Selektibitatea jo puntuan
Bizitza ziklikoa dela diote, etapa bakoitzean erronka ezberdin bati heltzen diogu etorkizuneko garai berri baten hasierara iristeko. Ikasleok oso presente dugun kontua da aipatutakoa, hezkuntza prozesu osoa helmuga ezberdinak dituzten ziklo eta ibilbideetan banatzen baita, bakoitza hesi eta oztopo ezberdinez ezaugarritua. Batxilergo bigarren maila amaitzear aurkitzen naiz, bi urte luze bezain bizi hauetan gure atzetik izan dugun mamua den selektibitatearekin topatzeko zorian. Badator amildegira salto egiteko unea.
Bizi erritmo altua izan da batez ere urte hau ardaztu duen ezaugarria, era masiboan lan egin eta produzitzea zifra konkretu batzuk lortzeko hain zuzen ere. Kanpotik inposatutako edukiak kanpotik planifikatutako erritmoetan “landuz”, irentsi eta irentsi egutegian azpimarratutako hiru egun horietan mahai banatuetan eseri eta folio baten gainean botaka egiteko. Prozesu bera, baina maila txikiago batean, behin eta berriz errepikatu izan dugu ikasturtean zehar, etengabe, gure buruen osasunean arreta jartzeko tarterik gabe.
Izan ere, ez gara gutxi urtean zehar estresagatik lo falta, esnatu orduko botaka egin edota antsietate krisi batengatik urgentzietara joateko zorian egon garenak. Hori delako hezkuntza sistemak bultzatzen duen eredua, bizitzak heziketa prozesuaren erdigunean jarri beharrean, lan produktiboari lehentasuna ematea. Ez dugu tarterik sentitzeko, emozioak garatzeko, lorpenengatik pozteko, proiektu berriengatik ilusionatzeko, gure albotik eraman dituzten horiengatik triste edota amorratuta egoteko…
Hau guztia ulertzeko ezinbestekoa dugu hezkuntzaren papera sistema kapitalista heteropatriarkalaren barruan kokatzea. Hezkuntza balore batzuen baitan pertsonak hezteko tresna da. Balore horiek erabaki politikoen bidez ebazten dira, beraz, boterea dutenen nahimenaren arabera, eta zapaltzen gaituzten estatuetan, helburu neoliberal eta merkantilistek gidatzen dute hezkuntza sistema. Batxilergoa honen adierazle argia da, ikasleak langile sumisoak izateko prestakuntza aroa baita.
Gure identitate, nortasun, jatorri, gorputz, ibilbide, nahi eta beharrak albo batera utzi eta produkziorako tresna hutsak bihurtzen gaituzte. Lehia armatzat ikasleon arteko gerra piztea dute helburu, selektibitatean argi antzematen den bezala. Bakoitzaren nortasuna baloratu beharrean, inposatu dizkiguten balore horiei nola heldu diegun hartzen dute kontuan, ez dituztelako ikasle zein etorkizuneko herritar kritikoak nahi, sistemarekiko konformistak baizik.
Hezkuntza eredua bere osotasunean agortuta dago eta ez da ikasleon neurrira moldatzen. Horregatik, azken urte hauetan herri mugimendu eta plataforma ezberdinek egindako aldarrien baloreen baitan oinarritutako alternatiba eraikitzea dagokigu: euskalduna, bizitzak erdigunera ekarriko dituena, laikoa, anitza, inklusiboa, irekia, perspektiba lokalarekin eta pedagogia askatzaileak garatzea ahalbidetuko duena.
Beraz, ebaluazio irizpideak aldatzea ere ezinbestekoa dugu, norbere garapen pertsonala balorean jarriko dituzten mekanismoak sortuz. Egun, badaude norabide honetan lanean daudenak, marko baten baitan antolatzeko hautua egin dutenak, Plaza Hutsak eskainitako espazioetan edota Herri Hezitzaileen proiektua bultzatuz, adibidez.
Selektibitateari ezetz esaten diogu, herri honek beste eredu bat behar duelako, beste eredu bat nahi eta exijitzen duelako. Ez gara hutsetik abiatzen eta ez goaz ezerezera, dagokiguna borrokatzen gabiltza!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!