«Ustezko elurra» -Alaitz Andreu-
Aurrekoan, elurra egin zuen. Bai, ikusi egin nuen, eta azalean zein hezurretan sentitu. Txirristatu ere egin nintzen, izotz bihurtutako elurraren ondorioz. Eta min hartu nuen. Sinetsi didazue? Baiezkoan nago. Baina “elurra egin zuen” esaldiaren ordez ustezko elurra egin zuela esango banizue, zer? Edo ustez ikusi eta sentitu nuela eta ustez elurraren ondorioz txirristatu nintzela, zer? Zalantza egingo zenukete. Zalantzan jarriko zenukete elurra egin izana; zalantzan, egin zuen hura elurra izan ote zen. Eta, nola ez, zalantzan jarriko zenukete elurra sentitu eta elurraren ondorioz txirristatu nintzela ere. Are, elurra bera ere jarriko zenukete zalantzan. Elurraren existentzia, zalantzan.
EITBk estilo-liburu berria atera du Durangoko azokarako, eta, Teleberrin ikusi ahal izan nuenez, ez baitut liburua irakurri, irizpideen artean dago errugabetasun-presuntzioa beti errespetatu beharra. Berez, ez dut arazorik horrekin: atxilotutakoak errugabeak dira, epaileak aurkakoa adierazi ezean. Konforme. Susmoa dut, ordea, eta susmoa baino egiaztapena da, presuntzio edo ustekizun hori ez dutela batere ondo erabiltzen hedabideetan oro har, eta EITBn zehazki.
Batetik, pertsona bat lapurreta egiteagatik atxilotzen dutenean, hedabideen esanetan ez dute ustezko lapurra atxilotzen, lapurra baizik. Yihadistak ere ez dira ustezko yihadistak izaten: yihadistak dira. Emakume bat hiltzeagatik atxilotzen duten gizona, ordea, ustezko hiltzailea izaten da. Eta gauza bera gertatzen da ustezko bortxatzaileekin ere. Emakumeak hiltzen eta bortxatzen dituzten gizonak bakarrik izaten dira ustezko delitugileak, ez besteak. Baita delitua aitortzen dutenean ere. Hortxe delitu motaren edo delitugilearen arabera, beren interesak tarteko, egiten duten lehenengo bereizketa.
Eta, bestetik, ustekizun edo presuntzio hori non erabiltzen duten begiratu behar dugu. Izan ere, egileez gain, ustezko bihurtzen dituzte indarkeria matxistaren biktima eta delitua bera. Lapurreta baten biktimaz ari direnean, adibidez, bururatu ere ez zaie egiten “ustezko lapurretaren ustezko biktima” esatea; bortxaketen edo hilketa matxisten kasuan, ordea, guztia bihurtzen dute ustezko, guztia zalantzagarri. Besteak beste, labainkadaz josita hil zuten emakume bati ustezko biktima esan zioten duela gutxi, eta La Manadaren kasuan ustezkoak dira bortxaketa eta biktima. Are, emakume batek ustezko bortxaketa bat salatu zuela entzun nuen duela hilabete batzuk, emakume horrek “ustezko bortxaketa bat salatzera nator” esan izan balu bezala.
Argitu ditzagun gauzak: atxilotuak ustezko delitugileak dira, eta, epaileak epaia eman artean, kazetariek presuntzio hori babestu behar dute, ados, baina ez dagokie hedabideei delitua eta biktima-izaera bera zalantzan jartzea. Presuntzioarekin egiten duten joko horrek sekulako mina ematen digu emakumeoi: labankadaz josita hildako emakumea ere ustezko biktima bada, azalduko dit norbaitek zertarako salatuko ditugun sexu-abusuak, etxeko tratu txarrak (psikologikoak batez ere), sexu-erasoak, sexuagatiko diskriminazioak eta sexuagatiko bazterketak?
Alabaina, salaketa jartzeko esaten digute agintariek eta gizarteak oro har; hori bai, moral bikoitza ezartzeaz ahaztu gabe: salatzen baduzu, erruduna zu zeu izan zaitezke, gizon gixajoak, eta biktima zarela frogatu beharko duzu; salatzen ez baduzu, ordea, gaizki ari zara, eta zurea da errua.
Nik elurra ikusi eta sentitu nuen, eta bai, elurraren ondorioz erori nintzen. Ustezko elurra ez da existitzen, ustezko erorikoa eta ustezko sentsazioa ere existitzen ez diren bezalaxe. Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan presuntzioarekin egiten den joko horrek emakumeen aurka berariazko indarkeria ezartzen delako ideia desagerrarazten du, eta indarkeria mota hori areagotzen, emakumeen hitza zalantzan jarri eta, ondorioz, emakumeak isilaraztearekin batera.
Alaitz Andreu Eizagirre
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!