«Inbentarioa» -Mikel Ayllon-
-Hamaika edo hamabi galtzerdi pare. Ia denek dute zuloren bat, gehienek hatz lodia ia osorik bistan uzteko modukoa. Badakit logaritmo nepertarrak erabiltzen, baina ez josteko orratz bat. Ia denak huts egiten du gure hezkuntza-sisteman.
-Galtzontzilo batzuk. Ilunak. Itsusiak. Funtzionalak. Erosoak. Gizona naiz, klaro.
-Prakak, hiru edo lau. Laburrak ere, pare bat. Finak eta merkeak guztiak, dagoeneko nahiko emanak, urraturen batekin ere gehienak. Horixe da moda, ohartu orduko edozein erraustegitan erretzen ari den oihal meta bat.
-Bospasei alkandora, denak mauka luzekoak. Komeni baita beti as bat gordean dugula paseatzea mundutik, zer gerta ere. Edo hala erakutsi didate, eta nik sinetsi, hurkoari laguntzea baino, hobe dudala amarruak egiten bizi.
-Hamar bat kamiseta, denak mauka laburrekoak. Gauza asko sinetsi ditudalako, baina inoiz ez delako berandu ziurtasunak moztu eta zalantzak ereiteko. Eta zer demontre, maite dudalako azala bistan ibiltzea, eguzkipean zein euripean, azalean sentitzen direlako, eta ez beste inon, minak eta pozak.
-Jertse lodi bat eta bi fin. Eranzteko, gutxi baitira bizitzan jertse bat kentzea baino plazer handiagoak.
-Zira bat eta zazpi euritako, asteko egun bakoitzeko bat, guztiak koloretakoak. Eta ez egunero euria egiten duelako, baizik eta egunero euria egin dezan, poetak gaztigatu zigun moduan, horixe baita zoriona, euria esan eta euria erortzea.
-Argazki batzuk, behin eta berriro tematzen direnak erakusten lehen ez nintzela horrelakoa, lehen zerua urdinagoa zela, irribarreak zabalagoak, prakak motzagoak. Eta, hala ere, edozein argazkik erakusten didan begirada benetakoagoa da gaur edozein ispiluk itzultzen didana baino.
-Plater batzuk, ontziak, sardexkak, koilarak, edalontziak… eta, momentuz, zorionez, goserik ez.
-Liburuak. Liburu asko. Handiak, txikiak, meheak, lodiak, mila aldiz orriztatuak eta behin ere ukitu gabeak, isilak, hitzontziak, zimurrak, labainak, xumeak, gozoak, gupidagabeak, zintzoak, begietara begiratzen ez dakitenak, laukiak, biribilak, etsiak, behinola bihotza lapurtu zigutenak eta berriro sekula itzuliko ez digutenak.
-Harri txiki batzuk ere bai, beti aldean eramaten ditudanak, badaezpada, hiltzen naizen lekuan hiltzen naizela, etxean hiltzeko beti.
Guztira hamar kutxa eta beste hamar poltsa. Hori besterik ez gara. Hamar kutxa eta hamar poltsa. Libururik gabe, erdia ere ez.
Labrit aspaldi desagertu zen etxetik. Telmo tarteka pasilloan gora eta behera dabilen mamu baten modukoa da. Jende arraroa ikusten hasi naiz gure etxean, haiek ere mamuenak bezain arropa zuriekin jantzita. Ahots batek esaten dit lasai egoteko, dena oso ondo doala, nire puskak batzen has naitekeela, eta laster joan ahal izango naizela hemendik.
Baina nik ez dut inora joan nahi.
Mikel Ayllon
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!