Gazte Bozka
"Demokrazia burgesaren festa hainbestetan kritikatu izan dugunoi, politika (instituzionala, noski) helduen kontuak direla eta ulertuko ez ditugun gauzak direla hainbestetan esan digutenoi, bozkatzeko gonbitea luzatzen digute. Zertarako? Zer dugu esateko gazteok maiatzaren 26an?"
Gazteak, etorkizuneko gizartearen protagonistak. Orainean, figuranteak besterik ez.
Helduek diseinatutako munduan, itzalpetan haiengandik ikasi eta menpeko izan. Emantzipazio amets apurtuen menpeko, gure egunerokoa nahierara diseinatzeko ezintasunaren berme besterik ez diren eta “enplegu” deritzeten esklabutza aldien menpeko.
Aspaldi konturatu ginen gazte izatearen idiosinkrasiak zapalkuntza berezituak jasatera behartzen gintuela bizitzaren esparru ezberdinetan. Hauteskunde garaia izanik, bada indarra hartu duen kontzeptu bat, “gazte bozka” delakoa. Arraroa suerta daitekeen arren, guri dagokigun bozkari egiten dio erreferentzia, gazteoi. Bada urrats bat behintzat gazteoi gazte izaera onartu izana.
Demokrazia burgesaren festa hainbestetan kritikatu izan dugunoi, politika(instituzionala, noski) helduen kontuak direla eta ulertuko ez ditugun gauzak direlahainbestetan esan digutenoi, bozkatzeko gonbitea luzatzen digute. Zertarako? Zer dugu esateko gazteok maiatzaren 26an?
Buru azkarren bati okurrituko zitzaion pentsatzea non gauden gazteok. Galderari erantzuten saiatzen den edonork ondorioztatuko du beti gaudela aldaketaren abangoardian, status quo-a buruz behera jarri eta botereari hortzak erakutsi behar zaizkion bakoitzean, hor gaudela gazteak. Eta maiatzaren 26an ere, berri izan dakiguken baina gogoz ekiten diogun frontean eragiteko aukera daukagu. Bizi dugun errealitatea eraldatzeko konpromisoa hartua dugu jada, eta instituzioak ez dira salbuespen izango.
Auzo eta herrietan hazi eta hezi gara. Gure inguruak aldatuz joan direla ulertzen joan, gara kontzientzia bereganatzen joan garen heinean. Ikusi dugu betiko herriko okindegiak itxi egin behar izan duela, Supercor bat zabaldu baitute ondoko kalean.
Ikusi dugu aldameneko laguna, txikitan parkean harekin jolasten ibili ohi ginena, iaz zabaldu zuten joko-aretora behin eta berriz sartzen, aurpegi gero eta goibelagoaz. Ikusi dugu aiton-amonen baserria bota egin dutela, garapena eta ongizatearen izena daraman tren bat eraiki behar dutelako.
Zapatariak “Se vende” kartela eskegitzen ikusi dugu, ondoko Zara jendez lepo zegoen bitartean. Ikusi dugu Euskal Herrira heltzeko bereak eta bi ikusi behar izan dituen gizona supermerkatuko atean diru eske, jabeak atetik kentzeko noiz aginduko dionaren zain.
Finean, ikusi ditugu bizitzak, kapitalismo basatienak irentsi egin dituen bizitzak, Arabako herri eta auzo bakoitzaren memoriak osatzen dituzten historio pertsonalak.
Maiatzak 26an bozkatzera goaz gazteok ere. Garaipenera eramango gaituen keinua ez da izango. Ez da bandera gorririk eskegiko udaletxetik hurrengo egunean bertan, ez dute bat batean alde egingo Euskal Herria egunero zapaltzen duten horiek, lanean jarraitu beharko dugu egunero. Aipatutako historio pertsonal horien guztiengatik, etxebizitza merkatuaren logikatik ateratzea exijitzen duen okupazio bakoitzean jarraituko dugu.
Ostiralero, estatu espainiar zein frantziarrek bahitutako Euskal Herritarren etxeratzea eskatzen Andra Mari zuriaren plazan egongo gara. Euren herrialdeetatik ihesean irten eta gurera etorri diren horiek kanporatu nahi dituztenei aurre egiten dion Gasteiz koloretsua izango gara, Martxoaren 3an justizia exijitzen duena, elite ekonomikoek antolatutako Final Fourraren aurrean, Indar Baskoniaren aldarrikapenekin bat egiten dutenak izango gara, eta ez honen arrakasta eza euriari atxikitzen diotenak eta honen konponbide gisa mojei arrautzak eramatea proposatzen dutenak.
Martxoak 8an emakume* mugimenduari hitza eta erabakia ematen diotenak izango gara, neurri populista eta inozoetatik haratago. Azken finean, herria izango gara.
Igandean, eman dezagun bozka errebeldea. Bozka dezagun EH Bildu. Nahikoa izango ez denaz kontziente, izan gaitezen beste behin aldaketaren abangoardia. Irabaztera goaz, egunero kaleetan egin bezala, oraingoan instituzioetan. Herriz herriko eta auzoz auzoko bizipenenatik, suntsitutako historio bakoitzarengatik, ekin diezaiogun ederra den oro konkistatzeari.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!