkatu-hobirik ikusi; baina lasai, hori ere etorriko zaigu… Bitartean, operatibo horren guztiaren alderik bortitzenetariko bat nozitzea tokatuko zaigu. Asimilazio-operatibo horren guztiaren barruan, poliziaren irudiaren zuriketa lan-ildo garrantzitsu bat izan da. Hala, bada, Prideetan desfilatzen hasi ziren, eta polizia elkarteak sortzen,… Gaur egun, elkarte horietako ordezkariak Euskal Herrira heldu dira, Gasteiza, zehazki, non zuriketa-operazioa garatzen hasi baitira: Gaylespol du izena, eta polizia gay eta lesbianen elkartea da.
Ez da kontu berria, baina. Urtebete daramagu behintzat haien presentzia gure hirian sumatzen. Hasiera batean, Iruñeako topaketetan agertu ziren, elkarteko uniformea eta guzti! Eta zenbait taldek, poliziaren partaidetza publikoa hori zela-eta, kexa adierazi genion antolakuntzari.
Ondoren, Zuzenbideko fakultateak sortu duen hausnarketarako espazio batean ere agertu ziren, eta, horren ondorioz, zenbait elkartek alde egin zuten esparru horretatik.
Bestalde, duela egun batzuk jakin dugu Gaylespol elkarteak Gasteizko udaltzainei LGTBIri buruzko prestakuntza emango diela. Gaylespol elkartea pixkanaka-pixkanaka legitimazioa lortu nahian dabil, eta, horrekin batera, gainera, transbollomaribi kolektiboan poliziaren irudiaren zuriketa egiten saiatuko da.
Guk, ordea, argi daukagu: Gaylespol-eko kideak eta Stonewallaeko ahizpak jazarri eta jipoitu zituztenak berdinak dira. Gaylespol elkarteko kideak Talka hustu zutenak berberak dira. Mozal legeal ezartzen duten berdinak dira. Baita lagun migratzaileak jazarten dituztenak ere. Hau da: sistema zisheteropatriarkalaren soldaduak dira Gaylespoleko kideak.
Ez zaizkigu arrazoiak falta, beraz, larunbatean Harro! Plataformak Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzeko, jokoan dagoena ez delako bakarrik E28ko antolaketa eredua: gure borrokaren asimilazioa dago jokoan, gure memoria eta historiarena, gure gorputz eta desioen merkantilizazioa eta jazartu egiten gaituztenen zuriketa. Horregatik guztiarengatik esan behar dugu, ozen esan ere: Harro ez da Pride, Gure izenean ez!
Amets Mtz de Heredita
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!