Garai «beroak»
Udaberri hau bereziki “beroa” izango zela aurreikusi genuen, eta uste genuena baino beroagoa izaten ari dela egiaztatzen ari gara: urtaroaren amaierako egun hauetan pairatzen ari garen tenperatura altuei, zalantzarik gabe, aldaketa klimatikoaren ondorioz (Bide batez, non geratu dira arazo larri honi aurre egiteko adostu nahi ziren neurriak? Antza denez, aparkatu egin ditugu, “literalki ura lepoan eduki” eta larri-larri ibili arte…); baina ez dezagun haria galdu… aipatutako tenperatura jasanezin hauei, egunez egun bizitzen ari garen gertaerak gehitzen zaizkie, zein baino zein zentzugabeago eta kaltegarriago… betikoentzat, jakina! Ukrainako gerrari buruz berriro ez hitz egiteko, luzaroan piztuta mantentzen saiatzen ari direna, alde batetik ekainaren 29 eta 30ean Madrilen egingo den NATO-ren goi-bilerarako giro egokia sortzeko, eta, bestaldetik, balizko hondamendi nuklear baten menpe bizi gaitezen (geldirik nahi gaituzte, kosta ahala kosta, beldurra dela eta… gainera, pentsatzekoa da laster Txinaren txanda izango dela, ez dezagun ahaztu Taiwan! …eta auskalo zer gertatuko den Algeriarekin!) …hurbilago etorriz, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren adierazpenek harritu egin gaituzte; izan ere, naturaltasun harrigarriz, lehen mailako arreta desegiteko eta Osakidetza pribatizatzeko ematen ari diren urratsen berri eman digu. “Kultura-aldaketa”; “herritarrek mugikortasun handiagoa izatea osasun-laguntza jasotzeko”; “erizainek protagonismo handiagoa izatea”; “kontsulta telematikoen erabilera normalizatu”… Eta gero, adierazpen horiekin ez zuela polemikarik sortu nahi esateko agertu da; Eusko Legebiltzarrean behar diren azalpenak emateko prest dagoela; gaizki ulertu omen zaiola… Eusko Jaurlaritzaren arlo publikoa desegiteko politika sobera ezagutuko ez bagenu bezala, hitzez hitz gidoi bati jarraituz (Bruselaren agindupean) gizarte-arlo guztietan (osasungintza, hezkuntza, zaintzak, egoitzak, pentsioak…).
Ahoztar Zelaietak «Hordago-El Salto» Aldizkarian idatzitako artikulu batean, Eusko Jaurlaritzak «Grant Thornton” kontsultariarekin sinatutako 40.000 euroko kontratu baten berri ematen digu, «Osakidetzako Lehen Mailako Arretaren arloko egungo antolaketa-egitura eta baliabideak aztertzeko». Agentzia honek egindako txostenak “enpresa-antolaketa berriaren dogma” deiturikoak jasotzen ditu; horien arabera, zerbitzu publikoak enpresa pribatuen modu berean partekatzen dira… eta hau bat datoz nahiko zehatz Gotzone Sagardui sailburuaren adierazpenekin.
Sindikatuek Osasuneko sailburuaren dimisioa eskatu dute eta manifestazioa deitu dute ekainaren 26rako, Bilbon, Lehen Mailako Arretaren alde. Jakina, manifestazio horretan parte hartzera animatzen zaituztet… baina uste dut Osasuneko sailburuaren dimisioarekin ez dela arazoa konponduko. Eusko Jaurlaritza osoaren dimisioa lortuko bagenu, agian… Izan ere, Gotzone Sagardui EAJren ahotsa baino ez da osasun arloan; eta alderdi honek bere baitan baitarama pribatizazioa.
Hau horrela izanik, borrokan jarraitu behar dugu, sektore publikoaren kudeaketa gure eskuetan hartzeko, hau da, gure bizitzaren kudeaketaz arduratzeko, ezer gabe gera gaitezen baino lehen.
Udaberria «beroa» izan bada, uda eta negua askoz beroago izango direla uste dut, eta ez aldaketa klimatikoaren ondorio bakarrik!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!