Lurraren defentsan, Gasteizen elkartuko gara
Datorren maiatzak 20 larunbatean, Gasteizen, lurraldeari erasotzen dioten makro-poiektuak errefusatzeko eta geldi daitezen exijitzeko mobilizatuko gara “Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik!” lemapean.
Izan ere, natur guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara: zentral eolikoak eta makropoligono fotovoltaikoak, Abiadura Handiko trenbide eta azpiegiturak, Goi Tentsioko lineak, meatzaritza proiektu berriak, erraustegiak, negutegi industrialak eta makrogranjak… Horiek guztiak ageri dira Euskal Herriko mapan, jada martxan dauden proiektuak edo laister gauzatzekoak direnak.
Guztiz kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriro ere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko.
Halaber, kostaldean eta eremu turistifikatuetan hedatzen ari diren txikizio eta etxegintza espekulatzailearen ondorioz, porlan azpian betirako galtzen ari gara lurrak.
Proiektu horiek naturguneak eta laborantza-lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea ekarriz.
Hori gutxi balitz, gobernuek enpresa handien interes ekonomikoei lehentasuna ematen diete, eta parlamentuetatik mega-proiektu horien inposaketa errazteko legeak onartzen dira, hala partehartze publikoa eta ingurumenaren gaineko kalteen azterketak erabat murrizten dituzten Espainiako azken legeak, nola udalei, kontzejuei eta lurralde horietako bizilagunei erabakiak hartzeko aukera eragozten dieten Tapia Legea eta gisa bereko legedi nafarra.
Azken aldian, gainera, energia krisiaren eta klima aldaketaren aitzakiaz baliatuz, mendialdeak eta landa eremu zabalak makroproiektu eolikoz eta fotovoltaikoz josi nahi dituzte, biodibertsitatean atzerabueltarik gabeko galera eta balio natural eta paisajistiko handiko guneetan kalte larriak eraginda, baita elikadura bermatzeko ezinbestekoak diren nekarazitza eta abeltzaintza lurren hondamen nabarmena eraginda ere.
Energiaren auziari gagozkiola, energia berriztagarrien ezarpen industrialean eta mega-proiektuetan oinarrituta inposatzen ari den trantsizio energetikoaren eredua errefusagarria da guztiz, enpresa energetiko handien interesei men egiteaz gain, kapitalismoaren hazkundeari eta egungo bizimodu jasanezinari eutsi nahi dien ihesbide bat delako.
Gogor salatu behar dugu, horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak egunotan onartu duen «Energia Berriztagarrien Plan Sektorialak» EAEko lurraldea enpresa energetikoen eta inbertsoreen nahierera atondutako «joko-taula» handi batean bilakatzen duela, eskala handiko 110 zentral eoliko eta fotovoltaikoren ezarpenari bide emanez.
Hain zuzen, Munduko Bankua Barakaldoko BEC-ean elkartuko da maiatzaren 23tik 25era, elite ekonomikoek klima larrialdiaren aitzakiaz baliatuz sustatzen dituzten negozio berriak bultzatzen jarraitzeko. Haien helburu bakarra planeta arpilatzen jarraitzea eta Europako «Next Generation» programaren milaka milioi euroko funts publikoak eskuratzea da. «Trantsizio energetikoa» eta «deskarbonizazioa» bezalako terminoek beren esanahia galtzen dute gaur egungo krisi ekosoziala eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean. Lurralde osoa transnazionalen esku jartzeak, makroproiektuak garatu ditzaten, pobretu egiten gaitu, ahulago eta mendekoago bihurtzen gaitu.
Hori denagatik, herritar eta talde guztiak lurraren defentsan elkartzeko eta beharrezkoak diren ekintzak eta mobilizazioak antolatzea beharrezkoa da. Larunbateko manifestazioa Euskal Herriko toki askotan lurraldea defendatzeko mugitzen ari garen hainbat talde eta pertsonen arteko elkarlanaren emaitza izango da.
Natur eremuak eta laborantza lurrak zaintzea eta babestea ezinbesteakoa da bizitza bermatzeko. Erabakiak pertsonengan jarriko dituzten politikak behar ditugu, eta ez kapitalaren interesetan oinarritutakoak; laborantza lurrak eta etxalde txikiak babestuko dituzten politikak, eta garraio sistema publiko eta sozial bat garatuko dutenak; energia berriztagarrien eredu deszentralizatu eta lokala sustatuko dutenak. Azken batean, natur-ondarea kaltetuko ez duen eta ondasun komuna hobetzera bideratutako eredu bat behar dugu.
Euskal Herriko mendiak, natur guneak, landa eta kostako inguruneak ez dira kapitalak konkistatzeko guneak! Larunbatean arratsaldeko 6etan Gasteizko San Anton Plan elkartuko gara.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!