«Nik ere egin izan dut» -Oier Azkarraga-
Azaroaren 25erako astebete falta da, egun horretan dago finkatuta emakumeenganako bortizkeriaren aurkako eguna.
Data hau hurbiltzen ari delarik, egunero entzun dezakegu emakume bat, neskatila bat, umetxoren bat… bortizki hil egin dutela. Bortxaketa bat hemen, eta han, irain bat, baita bortxatzaileren batenbaten absoluzioren bat ere: nik sinisten dizut. Egun hauetan ere “La Manada” delakoaren aurkako epaiketa martxan dago, Iruñean, San Ferminen erdian 5 gizonek emakume bat bortxatu eta abandonatu zutenekoa.
Epaiketa honetan, epaileek zer esanen zain, argi eta garbi gelditu dena da bortxaketaren kultura oso bat egon badagoela, emakumeak objektu lez erabiltzen dituen sistema oso bat, Gizonezkoon superioritate bat, mundua guretzat egina balego bezala.
Zintzoak izan gaitezen, gure buruekin bada ere, gutako zenbatek jaso dugu whatsapp bidez emakumeekiko iraingarria zen mezuren bat eta isildu egin gara? Zenbatetan egin izan diogu aurre gure kuadrilako batek egin duen txiste edo komentario matxistari? Zenbatetan jarri dugu zalantzan norbaitek kontatutako eraso baten istorioa?
Gehiago da, sakondu dezagun, zenbatetan izan gara gu txiste matxista, komentario iraingarria egin dugunak? Zenbatetan izan gara erasotzaile? Zenbatetan baboso? Astun? Zenbatetan juergan ezezkoa eman eta jarraitu dugu tinko gure saiakeran?
Nik ere egin izan dut: nik ere begiratu zaitut luzaroan, behin eta berriz, disimulorik gabe, zu deseroso sentitu zaren arte. Nik ere haragi puxka bat izango bazina bezala tratatu zaitut nire lagunen artean. Nik ere kasu gutxiago egin dizut asanblada batetan, edo zuk esandakoa errepikatu egin izan dut, altuago, merituak nireganatuz. Nik ere dudatan jarri izan dut zure kontakizuna. Nik ere zalantzan jarri izan ditut eremu ez-mistoak. Nik ere, pentsatu izan dut erradikalegia zarela, edo zure borroka ez dela lehentasun bat. Zure beldurrei muzin egin diet, zure sentimenduak baztertu, baita nireak ere, eta aurrera jarraitu dut, bioi, zuri eta niri, mina eraginez.
Nik ere, normatibizantea den heziketa eta eredu baten baitan bizi naiz, nik ere jokamolde guzti horiek nireak egin izan ditut, eta oraindik ere, askotan, nireak egiten jarraitzen ditut.
Bortizkeria ez da soilik, kolpe bat. Bortizkeria ez da ubeldura nabarmena uzten duen hori. Bortizkeria sistema oso bat da, keinu txiki guzti horiek dira bortizkeria, eta guk guztiok, horren parte gara. Aurre egiteko hamaika era daude, manifetan parte hartzea, zaintza lanen ardura guk hartzea zuek manifetan parte hartu dezazuen, oihu bat, manifestu bat, irratian tarte bat, baina guzti horiek gure bortizkeri propioaren konsziente izatetik pasatzen dira eta hori aldatzen saiatzeaz, agian Azaroaren 25aren harira hartutako minutu hauek ere sobran daudela ulertzetik. Nik, gizon batek, berriro ere protagonismoa hartu izan baitut, zurea den egun honetan.
OIER AZKARRAGA GRAJALES
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!