«Nerabezaroa bigarrenez» -Blanca Urgell-
Semea eta biok gaur berandutxo irten dugu etxetik. Hamaiketako bokatak ipini dizkiot, baina gosaltzeko hartzen duen soja-esne katilua ez. “Ez du inporta, ama. Gailetak hartu ditut” esan dit kotxean sartzerakoan. Berandutxo ibili gara busera heltzeko eta, hala ere, pozik geunden biok, elkar zaintzen, elkarri begi irrifartsuez maite-maite egiten.
Bart ez geunden horrela. Arratsaldea elkarrekin eman genuen erosketak egiten eta, hasieran pozik eta farrez ibili baginen ere, une batetik aurrera giroa zaildu eta azkenean usteldu egin zen. Gure arteko harremana bide zuzenetik atera eta haserrearen bidezidorrean barna sartzen denean, zaila da atzera egitea. Hitzarmena egin dugu batak bestea frenatzeko halakoetan, baina atzo argi frogatu zen entrenu gehiago behar dugula.
Dena dela, ez zen hain gaizki joan. Gogorra izan zen aurrez aurrekoa, gero eta gogorragoa bihurtzen ari da, baina aldi berean gero eta argiago dut ez dela ezer pertsonala, ondo-ondo ezagutzen zaituenak bakarrik aurtiki ditzakeen geziak, pozoiz beteak, bihotzerainokoak heldu bazitzaizkidan ere.
Haserraldi horietan semeak argi uzten dit gorroto nauela. Gero eta argudio hobeago eta sofistikatuagoekin. Ordea, aitor dezadan ez didala egiten neuk neure garaian amari egin niona baino ezer handiagorik, semea ni izan nintzena baino oraindik argudiotan hobea izatea ez bada.
Edonola ere, nire lagun minak lehengo batean esan zidan kontsolatu nahiz psikologo bati hauxe entzun ziola, alegia, ezin hobea dela seme-alabek gurasoa gorrotatzea, beren garapen psiko-afektiboa ondo doalako seinale dela, gugandik askatu behar horretan.
Google-n “mi hijo me odia” ipini eta 5.050.000 emaitza inguru daudela ikusi dut. “Qué hacer cuando un hijo te rechaza” bezalako lotura erakargarriak ikusi ditut lehen pantailan. Gero “semeak gorrotatzen nau” ipini dut, eta lehen lekuan ARGIA aldizkariaren elkarrizketa bat atera zait, Thierry Biscary musikariarena. Bigarren lekuan, aldiz, Euskaltzaindiaren arau baten pdf-a, “Izen sintagmen arteko juntadura dela eta” zehazki.
Benetan esaten dizuet jainkoei eskerrak eman dizkiedala euskalduna izateagatik. Eta instant horretantxe den-den-den-dena ulertu dudala.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!