Karitatearen hormonak
Ziurrenez guztiok entzun dugu noizbait alaitasunaren hormonen kontzeptua. Izendapena ez da guztiz zehatza, zeren eta, hormonak baino, neurotransmisorez ari baikara. Sentsazio atseginak sortzen dituzten neurotransmisore nagusiak dopamina, serotonina, oxitozina eta endorfinak dira. Molekula hauek sistema nerbioso zentralean ekoizten dira nagusiki eta, kanpoko faktore baten ondorioz, askatzen dira eta beste neurona batzuen errezeptoreetara heltzen dira, sentsazio sorta eraginez. Oraindik asko ikertzeko badago ere, ematen du dopamina desira eta motibazioari lotuta dagoela, serotonina plazerra, lasaitasuna eta umoreari, oxitozina enpatia eta auto-konfiantzari, eta endorfinak analgesia eta euforiari. Egunero gaude molekula hauen efektupean, gure jokaera, harreman sozialak eta gogo-aldartea modulatzen baitituzte. Neurri batean, droga endogenoak direla esan dezakegu, gure gorputzak berak sintetizatutako drogak.
Baina, zerk eragiten du neurotransmisore hauek askatzea? Aski ezagunak dira kanpoko substantzia zein aktibitate asko, besteak beste: janari minak, txokolatea, kirola, sexua, maitemintzea, besarkadak, musika, barre egitea edota gogorapen onak. Aktibitate hauen artean karitatea ere daukagu. Izan ere, ikerketa batzuetan ikusi dute nola dirua emateak aipatutako neurotransmisore batzuk askatzen dituen, ondorengo sentsazio atsegina eraginez. Hau da, karitateak ongizatea eragiten du, eta oinarri kimiko eta fisiologikoa dauka.
Beste batzuekiko pena sentimendupean, erlijioaren agindupean edota sistemaren hedabideetatik zabaldutako propagandapean gauzatuta, Telemaratoia, Domund edota Gobernuz Kanpoko Erankunde askoren diru-bilketa formatuan, karitateak gure ontasunetik poztasunezko sentsazio batean murgiltzeko gaitasuna du, mina gaindituz eta autokonplazentzian blai. Are gehiago, lausengu eta txalo publikoak jasotzekotan.
Gabonetako data “kutun” hauetan, berriro murgilduko gara autokonplazentzian, besteak beste, EITBeren telemaratoiaren harira. Beste behin ere “jendea oso eskuzabala da”, “euskaldunok oso solidarioak gara” eta antzekoak entzun beharko ditugu. Hainbestetan entzun, sinestuko dugula, Goebbelsen adierazpen famatua egi bihurtuz.
Orain eta hemen Goebbelsen funtzioa betetzen dutenek elkartasuna karitatearekin nahastu digute, betidanik egin dutenez. Elkartasuna justizia eta zuzentasuna dauka oinarri, gaitz eta okerkerien konponketarako arreta egituren aldaketan jarriz. Karitatea, ordez, paternalismo eta asistentzialismotik abiatuta dago, egituren ondorioak arinduz egitura-aldaketak ekiditeko. Hain zuzen ere, karitatea sistemak berak bultzatuta dago, izan Elizatik izan burgesiaren hedabideetatik. Sistemarako kaltegabekoa, politikoki zuzena eta benetako erantzukizunak pertsonen limosnen atzean izkutatuta. Statu quo-ren defendatzaileek jakin izan dute aspaldidanik gure neurotransmisore zehatz batzuk aktibatzen, bai. Oinarri zientifikoa ezaguna ez zenean ere. Orain, gainera, ezagutza hau masen psikologiarako beste osagai bat da, manipulazioa sotilagoa izateko. Badakite gure alaitasun eta plazerra nola piztu, baita momentu batzuetan izan dezakegun kontzientzia txarra nola garbitu ere. “Ez negar egin”, guk endorfinekin.
Bakoitzak jakingo du dirua zertan jarri, baina ez dezagun mozorrotu elkartasunez kasu askotan analgesia eta poztasun sentsazio pertsonalaren bilaketa dena. Karitatea tartean, poztasun hormonez baino, agian egoismoaren neurotransmisorez aritu beharko ginateke.
“Zeinen ederra izango den” sistemaren zuloak estaltzeko karitatea egin ordez, sektore publikotik bermatu behar dena benetan ziurtatzea guztiok exijituko bagenu, faltsukeria laketgarrietan murgildu ordez.
Post-data: Norbait interesatuta egotekotan, badaude interneten kamisetak salgai honako lelo honekin (ingelesez): “jasotzen ditut endorfina gehiago limosna ematetik kirola egitetik baino”.
Iñaki Etaio
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!