Arrakalak begibistan
Arabatik Gipuzkoara joaten, Nafarroatik pasatzen kotxez gindoazela, orkatz bat ikusi genuen urrutira. Ez da arraroa orkatz bat landa eremu batean ikustea, baina bai Etxegarateko portua zeharkatzen duen zistu biziko errepide batean ikustea. Autobia den, kasu horretan kartzelatik ezin aterata.
Maiatzak 27an landa eremua bizi, sentitu, ikasi eta zaindu nahi zuten jendea batu zen Korres herrian. Nahiz eta egunero hor dauden landareak izan, begiratu egin genituen gurekin harreman zuzena zeukatela jakin arte; jaki, sendagai, arte… Inoiz erreparatu gabeko kantuen doinua entzuten jarri ginen momentu labur batez, lehenengoz aditzen dugunak bigarrengo bat duelako.
Genero anitzak bizi ditugunok ere izan genuen gure presentzia; eta entzunak izan ginen; eta “Queer” kontzeptuaz solastu genuen; eta…behin eta berriz errepikatu zen hitza, “Disidentzia”.
Goitik behera ezarritako arau orokor batekin ados ez dagoen jendartea. Bide hegemonikoa jarraitzearekin disidenteak; gero eta gehiago pobretzen gaituen nekazaritza produktibista baten aurrean disidente; lurra saldu eta erosi egiten dela dioenaren aurrean disidente; gure gorputzak nolakoak izan behar diren inposatzen digutenen aurrean disidente. Bakoitzak bere nortasuna bizi ahal izateko ikusezin bihurtzera derrigortzen gaituen sistema batean disidente.
Sexilioaz aritu ginen, eta gu landa eremura etorri gara bizitzera kosta ala kosta, horma bat atzean utzi beharrean horma apurtzeko asmotan. Gero eta mugatuagoa den osasungintzak, gure beharren inguruan osasunez jokatu baino kalte handiagoa egiten digunean; herrietan bizitzeko pasaporte heterosexual /familia nuklearra eskatu eta ez daukagula esaten dugun bakoitzean. Lagunartean ere “-…gurean ere horrelakorik badago ala?!” galdera entzuten jarraitzen dugunean. Bizitza erdia bertan bizi eta “forastere” hitza, bueno ez, “forastero” hitza abizentzat izango dugunean beti. Agian haien umeek ez dute abizenik eramango.
Baina guk ez dugu erditzerik nahi. Ez dugu lekuz kanpo uzten gaituen oraina etorkizun bihurtu nahi. Gainera, ez dugu sinesten landa eremuaren despopulazioaren irtenbidea, sistema honek onartutako familia eredu nuklearren etorrera denik. Beste alde batetik, herria antolatu eta makroproiektuen aurrean planto egitea bai da beharrezkoa.
Inposaketaren aurrean antolatu eta aspalditik asmatuta dauden beste bide batzuk zeharkatzen ausartu. Espazioak gureak egin; desafinatzen badugu ere karaokean abestu; garaian garaiko uztak batu; egonezinak partekatu; samurtasunez haserreak bizi eta elkarrekin parre egin; eta negar egin.
Inposatutako hormetan arrakalak sortu, orkatz hark autobia hartan bilatu eta topatu zuen bezalaxe.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!