Hauteskundeak
Hauteskundeetan gaude. Atzo lagun batzuekin geratu nintzen, AHTren aurkako manifara joan, eta, bide batez, lagun hauetako batzuek azken hauteskundeetan botorik eman ez zutela eta datorren igandekoetan berdin gerta daitekeela jakinik, abstentzioaren arrazoiak zuzenean ezagutzeko. Eskola desberdinekoak dira aipaturiko lagunok, eta euren artean Ezker Abertzale Zaharreko eskolakoak urri. Autonomoen mundua eta herri mugimendua izan dute eskola, orohar, baina, hemen hasten da nire naufragio analitikoa, orokorrean, gaur arte, beti eman dute botoa. Tira, batek ez, 2011 haren bueltan kontu zehatz bat dela medio haserretu eta harez geroztik dabil hautestontzietatik urrun. Azpimarratu nahi dudana da lagun hauen existentzian erakundeekiko distantzia erabatekoa edo axolagabekeria ez direla nagusi izan. Badaezpada ere galdetu nuen, “Aizue, baina denok gara ados erakundeak kontu garrantzitsuak direla. Mugitzen duten dirutza kontuan izanik, ez dago jendartearen izaera eurek neurri handiiiiian zizelkatzen dutela ukatzerik, ezta?”, eta, erremate gisan, “eta gainera, edozein egitasmo politikok du goi-asmo bere abiabideak instituzionalizatzea, ezta?”.
Orduan, jakinik egitasmo eraldatzaile batek borroka-eremu ezberdinak dituela, jakinik borroka-eremu batean uzten duzun hutsunea edo babesten ez duzun lubakia besteek okupatzen dutela (kaleko esparruari dagokionez ez dugu honen inguruko zalantzarik!), zer dela eta esparru hau besteon esku uztea? Bai, badakit gaia askoz korapilatsuagoa dela, eta bereziki interesgarria udalgintza/herrigintzaren arteko osagarritasuna, herri mugimendua eta ezkerreko irizpideetan bere kudeaketa oinarrituko duen erakundearen arteko elkarlana, … baina, finean, xelebrea zaidana definitzen ez dakidan ideia hori da: lagun batzuk herri mugimenduan ari dira, hori da eurentzat alor emankorrena, … eta, beraz, ez dute borroka instituzionalean parte hartzearen beharrik ikusten.
Jakina, EHBilduren kanpaina eta azken 4 urteotako jarduera instituzionalaz makinatxo bat ideia/kritika jarri zizkidaten mahai gainean, horietako batzuk partekatzen ditut, baina, ea, ni ere orain dela hamabost egun presoen aldeko danborrada batean hartu nuen parte, dan-bo-rra-da bat, donostiarren koreanada hori, alegia, … eta ez nintzen hil. Lotsa pixka bat baino ez. Horregatik ez dut ulertzen burkide hauen jarrera. Arazoa ez bada printzipio-kontu bat (hor daude abstentzionista aktibo berriak, baina hori beste kontu bat da), beti har daiteke jarrera … lasaiagoa, “Beno, ez zait gustatzen estetika berria, nolabaiteko fitxajeen moda moduko bat usaintzen dut, azken 4 urteotan egin duten politika ez da hain ezberdina izan, diskurtsoa besteon bezalakoa da, marketing gehiegi, …. baina, bai, ez dira besteon bezalakoak, munduaren eraldaketa ez da nire boto horretatik etorriko baina, ea, PP erakundeen mundutik behin betirako baztertzen hasten bagara, EAJren politika setiatzen badugu, udalerri batzuetan bestelako politikak egiten badira, … horra hor zerbait”.
Eta, gero, jakina, egurtuko ditugu gure ordezkari horiek baldin eta praktika zuzenik ez badute, arteztuko ditugu okerrak, besteoi adina eta gehiago exijituko diegu, … Baina Ezker Abertzale Berria anitza da, sektore batek bere militantzia erakundeetan egin nahi du, probes dezagun hori, baina ez dezagun pentsa erakundeetan presentzia txikiagoa izanez gero herri mugimendua automatikoki indartuko denik. Ez. Militantzia-soslai bakoitzak bere eremua aukeratzen du, eta herri mugimendua guk egin beharko dugu, horretan sinesten dugunok. Udaletxean egongo direnak gure aliatuak izan daitezke, baina gu ez gara haiek eta haiek ez dira gu. Eta, era berean, denok gara GU, gutasun anitz eta berri hori.
Txema Matanzas
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!