Azaroak 25: egungo kultura progresista, emakumeon ahaduntzea edo indarkeriaren normalizazioa?
Azaroaren 25a gertu daukagu eta indarkeria matxistaren aurrean hainbat diskurtso eta proposamen politiko kalera aterako dira. Egutegian markaturiko egun honetan hainbat eragilek instituzio burgesen eraldaketa, politika feministen inplantazioa zein prozesu pedagogiko eraldatzaileak aldarrikatzen dituzte. Adibide hauek nazioarte mailan garatutako kultura progresistaren adibide ezin hobeak dira. Arlo ezberdinetan hedatu den kultura forma da honakoa, emakumeon auzian feminismoaren izenean garatu delarik.
Begi hutsez, emakumeok geroz eta indarkeria gutxiago pairatzen dugula pentsa genezake. Baina albisteak irakurrita, bizi dugun testuingurua bestelakoa dela argi dago: Zein da hainbeste hedaturiko kultura progresistaren atzean ezkutatzen den errealitatea? Feminismoaren izenean emandako aldaketa kulturalek emakume langileon kontrako biolentziaren tendentzia beherakorra ekarri al dute?
Gizartearen zentzu komuna geroz eta feministagoa baldin bada ere, krisi kapitalistan bizitzako esparru guztietan biolentziaren gorakada nabarmena dela (pandemiaren aitzakipean ezarritako neurri murriztaileak, presentzia polizialaren areagotzea, bizitzaren garestitzea…) eta emakume langileon kontrako indarkeria matxistak gora egin duela ikus dezakegu. Aurten 57 izan dira gutxienez salatutako erasoak Gasteizen, duela astebete 8 urteko neska batek pairatutako eraso sexuala izanik. Bestalde, 5 izan dira aurten Euskal Herrian eraildako emakumeak, horietako bat gure hiriburuan izan zelarik. Datu ofizialetatik haratago, kaletik beldurrez ibiltzea, kanon estetikoak ez betetzeagatik gure gorputzarekin gustora ez sentitzea zein harreman toxikoak garatzea egunerokotasunean edozeinek bizi ditzakeen arazoak bihurtu dira. Eta hori guztia gutxi balitz, indarkeriaren konplejizaziorako tententzia batzuen aurrean aurkituko garela susma dezakegu, emakume langileon kontrako indarkeriaren forma berriak garatuz. Adibidez, nagusiki gazteoi eragiten digun jazarpen sexuala, sare sozialen bitartez gauzatzen dena, zein Onlyfans bezalako plataformak, emakume proletarioak plazerrerako bitarteko izatera murrizten dituztenak.
Gero eta errealitate miserableago batean murgilduta gaude, honen aurrean agertzen diren proposamen politikoek auziari behar bezala erantzuteko inpotentzian erori direlarik. Ideia askatzaileen garaia da, bai, baina norentzako askatzaileak? Sexu askatasunaren alde eduki sexualeko argazkiak igo eta milloiak irabazten dituen influencerrarentzat, ala argazki berdinak igotzeagatik etengabeko erasoak jasaten dituen neska gaztearentzat? Norentzako da askatzailea: Berdintasunaren alde kristalezko sabaia apurtzen duen emakume magnatearentzat, ala bere bulegoa garbitzera kondenatuta dagoen emakume ekuatoriarrarentzat?
Kultura progresistak, indarkeria bera klaseetan banatutako gizarte baten ondorio ukaezin bezala ulertzen ez duenez, azken instantzian, emakume burgesen ahalduntzea bermatzen du eta emakume langileon kontrako biolentzia areagotzen den bitartean honen normalizazioari bide ematen dio. Horregatik, emakume langilea subjektu azpiratu gisa moldeatzen duen botere burgesa gainditzeko premisarik ez duten proposamen politikoek indarkeriaren epe laburreko gestioan erori dira, errealitate zital hau desagerrarazteko gaitasun errealik gabe.
Honengatik guztiagatik, emakume langileok pairatzen ditugun eraso zein gutxiespen guztiak gainditzera bidean, emakume langileok subjektu azpiratu bezala sozializatuak garen egitura sozial kapitalista gainditu behar dugu, iraultza sozialista gauzatu behar dugu, sozialismoa zapalkuntza guztiak gainditzeko baldintzak jarriko dituen gizarte eredua delako. Eta bide horretan, emakume langileon babeserako mekanismoak garatzen joatea ezinbestekoa izango zaigu. Ez dira garaiak emakume langilea umezurtz uzten duten aldarriak elikatzen jarraitzeko, norabide estrategiko egokiak hautatu eta hauen baitan lan egitea dagokigu. Horregatik guztiagatik, Gasteizko ITAIAtik Azaroaren 25ari begira mobilizazioa antolatu dugu 18:30ean Andra Maritik hasita, sozialismoaren eraikuntzaren aldarriak kalea har dezan.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!