Bizi osorako lanpostu baten truke
Ekainaren 16an, BEC-en. 1.867 plaza eta 7.988 eskaera jasota itxi da Hezkuntza Sailaren 2019ko Enplegu Publikorako eskaintza. Ez da makala, ordea, oposaketa eredu zaharkitu eta lehiakor honetan egin beharreko lana eta ahalegina (urteko programazio didaktikoa sortu, gaitegia osatu eta ikasi, kasu praktikoa prestatu eta onenean, programazioaren ahozko defentsara iritsi).
Prozesu amaitezina dirudien hau, oztopo-lasterketa ere bada. Norberaren irizpideen arabera argitaletxe ezberdinetako gaitegiak bilatu, indarrean dagoen legediarekin osatu eta euskaratu behar dugulako. Nola liteke euskara ardatz duela esaten duten curriculum batean azterketa euskaraz zein gazteleraz egiteko aukera luzatzea, derrigorrezko hizkuntza eskakizuna C1 denean gainera; alegia, EGA edo parekidea? Horrenbestez, asko eskatzea al da euskarazko gaitegi eguneratu eta ofizial bat izatea? Horrez gain, urteetako lan eskarmentuari garrantzia kendu eta gaitasun memoristikoari ematen zaio. Ez al da kontraesankorra, ikasle konpetenteak bilatzen dituen Heziberriren garaian, “irakasle onenen” aukeraketa azterketa batera jokatzea? (bederen ebaluazio irizpide zehatz eta objektiboak bermatu, zer eta nola egin behar dugun jakiteko eskubidea gutxienekoa iruditzen zait).
Aukerazkoa beharko lukeen prozesu honi, derrigortasun itxura hartzen diot poliki. Batetik gainditzen duenari “saria” emateko hautua egin duelako Hezkuntza Sailak lehendabizikoz aurten (ikasturte bateko lan esperientzia “opari”). Bestetik, Euskadiko Eskola Kontseiluak irakasleak oposaketetara derrigortzea eskatu duelako orain gutxi, prozesu honen prestakuntzan egon daitezkeen hamaika egoera pertsonal (familia kontziliazioa, gaixotasunak, bat-bateko egoerak…) kontuan izan gabe.
Urteak eman ditugu zerrenda batean sartu ahal izateko, deiaren zain beste horrenbeste, mota guztietako jardunaldiak hartu, km-ak errepidean bete (istripuak, gasolina, bidesariak) etxetik urrun bizitzera joan (alokairuak, mudantzak) norberaren bizitza pertsonala albo batera utziz, etengabeko formakuntza eta ikasketak gauzatu, ikastetxeetan inplikazio maila amaitezina eskaini, metodologia berrikuntzak abiatu… Finean, azterketa bat saritzeko. Zertarako eta plaza lortuz gero aurretik esfortzuz eskuratutako puntu guztiak galdu eta berriro hutsetik abiatzeko behin betiko lanpostua lortu arte.
Bizi osorako lanpostu baten truke bizitza bera albo batera uzten dugu, eta hala ere, egungo jendarte prekario honetan “pribilegiatuak” garela sentitzen dut ingurura begiratu eta soldata duin bat jasotzeagatik.
EPE eredu honen eraldaketa premiazkoa delakoan nago eta hezkuntza komunitate osoarekin elkarlanean burutu beharko da benetan hezkuntza kalitatea bermatu nahi bada. Espero dezagun iazko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako oposaketen emaitzen txikizioak Hezkuntza Sailari hausnarketarako bidea ireki izana (guk irakasle gisara gure ikasleen emaitzak egokiak ez direnean beraien ardura dela pentsatu ordez, gure jardunean arreta jartzen dugun moduan).
Animo bidean gaudenoi, eta ez ahaztu oposaketa batek ez duela gure irakasle balioa xedatzen, ez behintzat indarrean dagoen eredu honekin!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!